Fermín Calbetón kalearen berrurbanizazioarekin hiriak parke publiko berria du erdialdean

Fermín Calbetón kalea berritzeko lanen aurrerapenari esker, asteburu honetan, parke publiko berri bat zabalduko da, hiriko lekurik historikoenetako batean, Oiasso Erromatar Museoaren egoitzaren ondoan, zeinak gure iragan erromatarra babesten duen. Jarduketa hau oso garrantzitsua da, hirian zinezko deskubrimendua izango diren espazio berriak sortzea ekarriko baitu, hala nola lorategi eta egonleku berri bat erdigune betean eta Beraketa karrikako kalezuloa, zeina berritu eta eraldatu egingo den.

Hirigintzako ordezkari Miguel Ángel Páezek “hiri bilbearen barruan berdegune atseginak sortzeko ezartzen ari garen estrategiaren barruan” kokatu du jarduketa; “lorategi publiko berri bat, egun beroetan freskura ematen duten elementuz hornitutakoa, lurzoru publikoko udal ekintza hirigintza arloan ere irisgarritasun, ekitate eta jasangarritasunaren aldeko irizpideei jarraikiz arautzeko lantzen ari garen ordenantzaren ildotik”.

Berrurbanizatzen ari diren eremua 1.800 m2 da ia, eta Fermín Calbetón kaleak eta Sarasate eta Beraketa karrikek mugatzen dute.  Ingurunearen eraldaketaren barruan, gauzarik aipagarrienetako bat gaur arte pribatua izan den leku batean lorategi publiko bat sortzea da. Izan ere, badira bi zuhaitz handi, inguruko adierazgarrienetakoak, lorategian gailenduko direnak eta haren antolamendua tankeratuko dutenak: oinezkoentzako bideak sortuko dira haien inguruan, eta altzariekin eta argiekin jokatuz nabarmenduko dira.

Badira zutik utzi eta lorategiaren diseinuan integratu nahi izan diren beste elementu batzuk: garai batean funtsak bereizten zituzten hormak, lorategiak inguruko kaleetatik ere bereizten zituztenak. Bada, moztu, eta banku bihurtuko dira, oinezkoentzako ibilbideen eta egonlekuen ondoan. Lorategia bera 850 m2 inguru izango da. Beraketa karrikan, sarrera bat izango du, eta, Fermín Calbetón kalean, beste bat, eskaileretan gora, lorategia kalea baino gorago baitago eta 3,30 m inguru igo behar baita. Horretarako, lorategiari eusten dioten hormen zati bat eraitsi beharko da.

Eskailera berriak nabarmentzeko eta hiriko paisaian integratzeko, Fermín Calbetón kaleko 5 zenbakiko eta eskaileren arteko hutsunean, lorategiaren sestra jaitsiko da. Gainera, horrela, lorategiak Fermín Calbetón kalera “begiratzea” lortuko da.

Lanen beste alderdi aipagarri bat Beraketa karrikako kalezuloaren berrikuntza da. Beraungo muinoaren gainean dago kalezuloa, Sarasate eta Francisco de Gainza karriken artean, eta Irungo kalerik zaharrenetako bat da: XVII. mendean ere aipatu zen. Galtzada harrizko zolagaina du, ondare arkeologiko gisa katalogatutakoa: egun dagoen bezala kontserbatu behar da, eta, hondatzen joan den zatietan (funtsean, partzela pribatuen ondoko ertzetan), konpondu eta/edo osatu.  Hain zuzen ere, kalezuloa finkatuko da, eta garrantzia emango zaio: mugatzen duten hormak eraitsi eta parkeko zolagaina (kontserbatu beharreko galtzada harrizko zolagainaren ondorengoa) Beraketa karrikara luzatu, eta lorategi berrian integratuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude