Goiztiarra izan da Sara Olaizola (Irun, 1997), futbolean eman dituen urrats guztietan. Ondo hausnartu ditu, dena den, eta urrun eraman dute, gainera. Hamazazpi urterekin hasi zen Bigarren Mailan, etxeko klubean, Mariñoko emakumeen talde nagusian. 2016/2017 denboraldian, Emakumeen Lehen Mailan ari da, etxetik gertu, Oiartzun Kirol Elkartean. Lehen itzulian, sufritzea egokitu zaie berdeei, eta jaitsiera postuetatik irten ezinean ibili dira. Bigarrenaren hasieran, ordea, lehen garaipenak lortu dituzte, Espanyolen eta Albaceteren aurka. Aurrerantzean, gorako bidea jarraituko dutela uste du Olaizolak. Espero baino gehiago parte hartzen ari da erdilaria, eta pozik dago esperientziarekin.
Mariño Kirol Elkartean eman zenituen lehen urratsak. Nola hasi zinen?
Eskolako lagun batek proposatu zidan harekin Mariñon hasteko, eta animatu nintzen. Hasieran mutilekin ibili nintzen, gero nire mailako neskekin. Guztira bederatzi urte egin ditut klubean.
Zure belaunaldiak emaitza onak lortu zituen gazte mailatan.
Kadete mailan Gipuzkoako Txapeldun izan ginen behin, eta Jubeniletan, bi aldiz segidan. Hortik aurrera Bigarren Mailako taldean egon gara, eta mailari eusteko helburua lortu dugu.
Hamazazpi urterekin hasi zinen Bigarren Mailako taldean. Nolako esperientzia izan zen?
Hasieran zalantzak izan genituen, oso gazteak ginelako. Behin hasita gustura sentitu ginen, eta taldekideek, helduagoak zirenez, laguntza handia eman ziguten.
“Nire burua frogatu nahi nuen, ikusteko ea gai nintzen Lehen Mailan lehiatzeko”
Noiz jaso zenuen Oiartzun K.E.ren deia?
Aurreko denboraldian deitu zidaten, eta denboraldiaurrea haiekin egiteko aukera izan nuen. Azkenean erabaki nuen Bigarren Mailan beste urte batez gelditzea, gehiago ikasteko asmoz. Oraingoan pausua ematea erabaki dut, uste dut jauzia egiteko momentua zela. Nire burua frogatu nahi nuen, ikusteko ea gai nintzen Lehen Mailan lehiatzeko.
Nolakoa izan da harrera Oiartzunen? Ondo egokitu zara?
Jende heldua eta gaztea dago, denetarik. Hala ere, ni taldeko jokalari gazteena naiz, eta lotsati samarra naizenez, hasieran pixka bat kosta zitzaidan. Baina oso jatorrak dira denak, eta giro ona dago taldean. Berehala sentitzen zara gustura, etxean egongo bazina bezala.
“Erritmoa oso ezberdina da, bai partidetan, baita entrenamenduetan ere”
Futbolari dagokionez, alde handia dago Bigarren Mailatik Lehen Mailara?
Nire ustez bai, batez ere intentsitate aldetik. Erritmoa oso ezberdina da, bai partidetan baita entrenamenduetan ere. Horretara egokitu beharra dago. Arlo fisikoan eta teknikoan ere, gehiago eskatzen du mailak. Jokalariak oso onak dira.
Hasiberria izanagatik ere, parte hartze handia eduki duzu orain arte.
Egia esan, denboraldiaren hasieran pentsatzen nuen gutxiago jokatuko nuela. Baina azkenean, minutu asko edukitzen ari naiz, eta oso eskertuta nago aukera honekin.
Ligako lehen itzulia nahiko gogorra izan da zuentzat.
Jokalari asko aurten iritsi gara, eta ondo elkar ezagutu arte, denbora behar izan dugu. Hala ere, gero ondo lehiatu dugula esango nuke, nahiz eta ez diren emaitza onak iritsi. Bigarren itzulia ondo hasi dugu, lehen garaipenarekin, Espanyolen etxean. Oso pozgarria izan zen, jendea zoratuta zegoen. Espero dugu hemendik aurrera gehiagotan gertatzea.
Hemendik aurrera hobetzen jarraitzeko, zer falta zaio taldeari?
Azkenean dinamika txar batean sartuta geunden, eta garrantzitsuena hori aldatzea zen. Orain beste intentsitate puntu bat edukiko dugu, eta uste dut errazago lortuko ditugula emaitza onak. Azken aldian gehiago iristen ari gara arerioaren atera, eta horrela jarraituz gero, golak iritsiko dira.
Zein da zuk aurten jaso duzun irakaspen nagusia?
Ametsak lortzeko borrokatu beharra dagoela. Azkenean, esfortzuarekin eta lanarekin, dena lor daitekeela.