Biriatuko Ikastolako gurasoek eta laguntzaileek bertso saioa antolatu dute martxoaren 26rako, iganderako. Bertso saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da Biriatuko plazan eta, euria egingo balu, elizan egingo litzateke. Ekitaldiaren ostean, giro goxo eta alaiarekin segitzeko zintzurbustitzea egiteko eta etxeko pintxoak jateko aukera egongo da.
Biriatuko ikastolak antolatutako saioan bost bertsolarik parte hartuko dute: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maddlen Arzallus eta Oihana Iguaran. Gai jartzailea berriz, Aimar Karrika izango da.
Saioak bi helburu nagusi ditu. Batetik, Biriatuko ikastola laguntza biltzea. Izan ere, ikastola duela 8 urte sortu zen 5 haurrekin eta aurten 28 ikasle ditu. Bestetik, ekitaldi hau antolatuz Biriatuko herriari eta baita ere Bidasoaren bi aldeetako biztanleei euskararen inguruko lehen mailako jarduera batez gozatzeko aukera eskaini nahi zaie. Hain zuzen ere, Biriatuko ikastola bultzatu eta proiektuari aurrera eramaten ari direnek bertako seme-alabei herrian bertan murgiltze sistema eskaintzeaz gain, herritarrei euskarazko ekimenak proposatzea ere helburu dute. Era berean, martxoaren 26ko bertso emanaldia, ikastolaren proiektuan lagundu dieten eta laguntzen ari dieten guztiei ahalegina eskertzeko aukera izango da.