Kontsumoaren aldaketei aurre egin nahian dabiltza Irungo merkatariak
Los Boesen, Don Gatoren eta Union Radioren kasuak izan dira entzutetsuenak aspaldi honetan. Ez dira, ordea, hirian gero eta larriagoa den errealitatearen adibide batzuk baino. Mugan elkartearen datuen arabera, berrehun denda, taberna edo jatetxe baino gehiago itxi dituzte azken hiru urte honetan Irunen. Hiriko merkatariek momentu “zaila” bizi dutela baieztatu du Tomas Maeztu Mugan elkarteko gerenteak. Kontsumoak behera egin du, ohiturak aldatu dira, eta merkatari txikiek zailtasun handiak dituzte negozioa aurrera atera-tzeko. Irungo zerbitzuen sektorea kolokan dabil.
Moldatzeko ahalmena izan dute irundarrek historian zehar. Aduanak izan ziren garai batean motore ekonomiko nagusi, 1993an sektorea krisian sartu zen arte. Garraioak hartu zuen lekukoa ondoren. Ondoren, zerbitzuen sektorera bideratu zuen etorkizuna irundarren zati handi batek. Irungo ekonomiak gora egin zuen mende hasierako barealdian. Baina garai txarrak heldu dira berriro. %17tik gorako langabezia tasa dauka Irunek, Lanbideren datuen arabera, Gipuzkoa osoko handienetarikoa. Estualdi ekonomikoak gogor kolpatu du zerbitzuen sektorea. “Krisia beranduago iritsi da Irunera, baina aspaldi nabaritu dugu haren eragina”, azaldu du Casa Mirón dendako Daniel Thalamasek.
Kontsumoak behera egin duela baieztatu du Tomas Maeztuk. Bezeroen ohiturak azkar aldatzen dira, eta merkatariek egokitu behar izaten dute. Askotan zaila izaten dela aipatu du Thalamasek: “Hamar urtetan merkataritzak izan duen bilakaera ikaragarria da. Internetek eta teknologia berrien munduak irentsi egin gaitu”.
Berrikuntzak barneratzen asmatu duenak malda leunagoa aurkitu du bidean. Hala ere, modernizazioak ez du arrakasta ziurtatzen. Aurkari erraldoiak sortu zaizkio merkatari txikiari. Estatuko eta nazioarteko frankiziek hartu dute hiriaren erdigunea. “Kalte handia egin digute, baina horrekin bizi beharko dugu derrigorrez. Arrain handiak txikia jaten du beti”, gogorarazi du Calzados Marisako Begoña Larrartek.
Nola egin tokiko merkataritza erakargarri?
Bestelako arazoak ere baditu Irungo merkataritzak. Eskualdeko kontsumitzaileez gain, Iparraldeko eta Nafarroako bezero ugari izan dituzte urtetan erdiguneko dendek. Baina azken aldian Donostiara edo merkatal zentro handietara joateko ohitura hartu dute. Bezeroak berreskuratzeko, hiriak “erakargarri” izan behar duela nabarmendu du Maeztuk. Begoña Larrartek argi dauka zer den helburua betetzeko egin beharrekoa: “Sarrera hobeak eta doako aparkalekuak behar ditu Irunek. Autoan etorriz gero, erosoagoa da Txingudira, Garberara edo Donostiara joatea”. Udalak Ficobako aparkalekuaren alternatiba planteatu du, baina momentuz ez du arrakastarik izan. “Gaur egun etxeko atarian utzi nahi dugu denok autoa”. Erakundeena da, beraz, erantzukizunaren zati bat. “Norberak bere neurriak har ditzake, baina gu eguneroko lana ondo egiten ahalegintzen gara”, adierazi du Mugan elkarteko gerenteak. Merkatari txikiek argi dute zer den frankizia handien aurrean berezi egiten dituena. Produktuaren kalitateaz gain, bezeroarenganako harremana azpimarratu du Begoña Larrartek: “Arreta askoz per-tsonalagoa da. Konfiantza eta ardura eskaintzen ditugu”. Jarduera ekonomikoaz gain, bestelako onurak ere ekar ditzake merkataritza txikiak. “Bizitza ematen dio hiriari, harremanetarako guneak sortzen ditu”, azpimarratu du Maeztuk. Tristea li-tzateke dendarik edo tabernarik gabeko hiria.