Maider Aizpurua eta Asun Gamindezen neskek gogoz ekin behar izan zioten Mungiaren aurkako partidari baina, oraingoan, bizkaitarrak menderatzea lortu zuten (22-19).
Bi taldeek duela bi hilabete jokatutako norgehiagoka ondo gogoratzen zuten bidasoarrek; aurten jokatutako bigarren lagunartekoa izan zen hura eta bizkaitarren joko azkar eta gogorrak oraindik lan dezente zutela egiteko erakutsi zien. Horren ondoren egindako entrenamenduetan eta Sarako Izarraren aurkako partidan gabezia guzti horiek lantzeko aukera izan zuten eta, larunbatean, Mungiarren kontra, emandako aurrerapauso guztiak nabarmen irudikatu ziren.
Mugakoek Maider Díaz, Helene Tristan, Aitana Garrido, Greta Gutierrez, Laida Rodriguez, Irati Lazkano, Michelle Orozco, Maier Aia, Silvana Ors, Onintza Burguera, Eider Santamaria, Luma Altube, Naroba Catalan eta Garazi Famoso zelairatu zuten. Gainera, Hernani eta Bera Berako bost jokalariren laguntza ere izan zuten, Naroa de la Fuente, Miren Fernandez, Enara Arruti, Alazne Macicior eta Gaia Morris.
Partida oso lehiatua izan zen hasiera hasieratik eta bi alderdiek gogoz ekin zioten defentsan plakatzeari eta baloia erasoan mugitzeari. Atsedenaldia baino lehen Txingudik aurrea hartu zuen markagailuan eta, bigarren zatiaren hasieran, aldea handitu zuen. Azkenengo minutuetan, bizkaitarrek aldea murriztea lortu zuten amaierako 22 eta 19koa ipiniz.
Gizonezkoak, Baztan Menditarraken txapelketan
Larunbat arratsaldean, Zaisa Txingudik Baztango Menditarrak taldeak antolatzen duen zazpiko errugbiko txapelketan hartu zuen parte. Txapelketa hau, denboraldi amaieran ohikoa bihurtu dena, Larraintzarreko eskolan jokatu da aurten eta Menditarrek antolatzen duen jaialdiaren barruan kokatzen da.
Camarero eta Lasaren mutilek lau partida jokatu zituzten, etxeko taldearen eta Iruñaren aurkako joan eta etorri formatuan eta ez ziren bat ere fin ibili, hiru partida galdu eta bat berdindu baitzituzten.
Argazkia (Txingudi RT): Txingudiren talde-argazkia