Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruko eztabaida gunea sortu nahi izan du Antxeta Irratiak. Horretarako, “Bidasoan elkarbizitza” jardunaldiak antolatu ditu, Lokarri erakundearekin elkarlanean, eta Hondarribiko, Hendaiako eta Irungo Udalen laguntzarekin. “Irrati elkartea da An-txeta, eta funtzio soziala ere badu bere baitan. Informatzeaz gain, herri honek behar duen aldaketen aktore eta eragile izan gaitezkeela uste dugu”, azaldu du Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileak.
Jardunaldiek balio handia dutela azpimarratu du Atziber Blanco Lokarriko ordezkariak. Urtetako indarkeriaren ondoren, elkarbizitza sustatzea beharrezkoa dela uste du: “Ezberdinak izanik, elkarrekin errespetuz eta giza duintasunez bizitzen ikasi behar dugu”. Hiru mahai-inguru antolatuko dituzte Antxetak eta Lokarrik, otsailean. Bi aldeetako bortizkeriaren biktimek, preso eta iheslari ohiek eta Txingudiko Badiako hiru alkateek parte hartuko dute. Aitziber Zapirainek nabarmendu du eskualdean izan diren zenbait gertakari gogora-tzeko edo ezagutzeko aukera emango dutela jardunaldiek: “Belaunaldi berriekiko transmisio lan handia egin behar dela iruditzen zaigu”.
Otsailaren 5ean izango da lehen eztabaida, Hondarribiko Itsas E-txean, 19:00etan. Belen Zabalak, Cristina Sagarzazuk, José Miguel Gómez Eloseguik eta Fermin Urtizbereak parte hartuko dute. Belen Zabala 1976ko irailaren 8an Guardia Zibilak hil zuen Josu Zabalaren iloba da. Sagarzazu ETAK 1996an erail zuen Montxo Doral ertzainaren alarguna da. José Miguel Gómez Elosegui Javier Gómez Elosegui Martuteneko espetxeko psikologoa zenaren anaia da. 1997.urtean hil zuen ETAk. Urtizberea, Hondarribian zinegotzi zela, GANE (Grupo Antiterrorista Nacional Español) taldeak bahitu eta torturatu zuen, 1988an. Lokarriko Aitziber Blanco izango da moderatzaile.
Otsailaren 12an Hendaiako Anton Abbadia aretoan egingo dute bigarren mahai-ingurua, 19:00etan. Joserra Trebiño apaizak, Juanra Rojo preso politiko ohiak, Jokin Etxebarria iheslari politiko ohiak eta Miren Illarreta abokatuak parte hartuko dute. Moderatzaile lanean ariko dira Ellande Boutin eta Goizeder Taberna kazetariak. Otsailaren 19an Ficoba erakustazokan, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea eta Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea ariko dira. Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria eta Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzailea izango dira modera-tzaileak. 19:00etan hasiko da saioa.
Hiru mahai-inguruak publikoak izango dira. Parte-hartzaile guztiek txartelak jasoko dituzte, idatzizko galderak eta iruzkinak egiteko aukera izan dezaten. Gainera, itzulpenak bermatuko ditu Antxeta Irratiak, frantsesera, gaztelaniara eta euskarara.