Ibilbide biribila: Ibardin-Manddale (573m)-Zigorriaga (549m)-Xoldoko Gaina (486m)-Ibardin

Mugako hiru tontor txiki igoko ditugu, Xoldoko Gaineko presara jaitsi eta handik irteera puntura bueltatzeko, ibilbide biribila osatuz. Bista ederrak edukiko ditugu: Aiako Harria, Larrun, Txingudiko Badia, Lapurdiko kostaldea…). Gure inguruaz gozatzeko ibilbide erraza da.

Distantzia: 11,48 km
Gehieneko altuera
: 573 m
Desnibela
: 562 m
Denbora
 3 ordu (geldialdirik gabe)
Tontorrak
Manddale (573m) – Zigorriaga (549m) – Xoldoko Gaina (486m)

Zailtasuna: Erraza.

Ibardingo gainean ekingo diogu ibilbideari. Berako erdigunetik hamar minutura dago. Bentako saltoki guztiak atzean utzi, eta pistan aurrera egingo dugu, Larrun mendiari bizkarra emanez. Ate berdea pasata, igoera sigi-sagatsua jarraituko dugu, parean Jaizkibel mendia ikusten dugun arte. Ezker aldera joko dugu, bide estu batetik. Hurrengo bidegurutzean, ezkerrera egingo dugu berriro, maldan gora, Manddale mendiaren tontorrera bidean (573m). Muinoaren beste aldean, Zigorriaga tontorra izango dugu (549m).

Manddalera bueltako bidearen erdian, ezker aldera jaisten den bidexka hartuko dugu. Baso txiki bat zeharkatuko dugu Xoldoko Gainara bidean. Zenbait bidek bat egiten duten gune batera helduko gara (ordu bete). Eskuin aldera hartuko dugu Xoldoko Gaina tontorrerantz. Kosta aldera jaitsiko gara, mendi-bizkarrean behera, errepide batera ailegatu arte. Bertan hasten den bide estu batean aurrera egingo dugu, borda baten ondotik pasa ondoren, presara iritsi arte. Presako zubia igaro, eta ezker aldera egingo dugu, harrizko pistan aurrera. Hurrengo bidegurutzean, eskuin aldera doan lurrezko pista hartuko dugu. Eguneko azken maldari aurre egin beharko diogu, Ibardinera iristeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude