Nestor Basterretxearen lana ezagutzeko bi paseo gidatu antolatu dira

Irungo Udaleko Kultura Arloak bi paseo gidatu antolatu ditu Irungo hirigunean barrena, Nestor Basterretxea artistak hirian egon zen bitartean sortu zuen obra ezagutarazteko. Fernando García Nieto historialariaren eskutik egingo dira, urriaren 5ean eta 20an, larunbat eta igandearekin hurrenez hurren, 10:00etatik aurrera, Nafarroa hiribideko iturritik abiatuta.

Lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak gaur goizean emandako prentsaurreko batean nabarmendu duenez, “Udalak hainbat jarduera antolatu ditu dagoeneko Nestor Basterretxea omentzeko eta haren lanaren balioa azpimarratzeko, baina honek ilusio berezia pizten digu”. Nuria Alzagak azaldu duenez, “historialari bati esker, artistak Irunen egin zuen egonaldiaren berri ikasiko dugu, eta, gainera, aire zabalean paseatuko gara, egonaldi horren barruko mugarri nagusietako batzuetatik”.

Bisitak gaztelaniaz izango dira, eta 90-120 minutu iraungo dute. Interesdunek doan eman dezakete izena, cultura@irun.org helbide elektronikoan.

Parte hartzaileak Nafarroa hiribideko iturritik abiatuko dira, eta, Pelegrín de Uranzu karrikan barrena, Sarjia parkeraino joango dira, Basterretxea hirigile jardun baitzen bertan. Gero, Jenaro Etxeandia plazara igoko dira, Aguirre gozotegiko frisoari eta artistak bertan egindako lanari buruzko azalpenak entzuteko. Jarraian, Iparralde hiribideko 4 zenbakiko eraikina bisitatuko dute, autorea Ander Basterretxea anaia eta arkitektoarekin elkarlanean aritu baitzen han. Azkenik, Iparralde hiribideko etxe-lantegira joango dira: Luis Vallet de Montano arkitektoak proiektatu zuen, eta Basterretxea Jorge Oteizarekin batera bizi izan zen han.

Jaiotzaren mendeurrena

Bisita gidatuak Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu diren jardueren esparruan izango dira. Aurrez, aipagarria izan da “Nestor Basterretxea Irunen, 1958-1971” erakusketa, Fernando Golvanoren komisariotzaren pean egina: urriaren 20ra bitartean, Menchu Gal aretoan ikusgai egongo da.

Era berean, familientzako arte tailerrak egiten ari dira, parte hartzaileek Basterretxeak jorratu zituen diziplina artistikoak lantzeko, hala nola marrazketa, argazkilaritza esperimentala, altzarien diseinua, eskultura eta pintura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude