Nazioarteko lehia helburu

Espainiako selekzioko ontzietan sartzeko lanean dabiltza Aitzpea Gonzalez eta Ander Legazkue

Guadalquivir ibaiko uretan aritu dira Santiagotarrak Kirol Elkarteko Ander Legazkue (1997) eta Aitzpea Gonzalez (1998) arraunlariak, otsailaren 12tik 19ra. Astebetez izan dira Sevillan, 23 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin kontzentratuta. Udaberrian eta udaran nazioarteko txapelketetan parte hartuko duten ontzietan lekua lortzeko helburua dute biek.

Bidasoa aldeko negu hotza atzean utzita, gustura ibili dira arraunlariak Sevillan. Eguraldi eguzkitsua eta tenperatura gozoak topatu dituzte Andaluzian. Eragozpen bakarra, haizea izan dela adierazi du Aitzpea Gonzalezek: “Gainerakoan, baldintza onak eduki ditugu. Ibaia zabala da Sevillan, hemen ez bezala”. Pisu astuneko lauko ontzian entrenatzen ibili da Gonzalez. Ander Legazkue taldekideak, aldiz, pisu arineko zenbait ontzi probatu ditu. “Federazioaren lehentasuna bikoa da, horretan lehiatuko dira arraunlari onenak”, adierazi du Legazkuek: “Nik ahalegina egingo dut, baina zaila izango da bikoan egotea. Bestela, laukoan egon nahi nuke”.

“Baldintza onak eduki ditugu. Ibaia zabala da Sevillan, hemen ez bezala”
Aitzpea Gonzalez

Edonola ere, otsaileko kontzentrazioa ez da erabakigarria izan. Aste Santuan osatuko dituzte behin-betiko ontziak, Kataluniako Banyolesen egingo duten estropadaren ondoren. “Orduan, ahalik eta maila onena ematen saiatu behar dugu, bertako emaitzek denboraldia markatuko dutelako”, azaldu du Ander Legazkuek. Selekzioko ontzietan sartzea eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzea da Santiagotarrak-eko bi arraunlarien helburua. Atzerrian egon izan dira, lehenago, jubenil mailan, Gazteriaren Kopan. Gazteen Europako Txapelketa baten modukoa da. Aurten, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketa dute erreferentzia nagusi. Uztailaren amaieran izango da, Bulgarian.

Selekzioaren mailan aritzeko ahaleginak

Zortzigarren urtea dute Legazkuek eta Gonzalezek Santiagotarrak K.E.n arraunean. Infantil mailan hasi zen lehenengoa, eta alebin mailan bigarrena. Gustura dabiltza gaur egun, baina onartu dute, goi mailan aritzeko, ahalegin handia egin beharra dagoela. Egunero entrenatzen du Ander Legazkuek, eta asteburuetan, lagunak afaltzera edo parrandan ateratzera doazenean, berak etxera joan behar izaten du. “Goizeko zortzietan entrenatzen dugu igandeetan”, azpimarratu du. Automozio gradua ikasten dabil, eta praktikak egin behar ditu orain: “Ez da erraza dena uztartzea, baina helburuak betetzen dituzula ikusten baldin baduzu, egindako esfortzuak merezi du”.

Gogo handia behar da maila honetan entrenatzeko”
Ander Legazkue

Aitzpea Gonzalez unibertsitatean hasi da aurten, Fisioterapia ikasten. Bilbon bizi da, kirolarientzako egoitza batean. Baldintza egokiak ditu, gimnasioa egoitzan bertan duelako, adibidez. Dena den, desabantailak ere baditu bere egoerak: “Gogorra da, entrenatzailearen eta taldekideen falta nabaritzen dut. Bakarrik entrenatzea ez da erraza”. Korrika eta igeri egitera joaten da batzuetan, eta pisuak altxatzen eta ergometroan aritzen da, gimnasioan, bestetan. “Gogo handia behar da maila honetan entrenatzeko”, aitortu du Ander Legazkuek. Motibaziorik ez zaie falta, momentuz. Selekzioaren dinamikan sartzeak, gainera, bultzada berezia eman die biei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude