Irunek 2.000.000 euro jasoko ditu Europako funtsetatik Oiassoko termak berreskuratzeko proiektua gauzatzeko. Hala jakinarazi zuen Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Euskadiko Helmugako Turismo Jasangarritasunerako Planaren aurkezpenean. Ekitaldian Miguel Ángel Páez lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkaria izan zen, laguntza horiek jasoko dituzten gainerako proiektuen ordezkariekin batera.
Irungo Udalak Europako finantzaketa-funtsen deialdira Oiassoko termak berreskuratu eta horien balioa aitortzeko proiektua aurkeztu zuen. Funtsak 50.000 biztanletik gorako udalerriei zuzenduta zeuden, eta 2 milioi euro inguruko proiektuen kostuaren % 100 finantzatzeko helburua zuten. Proiektuen exekuzio-epea hiru urtekoa da (2022-24). Azaroan sailburua Oiasso museoan izan zen alkatearekin eta Miguel Ángel Páez Ogasuneko ordezkariarekin batera, aurkeztutako proposamenaren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko.
Bisitatzeko moduko termak
Aurkeztutako proiektuaren xedea da Oiassoko termak berreskuratzea eta bisitatzeko moduan jartzea, bai eta museoa digitalizatzea ere. Horrez gain, beste zenbait neurri ere biltzen ditu, Irun turismo helmuga adimenduna izan dadin (digitalizazioa, seinaleak, komunikazioa eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak). Aurrekontua, guztira, bi milioi euro ingurukoa da.
Oiassoko terma erromatarrak hiriko ondare arkeologikoaren funtsezko pieza bat dira. Azken urteetan, estalita egon dira, museoaren ondoan, eta proiektu honekin berreskuratu eta museoan integratu nahi dira, bisitatzeko moduko gune bezala. Jarduketa honen bidez, hondakin arkeologikoak eta ondarea mantenduko dira, eta turismo-helmugaren eskaintzari gehitu, hala bisitarientzat nola bertakoentzat, esperientzia errepikaezin baten bidez. Ekimen honen bidez, balio historiko eta turistiko handiko puntu enblematiko bat osatuko da, turismoa erakartzeko gaitasuna duena, gainera. Horrez gain, baliabidea hobetuko da, jasangarritasunari eta berezitasunari dagokionez. Jarduketak kalitatezko turismo lehiakor eta dinamizatzailea sustatuko du.
Termak Oiasso museoan eta hiriko gainerako baliabideetan integratuta, eskaintza dibertsifikatuko dugu, eta horrek potentzial handiagoa emango die hiriari eta turismoaren sektore osoari.
Jarduera nagusia terma erromatarrak estaliko dituen eraikina birgaitzea izango da, Irungo Oiasso museoaren ondoan. Arreta berezia emango zaio energia-eraginkortasunari eta zarata eta argi bidezko kutsadura murrizteari, baliabidea eta esperientzia turistikoa hobetzeko (inguratzaile termikoa, LED argiak, klimatizazio eraginkorra, aireztatze-ekipamenduen isolamendu akustikoa…).
José Antonio Santano alkatea oso pozik agertu da albistearekin eta, esan duenez, “bultzada ekonomiko handia da, eta dagoeneko enblematikoa eta ezin bereziagoa den leku batean inbertituko da”. Proiektuari esker, balio historiko eta turistiko handiko eremua indartuko dela azaldu du alkateak, Irun erromatarraren profila indartzeko beste urrats bat emanez. José Antonio Santanoren hitzetan profil horri esker “helmuga erakargarri eta berezia gara, eta bisitariak erakartzen jarraituko dugu, bai eta ekonomia dinamizatzen ere”.
Irunek aurkeztutakoa izan da Euskadi guztian funts horiek jasoko dituen 11 proiektuetako bat eta, Donostiakoarekin batera, Gipuzkoako bakarra.
Beste lerro batzuk
Udalak hilabeteak daramatza lanean Europako ezohiko funtsen bidez irekitako finantzaketa lerroetara proiektuak aurkezteko.
Honako hau da proiektu jakin baterako iritsiko den lehen finantzaketa, baina gogoan izan behar da beste gai batzuekin lotutako proiektuak ere aurkeztu direla, hala nola digitalizazio komertziala, garraio publikoaren elektrifikazioa edo emisio gutxiko eremuaren zabalpena.
Lanean ari gara, gainera, hiriarentzako irismen luzeko beste proiektu batzuetan, hala nola eraikin publikoen eta etxebizitzen eta auzoen birgaitzea sustatzen. Orain artean, Irungo Udalak laguntzen onuradun izateko interesa adierazi du honako proiektu hauek gauzatzeko: Aduana zaharraren eraikina berreskuratzea, Emigrazioaren eraikinaren barnealdea birgaitzea eta Iñigo Loiolakoaren hiri-eremua birgaitzea.