Martxoaren 10ean izango da hurrengo saioa, Luis Mariano Lirika Elkartearen eskutik
Otsailaren 22an hasi dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Kontzertu Pedagogikoak. Skola Musik akademiak eskaini du lehen emanaldia, Irungo ikastetxeetako 2.DBHko ikasleentzat. Maiatzera arteko egitaraua prestatu du udalak. Emanaldiak goizez izango dira, eskola orduetan, Amaia Kultur Zentroko auditorioan.
Albada Antzinako Musika taldearen ekimenez sortu zen Kontzertu Pedagogikoak programa, duela bi hamarkada. 7 eta 15 urte arteko haurrei eta nerabeei zuzendutako ekimena da (LHko bigarren mailatik, DBHko hirugarren mailara). Zenbait musika taldek kontzertu bereziak eskaintzen dituzte, ikasleen eskola orduetan, Amaia Kultur Zentroan. Programaren helburua azaldu du Josune Gomez Hezkuntza eta Gazteria arloko ordezkariak: “Zirkuitu komertzialetan proposatzen denaren aldean, musika ezberdina entzuteko aukera ematen diegu. Gainera, musikaren alderdi desberdinak ezagutuko dituzte”.
Hiriko ia 4.000 ikasle izango dira entzule eta parte hartzaile, kontzertu pedagogikoetan. Bederatzi kontzertu ezberdin antolatu dituzte, eta hamalau emanaldi egongo dira, guztira, otsailetik maiatzera. Programazioa prestatzerako orduan, ikasleen oporrak eta azterketa garaiak kontuan hartu dituztela baieztatu du Gomezek. Saio anitzak izango dira, estiloei eta taldeen formazioei dagokienez. Abesbatzak, hirukoteak eta talde sinfonikoak ariko dira, adibidez, musika kultua, pop-a, folk-a, rock-a eta jazz-a eskaintzen, besteak beste.
Sola Musik akademiak eskaini du lehen emanaldia, otsailaren 22an, DBHko 2.mailako ikasleei zuzenduta. Akademiako Irene Elizetxeak adierazi du haien helburua zein izan den: “Musika estilo ezberdinak daudela erakutsi nahi izan diegu gaztetxoei. Estilo bakoitzak zertan datzan azaldu diegu, eta bakoitzaren inguruko historia pixka bat ere bai”. Hurrengo saioa martxoaren 10ean izango da, 10:30etan, Amaia Kultur Zentroan. Luis Mariano Elkarte Lirikoak El elixir de amor opera eskainiko du, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleentzat.
EGITARAUA (Amaia Kultur Zentroan):
Martxoak 29: Albada Antzinako Musika taldearen emanaldiak, LHko 5.mailako ikasleentzat. 9:30etan eta 11:0etan.
Martxoak 30: Txistularien Udal Bandaren saioak, LHko 3.mailako ikasleentzat. 9:30etan eta 11:00etan.
Apirilak 26: piano eta biolontxelo kontzertuak, LHko 2.mailako ikasleentzat. 9:30etan eta 11:00etan.
Maiatzak 3 eta 4: Donato Goyeneche Trio taldearen saioak, DBHko 1.go mailako ikasleentzat. 10:30etan.
Maiatzak 10: Ametsa Txiki abesbatzaren emanaldiak, LHko 4.mailako ikasleentzat. 9:30etan eta 11:00etan.
Maiatzak 24: Udal Kontserbatorioko orkestraren kontzertua, DBHko 3.mailako ikasleentzat. 10:30etan.