Aiako Harria; ibilbide biribila: Ola, Aitzondoko ur-jauzia, Irugurutzetako labeak, Meazuriko ur-jauzia, Erlaitz, Ola

Iraupena: 5 ordu.

Distantzia: 15,73 km.

Desnibela: 676 m.

P1060510GORKA MARTINEZ

Etxetik gertuko irteera da, aste euritsuetarako aproposa. Aitzondo eta Meazuri ur-jauziak ezagutuko ditugu. Aiako Harria parke naturaleko puntu ezberdinetan ezkutatuta daude, eta ezezagunak dira irundar askorentzat. Horietara hurbiltzera animatu nahi genituzke, ondorengo ibilbidea proposatuz.

Ola Sagardotegian hasten da ibilbidea, Irunen, Aiako Harria natura parkearen oinetan. Albo batean, SL GI 1006 bidetik Aitzondoko ur-jauzira garamatzan kartela ikusiko dugu. Hasieran, zementuzko bidea da. Marka zuri-berdeak jarraituko ditugu. 5 minutuz ibili ondoren, eguneko lehen igoerara iritsiko gara. Hankak berotuko ditugu, altuera hartzen dugun heinean. Bista ederraz gozatu ahal izango dugu laster.

Zementuzko pista utziko dugu, ezker aldera sartzeko (30′). Hodi batzuk zeharkatu, malda txiki bat jaitsi, eta bide zabal batera helduko gara. Aitzondoko ur-jauzira eramango gaituen kartela ikusiko dugu laster (40′). Arroketan gora egingo dugu, kontu handiz, zoritxarrez irundar askok ezagutzen ez duten ur-jauzi ederraz gozatzeko.

Aitzondora iritsi aurretik ikusi dugun kartela dagoen puntura bueltatuko gara ondoren. SL GI 1006 bidea jarraituko dugu, eskaileretan behera. Jaitsiera pikoaren ondoren, Irugurutzetako labeetara iritsiko gara (1:25). Kartelean, SL GI 1006 bidetik jarraituko dugu, Enbidora bidean, oraingoan. Igoera gogorra da, aldapa handikoa. Amaieran dagoen hesian, SL GI 1006 bidea utzi, eta PR GI 1012a hartuko dugu (1:55). Marka berdeak beharrean, horiak segituko ditugu aurrerantzean.

Eskuin aldean dagoen pista hartuko dugu, Meazurirako noranzkoan. Tunelak zeharkatuko ditugu, eta ikuspegi ederra izango dugu eskuin aldean. Aitzondoko ur-jauziaren tamaina ikusiko dugu. Azken tunela zeharkatu ondoren, goiko aldetik ikusi ahal izango dugu ur-jauzia (2:20). Eskuin aldera egin beharko dugu horretarako, errekaren korrontea jarraituz.

PR GI 1012 bidera itzuliko gara gero, eta Meazuri ur-jauzira garamatzan kartelaren norabidea segituko dugu (2:40). Errekaren korrontearen aurka joko dugu oraingoan, hodi batzuen ondotik. Meazuri ur-jauzira helduko gara. Ez da Aintzondokoa bezain ikusgarria, baina merezi du. Atzean utzi dugun kartelera bueltatuko gara, eta PR GI 1012 bidea hartuko dugu berriro, Sorotxikirako noranzkoan.

Poliki igoko gara, Erlaitzeko errepidera ailegatu arte (3:20). Ezker aldera joko dugu, merenderoan atseden hartzeko. Ondoren errepidea jarraituko dugu, 12.kilometroraino. Puntu horretan eskuin aldera doan saihesbidea irteten da. Zementuzko bidea da (3:50). GR-121 bidearen marka zuri-gorriak jarraituko ditugu orain, Saroiaberri baserriraino (4:10). GR-121 bidea utzi, eta ezkerreko saihesbidea hartuko dugu. Hurrengo bidegurutzean ezker aldera egingo dugu berriro (4:45), bidea jarraituta, Ola Sagardotegira iristeko (5 ordu).

Ibilbide gehiago: unpaisenmimochila.blogspot.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude