Etxerik ez dutenek Ospitale Zaharrean aurki dezakete orain babesa

Gurutze Gorriko boluntarioen arreta izango dute udaleko Gizarte Ongizatea arloak antolatutako aterpetxean

Etxerik ez dutenentzako aterpetxea atondu du Irungo Udalak, Ospitale Zaharrean. Irungo Gurutze Gorriak parte hartu du prestaketan, eta erakundeko boluntarioek kudeatzen dute. Azken urteotan, etxerik ez duten pertsonak hiriko pentsioetara eta hostaletara bideratzen zituen udalak, hotzaren aurkako dispositiboaren baitan, tenperaturak 8ºtik behera jaisten zirenean. Orain, ordea, Ospitale Zaharreko hitzaldi aretoan zentralizatu du zerbitzua.
SONY DSC

Kritikak jaso zituen aurreko sistemak, oposizioko taldeen partetik. Hilabete honetan bertan, gaiaren inguruan udalak hartu dituen neurri guztiak “partxeak” izan direla salatu du hiriko Ezker Anitza-IUk. Sergio Corchón Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak onartu du aurreko sistemak, behintzat, “hutsuneak” zituela. Horregatik, inguruko hirietako dispositiboak ezagutzen eta aztertzen aritu direla azaldu du. Joan den urteko Aste Santuan ere, aterpetxea prestatu zuten Ospitale Zaharrean. Esperientzia hura gogoan hartuta, aurten berreskuratzea erabaki dute. “Modelo pertsonalizatuagoa behar genuen, atentzio zuzenago bat eskainiko zuena”, adierazi du Corchonek. Horretarako, Irungo Gurutze Gorriaren elkarlana bilatu du udalak. Botere publikoei lan humanitarioetan laguntzea, erakundearen betekizunetako bat dela argitu du Txema Perez Irungo Gurutze Gorriko presidenteak. Gauetan aterpetxean geratzen den boluntarioetako bat ere bada.

“Modelo pertsonalizatuagoa behar genuen, atentzio zuzenago bat eskainiko zuena”
Sergio Corchón, Gizarte Ongizatea arloko ordezkaria

Hogeita bost esku-ohe jarri dituzte hitzaldi aretoan, izara eta burusiekin. Euskalmeten iragarpenak 8ºtik beherakoak direnean, etxerik ez duen jendeak bertan hartu dezake aterpe. Aurreko sisteman, Udaltzaingoaren egoitzara joan behar izaten zuten aldez aurretik, eta polizia-agenteek eramaten zituzten hostaletara. “Udaltzainen esku-hartzea bigarren mailan utzi nahi izan dugu”, aitortu du Corchónek. Sistema horrek “pobreziaren kriminalizazioa” sustatzen zuela adierazi zuten, iaz, run Ahal Dugu eta EH Bildu taldeek. Orain, zerbitzuaren erabiltzaileak haien kabuz bertaratu daitezke Ospitale Zaharreko aterpetxera, 21:30etatik 23:30etra. Ordu horretatik aurrera sartzen direnak, udaltzainen laguntzaz iritsiko dira. Kalean lo egiten topatzen duten edonori eskainiko diote zerbitzua. Gainera, halako egoera bat ikusiz gero, abisua pasatzeko eskatu diete hiritarrei.

Txema Perez Gurutze Gorriko arduradunak baieztatu du ez dutela inor diskriminatuko: “Ez zaigu inporta zein den erabiltzailearen jatorria, sinismena edo ideologia”. 10-12 erabiltzaile inguru hartu dituzte, gau bakoitzeko, lehen asteetan. Erabiltzaileen kopurua oso egonkorra dela aipatu du Perezek. Iristen direnean, harrera egin eta edari beroa eskaintzen diete, hasteko. Erabiltzaile berriak baldin badira, esku-oheak, izarak eta burusiak ematen dizkiete. “Eurenak direla sentitzea gustatzen zaie. Hurrengo egunean, haiek utzi zituzten bezala daudela ikusteak, konfiantza ematen die”, azaldu du Perezek. Gero, akonpainamendu lana egiten dutela azpimarratu du Gurutze Gorriko kideak. Larria izanik, egoera humanizatzen saiatzen direla.

