Bidasoa ESIko Larrialdi Zerbitzuko 17 medikuk Osasun Bidasoa plataformak zabaldutako gutun ireki baten bidez publikoki salatu dute euren zerbitzuak jasaten duen “benetako egoera” kritikoa. Profesionalek betebehar moraltzat jo dute eskualdeko herritarrei eta gainerako osasun-langileei gertatzen ari dena azaltzea, Osakidetzaren eta bertako Zuzendaritzaren aurreikuspen falta eta geldotasunaren aurrean. Azaldu dutenez, euren kezka nagusia herritarrei eskaintzen dieten osasun-arretaren kalitatearekin eta segurtasunarekin lotuta dago zuzenean.
Dokumentuan jasotzen denez, azken urteetan pazienteen kopuruak gora egin du etengabe. Zerbitzua behar bezala bermatuta egon zedin, plantilla 20 langilekoa izatea adostu zen (5 mediku egunez eta 2 gauez). Haatik, gaur egun lau baja luze ordezkatu gabe daude, eta adingabeen zaintzagatik hiru lanaldi-murrizketa dituzte. Ondorioz, egun askotan hiru mediku baino ez dira geratzen egunez lanean, horietako batzuk esperientzia gutxikoak edota kanpoko profesionalak izanik. Egoera honek azken unean jakinarazitako txanda-aldaketa eta 24 ordura arteko jardun luzeak eragiten ditu, legez ezarritako atsedenaldiak betetzea zailduz.
Medikuek nabarmendu dute taldea erabat nekatuta eta motibaziorik gabe dagoela. Azken hiru urteetan ezusteko ausentziak aparteko txandekin estaltzen aritu ostean, lan-baldintzek eta Pediatriako Larrialdien itxierak eragindako estresak hiru profesionalen ihesa bultzatu du. Egoera prekario honen ondorio zuzenak itxaronaldi luzeak dira, eta horrek, sinatzaileen hitzetan, “deshumanizatu” egiten du pazienteak bere sufrimendu eta zaurgarritasun uneetan merezi duen tratua. Azkenik, Bidasoko eskualdeko herritarrek euren beharretara egokitutako zerbitzuak behar dituztela aldarrikatu dute, eta ez etengabeko murrizketak.



