Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi du zabalik dagoela datorren abenduaren 21eko San Tomas egunean Urdanibia plazan txosnak jartzeko eskaerak aurkezteko epea. Deialdia baldintzak betetzen dituzten hiriko kultura, kirol, jolas zein gizarte arloko elkarte guztiei zuzenduta dago, eta eskaerak urriaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ, San Martzial kalea 2) edo Udalaren webgunean (www.irun.org). Guztira sei postu esleituko dira lau lotetan banatuta (kultura, kirola, gazteak/ikastetxeak eta gizarte-elkarteak/GKEak). Onartutako eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda urriaren 19an argitaratuko da hiru egun naturalez, eta zozketa publikoa urriaren 27an egingo da, 19:00etan, Amaia KZko hitzaldi aretoan.
Bide beretik, zabalik dago jada San Tomas azokan nekazaritzako elikagaiak saltzeko eta bertako Fruta, Barazki, Animali zein Ezti Lehiaketan izena emateko epea, urriaren 30era arte. Parte hartu nahi duten pertsona zein erakundeek Udalaren egoitza elektronikoaren bidez tramitatu beharko dute eskaera, “San Tomás – Azoka: produktuen salmenta eta lehiaketa” izapide normalizatua erabiliz. Azokak gehienez 22 lanpostu izango ditu (09:30etik 20:00etara) hiru atal nagusitan banatuta: barazkiak/frutak/landareak, produktu landuak eta baserriko animaliak. Eskaintzen diren postuak baino eskaera gehiago egotekotan, zozketa azaroaren 13an egingo da, 13:00etan, Kultura eta Kirol arloko bilera-gelan.