“Guk erabiltzaileen ondoan pasatzen dugu gaua, haien esku-ohe eta baldintza berdinetan”
Txema Perez, Irungo Gurutze Gorriko arduraduna

Bizi dituzten errealitate gogorrengatik, erabiltzaileak pertsona itxiak izaten direla adierazi du Perezek. Buruko gaitzak dituzte, gainera, horietako askok. Hala ere, Gurutze Gorriko boluntarioekin gertutasun harremana sortzen dela azaldu du Perezek: “Kontuan hartu behar da guk haien ondoan pasatzen dugula gaua, esku-ohe eta baldintza berdinetan. Keinu txiki horien eragina nabaritzen da, erabiltzaileek Gurutze Gorriko boluntarioekiko duten tratuan”. Goizeko 9:00etan irteten dira erabiltzaileak aterpetxetik, eta 10:00etatik aurrera, Ospitale Zaharrean bertan dauden Gizarte Jantokiko eta Topaguneko zerbitzuak erabil ditzakete. Egunero garbitzen dute aterpetxea, baina ez dute desmuntatzen, hasieran horixe aurreikusi zuten arren. “Aretoaren gainerako erabilerak ordezkatzeko, Palmera-Monteroko zentroa dugu orain eskura”, argitu du Sergio Corchónek.

Esperientzia aberasgarria da boluntarioentzat

20-50 urte arteko gizonezkoak dira aterpetxearen erabiltzaile gehienak. Haien %80 inguruk jarraitasunez baliatzen dute zerbitzua. Iragaitzaz egoten dira bakar batzuk, beste nonbaitera bidean. Haiekin gaua pasatzen duten boluntario gehienak, gazteak dira. Hamazazpi laguneko poltsa du Irungo Gurutze Gorriak. “Behar izanez gero, handitu ahal izango genuke”, aipatu du Perezek. Gazteak izanagatik ere, formazioa eta esperientzia dituzte boluntarioek. Esate baterako, aterpetxean geratzen denetako bat, Osasun Larrialdietako teknikaria izaten da. “Boluntarioentzat esperientzia pertsonal bakarra da, berdingabea. Oso hunkigarria dela esan izan dute gehienek”, azaldu du Txema Perezek.

Gizartearen gehiengoarentzat ikusezina den kolektiboa gertutik ezagutzeko aukera dute boluntarioek. Erabiltzaileen errealitatearen berri izan dute. “Harrigarria iruditu zait nola utzi dituzten aurreiritziak eta beldurrak alde batera”, onartu du Perezek. Halakorik izanez gero, Ospitale Zaharreko aterpetxean gaua pasatzera gonbidatu du jendea: “Ziurtzat ematen dugu gure lanpostuak edo gure osasunak betirako iraungo dutela. Guri ere gerta dakiguke, eta ez gara konturatzen. Aurreiritziak ezjakintasunetik datoz”.

Gaueko Zentroaren proiektua du udalak

Behin-behineko formula da Ospitale Zaharreko aterpetxearena. Izan ere, Gaueko Zentroaren proiektua lantzen ari da Irungo Udaleko Gizarte Ongizatea arloa. Haren zerbitzua “egituratuagoa” izango dela adierazi du Sergio Corchón ordezkariak: “Zerbitzu gehiago eskainiko ditu”. Ospitale Zaharrean bertan egitea aurreikusten dute, Gizarte Jantokiaren eta Topalekuaren ondoan. Urte osoan zehar egongo da martxan, eta logelak eskainiko ditu bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat. Hori da, hain zuzen ere, indarrean dagoen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karteraren baldintzetako bat. Hortaz, proiektua “lehentasunezkoa” dela aitortu du Sergio Corchónek, legealdiaren amaierarako, behintzat, prest eduki nahi dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude