Anakako etxeen ingurua eraldatzeko lanak hasi dira

José Antonio Santano Irungo alkateak eta Cristina Laborda Obretako ordezkariak Anakako hiribilduei bizitza berri bat emateko lehenengo mugimenduen egoera ezagutu dute. Proiektua, dagoeneko, 2020aren hasieran aurkeztu zitzaion auzoari, baina pandemia agertu izanak eta haren ondorioek hura garatzea eragotzi dute, eta joan den azaroan ekin diote berriz, eremuan makinak sartuta.

Jarduketa horren aurrekontu-zenbatespena 6,8 milioi euro ingurukoa da, eta 20.000 m2-ko azalerari eragiten dio: familia bakarreko etxebizitzen 133 partzela, 15 etxebizitza-eraikin eta 2 ekipamendu-eraikin. Berrurbanizazioa faseka egitea planteatzen da; hau da, arestian azaldutako jarduketaren arabera, lanak eremuz eremu joango dira, inguru guztia osatu arte.

Alkateak gogorarazi duenez, “konpromiso hori hartu genuen bizilagunekin, Anakako etxeak eremu atseginago bat bihurtzeko, irisgarritasun-arazoak konponduz eta guneak sortuz pertsonek auzotik mugitu gabe goza dezaten. Obra luzea izango da, baina beharrezkoa, eta uste dugu emaitzak mereziko duela. Nabarmendu behar da zaindu ditugula Anaka, eta zehazki inguru hau, definitu duten bereizgarri historikoak.

Proiektuaren deskripzioa

Lehen fasean, Florencia Iracheta plazan eta Fabiola erreginaren eta Isabel I.a erreginaren kaleetan ari dira lanean, eta baita azken bi kale horien artean dauden Gaskoi kalearen eta Eulalia infanta kalearen zatietan ere. Fase horretarako bakarrik 2,4 milioi euro bideratuko dira, eta egikaritze-epea 14 hilabetekoa izango da. Enpresa esleipenduna Anaka Aldi Baterako Enpresa Elkartea da. Construcciones Zubieder eta Construcciones Mariezcurrena SL enpresek osatzen dute ABEE hori.

Jarduketaren ildo nagusiek eremurako, oro har, plataforma bakarra marrazten dute, horrela galtzada eta espaloia maila berean uzteko, koloreka bereiziz. Auzotarrentzat eremu atseginagoak sortuko dira, espaloi zabalagoak eginez eta zuhaitz guztiak ordeztuz, gaur egun hondatuta daude eta.

Gainera, egoteko hiru gune sortuko dira. Lehena, Anakatik auzora sartzeko eremuan, egun dagoen autobus-geltokiaren inguruan (mantendu egingo da geltokia). Bigarrena, garrantzitsuena, Florencio Iracheta Quíllez plazan egongo da, biribilgune izatetik egoteko gune izatera pasatuko baita, kirola egiteko ekipamendua jarrita eta itzalguneak sortuta, pergolen, bankuen eta lorategien bidez. Horretarako, trafikoa beste kale batzuetara bideratuko da, eta plazak biribilgune izateari utziko dio. Azkenik, Isabel erregina kalean egongo da hirugarren espazioa, gaur egun aparkatzeko erabiltzen den eremu zabalenean. Bertan, lorategian oinarritutako gune bat eraikiko da: berdegune bat erdialdean eta, haren inguruan, eserlekuak eta mahaiak zuhaitzen artean banatuta.

Azpiegiturei dagokienez, euri-urak biltzeko saneamendu-sarea berrituko da, eta ur zikinak jasotzekoa bere horretan mantenduko da. Horrela, bi sareak bereizita egongo dira, ur mota bakoitza bere aldetik biltzeko. Energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak berrituko dira, orain dauden aireko kableak lurperatzeko. Horrez gain, argiteria publikoa guztiz berrituko da, farol berriak jarrita, jasangarritasuna eta aurrezpen energetikoa irizpide gisa hartuta.  Edateko ura eta gasa banatzeko azpiegiturak egoera onean daude eta, ondorioz, ez da jarduketarik egin behar alor horretan.

Orain arte egindakoa

Obrako lehen lan horietan, saneamendu-sareak ezartzen ari dira, eta, aldi berean, gainerako hiri-zerbitzuen (telefonia, energia elektrikoa, gasa eta argiteria) kanalizazioak egiten ari dira. Joan den astean hasi ziren zolatze-lanak, zintarriak jarrita, eta aurreikusten da datozen asteetan hiri-kanalizazioak jartzeko lanak amaituko dituztela eta bideak eta espaloiak zolatzeko lanetan aurrera egingo dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude