1922ko urtarrilaren 1ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak urte berriaren hasiera dela eta, Irunen albiste diren gertaerak biltzen ditu. Aldizkari hasierako idatzian, 1921. urtearen amaiera aipatzearekin batera, irakurleei aurreko urtean zehar “El Bidasoa” aldizkariaren itxiera saihesteko egindako ahaleginak eskertzen zaizkie. Jarraian, aduanako langileen eta aduanako ikuskariaren arteko gatazkaren azken gertakariak kontatzen dira, 1921. urtearekin arazoak amaitu ez zirela argi utziz. Aldizkariko Yole kolaboratzaileak, berriz, bere haurtzaroko oroitzapenak islatzen ditu, haurrei amek senti dezaketen harrotasunak duen garrantzia helarazteko.
G. Echeverriak, berriz, urte berriak ekar ditzakeen gauza onak eta txarrak aztertzen ditu bere testuan. Gerran hildakoak gogoratzeaz gainera, 1922. urteari bakea eskatzen dio itxaropentsu. Aldizkariko hiru zutabe betetzen dituen kirol kronika luzean hainbat gai aipatzen dira. Batetik, Real Unionek Bartzelonan jokatutako partiduaren emaitzak azaltzeko “El Spor” egunkarian argitaratutako artikulua erabili da. Bestetik, Amuteko zelaian egun horretan bertan jokatutako errugbi partiduaren berri ematen da. Ondoren, 1921eko “El Bidasoa” aldizkariaren azkeneko zenbakian irakurleei Gabonak zoriontzea ahazteagatik barkamena eskatzen dute aldizkariko erredaktore eta kolaboratzaileek, 1922. urterako eskariak argitaratzearekin batera. Bigarren orrialdearen amaieran San Estanislao ikastetxeko Guillermo maisua omentzeko asmoaren berri ematen da, oraindik omenaldia noiz eta nola egingo den argitzeko badago ere.
Hirugarren orrialdearen hasieran, Adrián Picave y Leguia jaunaren heriotza dela eta, hirian antolatutako ehorzketa nolakoa izan zen eta hileta ekitaldian nortzuk parte hartu zuten kontatzen da. Aldizkariaren aurreko zenbakian esne eskasia aipatu moduan, zenbaki honetan arrautzen prezio garestiaz eztabaidatzen da. Azkenik, aldizkaria amaitu aurretik, irakurleek “Notas municipales” eta “Noticias” atal aski ezagunak aurkituko dituzte.