Oiasso Museoak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du urrian

Oiasso Museoa Gipuzkoan Ondarearen Europako Jardunaldiak direla-eta antolatu diren jardueren eskaintzara batu da. Europako Kontseiluak antolatutako ekimena da. “Kulturaren bideak” lelopean, jatorri eta kultura desberdinetako herritarren arteko lotuneetan jarriko da arreta.

Ondarearen balioa azpimarratzeko helburua duen ekimena da, baita hura herritarrei ezagutarazteko eta haren kontserbazioaren garrantziaz sentsibilizatzeko. Ildo horretatik, Oiasso Museoak jarduera egitarau askotariko eta oparoa prestatu du urrirako; tartean, bisita gidatuak Irugurutzetako meategira eta mea kiskaltzeko labeetara, orain irisgarriagoak eta erreserbatzen errazagoak baitira.

Sarrerak online eskuratu

Oiasso museoak sarrerak online erosteko aukera aktibatu berri du. Oiassosarrerak.irun.org ordainketa plataforma erabili beharko da horretarako. Museoak Irun-Oiasso Hiri Erromatarra proiektuaren barruko digitalizazio prozesuaren barruan egin ditu aplikazioa sortzeko lanak, NextGenerationEU funtsen finantzaketa baliatuz.

Museoak urrats hau egin dubisitarientzako eskaintza hobetzeko, zerbitzuak hobetzeko aurrerapen teknologikoak egiteko, destinoko irisgarritasun eta mugikortasuna hobetzeko eta Irun destino turistiko inteligentea bihurtzeko. Nuria Alzaga Kultura zinegotziak esan duen bezala, “NextGeneration EU funtsei esker, hiriko eskaintza turistiko-kulturala hobetzeko gai izaten ari gara, funtsezko zerbait Irugurutzetako meategien ingurunea hobetu ahal izateko edota etorkizun hurbileko Oiasso Museoko termak errealitate bat izateko”.

Irugurutzetako meategia

Irugurutzeta mea kiskaltzeko labeen Euskadiko multzo nagusia da, eta badu meatzarien lan giroa nolakoa zen ikusteko galeria bat. Aiako Harriko eta inguruko ustiapena erromatarren garaian hasi zen, baina Irugurutzetako egiturak garai industrialekoak dira. Bisita larunbatero izango da, 11:00etan, meategiak dauden paraje naturalean bertan.

Helduek 5,75 euro ordaindu beharko dituzte, eta 6 urtetik 14 urtera bitarteko haurrek, 4,00 euro. Erreserbak 943639353 telefono zenbakira deituta egin daitezke, posta elektroniko bidez, edo online, oiassosarrerak.irun.org/ helbidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude