Egindako lanari segida emateko prest

Denboraldiaren bigarren zatiari ekingo dio Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak

Munduko eskubaloi txapelketa tarteko, hilabete eta erdiko etena izan du Asobal Ligak. Atseden hartzeko eta entrenatzeko, denerako denbora izan du Bidasoa-Irunek. Otsailarekin batera, ordea, bueltan da goi mailako eskubaloi liga. Etxean, Artalekun hasiko dute bidasoarrek bigarren itzulia, Villa de Arandaren aurkako lehiarekin (Otsailak 4, 17:00). Ondoren, beste zenbait aurkari zuzen ere pasako dira Irungo kiroldegitik. Lau puntuko errenta du orain Bidasoak jaitsiera postuekiko, eta egoera horri eusteko helburuarekin helduko dio berriro lehiari.

Denboraldiaurre txiki bat prestatu du Jacobo Cuétara entrenatzaileak urtarrilean. Bi entrenamendu berezi egin ditu gainera Bidasoak, Billère eta Zarautz taldeekin batera. Bi lagunarteko partida ere jokatu ditu, Asobal Ligako Sinfinen eta Huescaren kontra. Lan saioetan prestatutakoa probatzeko balio izan dutela aitortu du entrenatzaileak. Etenaren beste alde positiboa da min hartuta zebiltzan jokalarietako batzuk osatu ahal izan direla. Atsedena behar zutela aipatu du Asier Zubiria atezainak: “Nik uste onuragarria izan dela. Lehen itzulia justu samar bukatu genuen”. Ligako azken jardunaldietako emaitzetan nabari da beheraldia, Valladoliden eta Morrazo azken sailkatuaren aurka galdu baitzuen Bidasoak. “Sentsazio gazi-gozoa gelditu zitzaigun, aurreko hilabeteetan lehiakorrak izan ondoren, aurkari zuzenen kontra puntuak ateratzea kosta zitzaigulako”, aitortu du Jon Azkue jokalariak.

Hamaika punturekin ekingo dio Bidasoak bigarren itzuliari. Jaitsiera postuetan dauden Morrazok eta Benidorm-ek baino lau gehiago ditu. Konforme egoteko moduko egoera dela uste du Jacobo Cuétarak, taldea nondik datorren kontuan hartuta: “Iaz igo zen taldea. Denboraldiaren hasieran, entrenatzailea, sistema eta jokalari asko berriak ziren. Lesio batzuk izan ere ditugu. Eta gainera, egutegi konplikatua eduki dugu”. Gorabeherak izan ditu Bidasoak lehen itzulian, baina tarte batzuetan, oso lehiakorra izan da. Zentzu horretan, Asobal Ligako azken esperientziarekin alderatuta, aurtengoa zeharo ezberdina izaten ari dela azaldu du Jon Azkuek: “Orduan asko sufritu genuen, emaitzarik lortzen ez genuelako. Zaila da urte osoa horrela pasatzea. Aurten, aldiz, disfrutatzen ari gara, eta gainera, puntuak lortzen”.

Aurten disfrutatzen ari gara, eta gainera, puntuak lortzen”
Jon Azkue, jokalaria
Taldeak oso argi eduki du pausoz-pauso joan beharra dagoela”
Asier Zubiria, jokalaria
Kolektibo gisa funtzionatzen ez baldin badugu, ez gara lehiakorrak izango”
Jacobo Cuétara, entrenatzailea

Edonoren aurka lehiatzeko gaitasuna duela erakutsi du aurtengo Bidasoak, eta balentria batzuk ere egin ditu, Granollersi irabaztea (28-27) edo Anaitasunaren aurka berdintzea (23-23), esaterako. Hori dela eta, momenturen batean klubaren inguruan eta zaleen artean bestelako itxaropenak piztu izana ulertzen du entrenatzaileak. Baieztatu du, dena den, haiek ez dutela inoiz iparra galdu. Ados dago Asier Zubiria: “Esperientzia pixka bat badaukagu, eta badakigu denboraldiak oso luzeak direla. Guk oso argi eduki dugu pausoz-pauso joan beharra dagoela, eta helburua mailari eustea dela”.

Momentu txarrak ere izan ditu taldeak, eta horietan, balio handiko irakaspenak jaso dituela uste du Cuétarak: “Taldearen garrantziaren jabe egin gara. Jokoaren arlo ezberdinetan kolektibo gisa funtzionatzen ez baldin badugu, elkar babesten ez baldin badugu, ez gara lehiakorrak izango”. Taldearen osaerak eragina du izaera kolektibo horretan. Jokalari bakoitzak bere betekizuna du, eta denek egin dute haien ekarpena lehen itzulian zehar. “Taldeari ia ez zaio nabaritzen une bakoitzean nor ari den jokatzen. Konbentzituta nago horrek epe luzean etekina emango duela”, azaldu du Jon Azkuek.

Lehen itzulian, Europako lehian dauden bost taldeetatik lau hartu ditu Bidasoak Artalekun. Bigarrenean, ordea, ligaren amaieran mailari eusteko borrokan egon daitezkeen zenbait aurkariren aurka jokatuko du etxean: Villa de Aranda, Puente Genil, Guadalajara, Huesca edo Valladolid. Asier Zubiria kapitainak, dena den, ez die aurkariei erreparatu nahi izan: “Mailari eusteko helburua duen talde batek, etxean indartsu izan beharra du, etorriko diren taldeei gehiegi begiratu gabe”. Lehen itzulian Artalekuko beroak eragina izan baldin badu, are handiagoa izan daiteke bigarrenean, jokoan dauden puntuak erabakigarri izaten hasten direnean.

Kopako zortziko finaletik bi urratsera

Mailari eusteko helburuaz gainera, beste ilusio bat ere badu Bidasoak. Kanporaketa bakarra falta zaio, Errege Kopako zortziko finalerako sailkatzeko. Benidorm-en kontra bi neurketa jokatuko ditu martxoan. Aurrera egiten baldin badu, zortziko finalean parte hartuko du Bidasoak, Asobal Liga amaitu ondoren. “Arrakasta handia litzateke. Prestigio handia ematen du, eta garrantzitsua da denontzat”, aitortu du Cuétarak.

Iritsiz gero, ligako talde onenekin lehiatu beharko luke Bidasoak. Erronka zaila izango litzateke, baina entrenatzaileak ez du ilusioa ezkutatu: “Ez da ahaztu behar, zortziko final batean egonez gero, bi neurketa irabazita final handi bat jokatzeko aukera duzula, eta Europa mailan lehiatzeko txartela lortzearena”. Asier Zubiriak esperientzia du Kopako fase finaletan, eta bertara iristeko ahaleginak merezi duela uste du: “Hiruzpalau egunetan jokatzen den txapelketa da, oso-oso polita”. Helburu nagusia beteta, denboraldia borobiltzeko aukera ederra izan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude