Iritzia. Yurre Ugarte. Pintzelaren piztia

yurre Menchu Gal
Gaur egungo ikasle gazte bati galdetu ezkero: zenbat margolari ezagutzen dituzu? eta, zenbat emakume margolariren izen aipa ditzakezu? Ez genuke erantzun luzeegirik jasoko, ziurrenik. Galdera horiexek pertsona heldu askotxok ere ezingo lituzke erantzun komeririk gabe, egia. Pintura arte guztietarik gutxienena/minoritarioena izan ohi da; gainera, heziketa ofizialean “plastikaren” baitan baztertua eta gutxietsia dago nolabait (gainerako Europako herrialdeetan ohi denarekin alderatuta behintzat). Emakume margolariak existitu, beti existitu diren arren, pinturaren historia ofizialak gutxietsi, baztertu edo ahaztu ditu. Hala ere, eztabaidagai interesgarria da oraindik orain ematen den emakume margolari edota artista plastikoen urritasuna, baita badirenek duten oihartzun eskasa ere; hau da, emakumeak unibertsitatera heltzeko trabarik ez daukan honetan, arte museoak denontzako doan eta nonahi ugaldu direnean, artearen ustezko “demokratizazioaren” garaian, edota artearen merkatuaren garaian. Irunen artista horietariko bat bagenuen, 2008an hil zena, Menchu Gal, eta dugu, haren obraren lagin bat ikusgai baitago bere izena daraman erakusketa-gelan. Bidasoko pintura tradizioaren maisuetako batekin, Gaspar Montes Iturriozekin, eman zituen lehenengo zertzeladak Menchu Galek gaztetan, gerora ibilbide oparo eta emankorreko margolari aparta izango zenak. Aurtengo udan “Menchu Gal eta Irungo pintura ondarea” izeneko erakusketa ipini du udalak (abuztuaren 31 arte) Ficoban; gozatu ahal izan dugu Galen pintzelaren piztiaz (“fauve”) Bidasoko ilunabarrak irudikatzen zituenean, Atharratzeko, Baztango nahiz San Martzialgo paisaiak margotzean, edota “Elizondoko etxe gorria” deiturikoa islatzerakoan, besteak beste. Ordea, ulertezina da zergatik udan bakarrik dagoen ikusgai irundarron pintura ondarea. Zergatik ez dagoen ikusgai ikasturtean zehar, inguruotako ikasleentzat (nahiz irundar guztiontzat) ikas dezaten Menchu Gal nor zen (eta, bide batez, Bidasoko eskola deiturikoaren maisu guztiak). Ikasleek erromesaldia egin beharko lukete Menchu Gal aretora (edo dena delako erakustokira, Irungo pintura ondarea aipatu erakusketa gelan ez bada sartzen). Hala, etorkizunean behintzat, izango dute zer erantzun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude