Behin uda sasoia amaituta, Irungo Udaleko Kultura arloak azken hilabeteetan zehar hirian antolatuko ekitaldien balantze positiboa egin du. Kultura arlotik adierazi dutenez, antolatutako ekintzek ikusle eta parte-hartzaile ugari erakarri dituzte. Era berean, poztekoak dira udak Oiasso Museoan eta Menchu Gal aretoan utzitako datuak: udako denboraldian 12.623 eta 575 bisitari izan dira, hurrenez hurren.
Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariaren hitzetan, uda honetan Irun «bizitzaz bete da» funtsean aire zabalean antolatutako kultur eskaintzari esker, aukera eman baitu «kultura hiriko txoko guztietara eramateko, irundarrek eta bisitariek jarduera ugariz gozatu ahal izateko», eta hori, hein batean, «auzo-elkarteen prestasunari esker izan da, kalitatezko eta askotariko proposamenak biltzen dituen programa bat osatzeko egin duten lanagatik», azaldu du ordezkariak.
Gainera, ordezkaria oso pozik agertu da Oiasso museoan eta, bereziki, Menchu Gal aretoan jaso den bisitari kopuru handiagatik. Azken horretara, hain zuzen, inoiz baino bisitari gehiago joan dira: «lanean jarraituko dugu aretoan maila goreneko erakusketak antolatzeko, hala nola Nestor Basterretxea artistari buruzkoa, betiere aretoa kultur erreferentziazko gune bihurtzeko asmoarekin», adierazi du zinegotziak.
Arrakastatsua bezain anitza
Musika-emanaldiak, antzezlanak, dantza, bakarrizketak… uda guztian zehar, irundarrek eta bisitariek agenda erakargarri bat izan dute eskura, berrogeita hamar bat jarduerak osatutakoa.
Udako agenda guztia aztertuta, nabarmentzekoa da zenbat jende joan zen Irun Hiria Musika Bandaren eta Serafín Zubiriren kontzertua ikustera, uztailaren 20an, bai eta Swingtronics eta Carole Alston & Triok uztailaren 26an 2024ko Jazzaldiaren barruan eskainitakora ere.
Aipagarria da ere, Julen Axpe umoregileak eskainitako Furgonologo ikuskizuna, abuztuaren 16an Nagore Laffage plaza lepo bete zuen eta.
Oiasso museoa, gorabidean
Bestalde, Oiasso Museoak abuztuko amaiera oso balantze positiboarekin ospatuko du. Aurten, Erromako museoak 12.623 bisitari izan zituen ekaina eta abuztua bitartean. Oso datu baikorrak dira: iazkoak gainditzen ditu, orduan 12.305 bisitari izan baitziren, eta gertu geratu dira 2019koak. Orduan lortu zuen museoak udako denboraldiko bisitarien marka, 13.004 pertsonarekin.
Bisitarien jatorriari erreparatuta, talderik handiena irundarrek berek osatzen dute (% 20). Segidan, Gipuzkoako beste udalerri batzuetako bisitariak datoz, gehienak Donostialdekoak, hau da, publiko guztiaren % 18.Espainiako beste autonomia-erkidegoetatik etorritakoak % 12 hazi dira, eta atzerritarren artean nagusi izan ohi diren frantsesen kopurua % 13 murriztu da, aurreko urtearekin alderatuta. Alabaina, Estatu Batuetatik, Erresuma Batutik edo Alemaniatik eta beste estatu batzuetatik etorritako bisitariak % 64 hazi dira.
Urteko programazioaren barruan, museoaren erakusketa iraunkorrak 1.580 bisitari jaso zituen uztailean eta abuztuan. Iazko udako datuen oso antzeko egoera da hori. Aurten, aldi baterako erakusketen bisitak nabarmen hazi dira. «Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurraldeko erreferenteak» erakusketak 1.383 bisitari izan zituen, eta «Ellas Hablan / Emakumeek Diote»-k, aldiz, 1.198. Bi erakusketek batera 2.581 pertsona erakarri zituzten guztira uztailean eta abuztuan.
Erakusketez gain, museoak erreferentziazko beste proposamen batzuk ere baditu, bisitari kopuruaren igoera azaltzen dutenak, hala nola, Dies Oiassonis jaialdi erromatarra, zeinak 5.485 pertsona bildu zituen. Erromatar zirkua izan zen, berriro ere, ekitaldi jendetsuena (1800 bisitari) eta, haren atzetik, Navigium Isidis prozesioa (1200 bisitari) eta Bizinemak antolatutako aire zabaleko zinema-emanaldia (250 bisitari).
Bestalde, Ama Xantalen ermitako ate irekien jardunaldia egin zen abuztuaren 17an eta 18an, eta 700 lagun inguru bertaratu ziren.