Nuria Alzaga Gazteriako ordezkariak Gazteartean bekaren laugarren edizioko ikerketa amaituaren datu garrantzitsuenen berri eman du. Horretarako, lanaren egileak, Sara Gual soziologoak eta Alicia Herrero gizarte-langileak, parte hartu dute aurkezpenean.
Nuria Alzagaren hitzetan, “Gazteartean beka honek aukera ematen digu urtero gazte ekintzaileen espiritua ikerketaren bidez estimulatzeko. Beti da aberasgarria lanen emaitzak ikustea, eta balio digu udalaren eta gazteen artean harreman-lerro berri bat eduki eta haien proposamenak jasotzeko”.
Lanaren emaitzak
Metodologia misto batetik abiatuta egin da azterlana. Horretan, alde kuantitatiboena Irungo 15 urtetik 19ra bitarteko gazteek osasun mentalari buruz duten pertzepzioa eta ezagutza-maila inkesten bidez jasotzera bideratu da. Fase horretan, 276 gaztek hartu dute parte, ikastetxeka honela banatuta: Irungo La Salle (DBH eta Batxillergoa, 202 parte-hartzaile), Mendibil Prestakuntza Zentroa (39 parte-hartzaile) eta Plaiaundi (35 parte-hartzaile). Zati kualitatiboa Martindozenea gaztelekuan zehaztutako eztabaida-talde batean oinarrituta egin da, eta 11 gaztek hartu zuten parte. Talde horrek aukera eman zuen osasun mentalaren gaia zeharka aztertzeko: zer den, nola lagundu pertsona bati mota horretako arazoren bat duenean, edo udalak zer egitea nahiko luketen pertsona horren zaintza sustatzeko.
“Ondorioak berberak dira, eta sendotu egiten dute osasun mentalari buruz ezagutzen dugun ideia; alegia oraindik ez dakigula oso ondo horrek zer ekartzen duen, ezta zer larritasun eta garrantzi sozial duen ere”, adierazi dute ikerketaren egileek. Oro har, ikusten da nahasmen pixka bat dagoela zehaztu behar denean osasun mental ona zer den edo horri lotutako arrisku-portaerak zein diren. Aitzitik, adostasuna dago osasun mentalean diharduten jarduera eta zerbitzuen ezagutzan, eta, gainera, horietan parte hartzea sustatzeko informazio zehatzagoa eskatzen da. Eztabaida-taldearen ondorio nagusien artean, konfiantzazko espazioak sortzeko beharra nabarmentzen da, betiere ulertuta gune horiek leku seguruak direla epaituak izan gabe arazo pertsonal eta emozionalak kontatzeko. Era berean, adierazi zen erabilgarria dela osasun mentalean espezializatutako profesionalak edukitzea espazio propioetan (ikastetxeak, gaztelekuak…) eta komeni dela gaiaren inguruan egiten den lanak forma berriak hartzea (tailerrak, jolas-jarduerak…) informazio-hitzaldietatik haratago.
Proiektua amaitzeko, etorkizunean Irungo Udalak gizarte- eta hezkuntza-arloan nola esku har dezakeen aipatu da, eta esku-hartzeko modua kontuan hartuta, hiru mota bereizi dira: informatzeko eta sustatzeko jarduerak, jarduera ludikoak eta tailerrak, eta jarduera teknologikoak edo teknologia-erabilerakoak. “Proposatutako esku-hartzeen artean, tailer interesgarriak egiteko aukera (grafitiak, kirolak, eskulanak…) nabarmentzen dugu. Kontua izango litzateke tailer horien bidez zeharka eta langile espezializatuekin lantzea Irungo gazteen artean osasun mentalari buruzko sentsibilizazioa, agerikotasuna eta sozializazioa” esan dute amaieran lanaren egileak.
Proiektua Gaztearteanen webgunean kontsulta daiteke, eta esan behar da 2023ko deialdiaren epea irekia dagoela urriaren 5a arte. Informazio gehiago, udal-webgunean.
Gazteartean beka
Irungo Udaleko Gazteria arloak sustatzen duen Gazteartean bekaren xedeen artean daude ekimen sortu berriak autonomoki garatu daitezen laguntzea, gazteen artean ikertze-lana bultzatzea eta akuilatzea eta, aldi berean, udalaren eta gazteen artean lan egiteko lerro berri bat irekitzea.
Ikerketa lanak 8.000 euroko aurrekontua du, eta gehienez ere 8 hilabeteko iraupena, hura esleitzen den egunetik kontatzen hasita. Azken emaitza edo entregatu beharrekoa hainbat formatutan aurkez daiteke: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgaziozko materiala, lankidetza-prozesuak eta/edo parte hartzekoak, etab.). Bereziki interesgarriak dira ikerketa edo ekintza garatzeko momentuan Irungo gazteen parte-hartze zuzena eta aktiboa sustatzen duten proposamenak.
Baloratu egiten dira erabilitako metodologiaren originaltasuna eta berrikuntza, eta hausnarketarako prozesuak integratzea gazteek esperimentatuz eta partekatuz ikas dezaten.