Uztaila eta abuztua pasata, hiriak jaso duen turismoaren inguruko balorazioa eskaini du Irungo Udalak. Turismo datuen irakurketa baikorra egin du Miguel Ángel Páez Sustapen Ekonomikoko ordezkariak. Eguraldia aproposa izan ez den arren, gora egin du turismo bulegora hurbildu den bisitarien kopuruak. 4.500 izan dira aurten, Espainiako eta Frantziako Estatuetakoak gehienak.
Hotelen okupazioari dagokionez, %90a gainditu da abuztuan. Uztailean, berriz, %80ra ere ez da iritsi. Uztaileko eguraldia izan da diferentzia horren arrazoietako bat. Eguraldia dela eta, gainera, merkataritza-turismoa izan da nagusi Irunen. “Turismo bulegotik pasa diren bisitari gehienek gune komertzialei eta gastronomikoei buruzko informazioa eskatu dute”, azaldu du Páezek.
Luis Mariano, udako izarra
Bisitari gehien erakarri dituzten jardueren artean, Luis Marianoren ingurukoak azpimarratu ditu. Kantariaren jaiotzaren mendeurrena ospatu du Udalak, hainbat ekintza antolatuta, ospatu ere. Horien arrakasta “begien bistakoa” dela baietsi du zinegotziak: “Bisitari askok, fran-tziarrak gehienak, Luis Marianoren inguruko programazioaz galdetu dute. Gainera, Irungo Udalak argitaratutako Pedro Usabiagaren liburuak arrakasta handia lortu du, salmentei dagokienez”. Aurtengo jardueren ondoren, aurrerantzean ere Luis Marianoren irudiak erakargarritasun turistikoa sortuko duela uste du Irungo Udalak.
Artista irundarraren inguruko jarduerak alde batera utzita, beste hainbat hitzordu ere izan dira Irunen udan zehar. Uztailean antolatutako Dies Oiassonis jaialdi erromatarra da horietako bat. Irunen an-tzinako iraganak ere bisitariak erakartzen dituela nabarmendu du Miguel Ángel Páezek: “Ehunka bisitari pasa dira Oiasso museotik, eta beste hainbeste izan dira tren erromatarraren ibilbidean parte hartu dutenak”.
Eta Santiago bideak ere bisitariak erakarri ditu Irunera. Erromesen aterpetxean 4.500 lagunek hartu dute ostatu udan; hau da, iaz baino %12 gehiago dira.
Uztail-abuztuetan gora egiten du beti Irunek jasotzen duen bisiten kopuruak. Baina Udalak urte osorako emendatu nahi du turismo eskaintza.