JON OLAIZOLA (Olaizola inmobiliaria agentzia): “Jendearen lan baldintzak aldatzen ez badira, ez dakit nola emango diogun buelta egoerari”

Hamarkadak daramatza Olaizola familiak higiezinen negozioan. Promotore ibili ondoren, 1994an Olaizola inmobiliaria agentzia ireki zuten. Merkatuak azken hogei urteotan bizi izan dituen gorabeherak zuzenean jasan dituzte. Gorka eta Xabier bikiek, eta Jon anaia zaharrenak hartzen dituzte bezeroak Beraketa kaleko lokalean. Azkenak erantzun du elkarrizketa.SONY DSC
Zer eskaintzen die higiezinen agentziak saltzaileari eta erosleari?

Alde batetik, segurtasuna eta profesionaltasuna. Pertsona baten inbertsio garrantzitsuena da etxea erostea. Kontu handiz ibili behar da. Arazoak sortzen badira, nori eskatu behar dizkiozu kontuak? Guk aseguru bat daukagu, Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargoko kideak garen aldetik. 600.00 euroko erantzukizun zibila daukagu, bezeroak babesa senti dezan. Gaur egun zaila da erosketa batean kale egitea. Baina, badaezpada, komeni da profesionalen laguntza jasotzea.

Nola adosten duzue etxebizitzen salneurria?

Etxebizitza bat ekartzen digutenean, hasieratik gure iritzia ematen dugu. Ikerketa bat eta balorazio bat egin, eta etxebizitza horren merkatuko prezioa zein den adierazten diogu jabeari. Normalean, ez da berak proposatzen duen prezioa izaten. Egia esan, ez da erosoa jabeari esatea bere etxebizitzaren prezioa X dela, berak erosi zuenekoa baino askoz baxuagoa baldin bada. Baina errealitatea hori da. Ez da normala pisu bat 400.000 eurotan jartzea salgai, eta azkenean 225.000 eurotan saltzea. Horregatik, pisu batzuk ez ditugu hartzen, jabeak ez duelako prezioa merkatuaren errealitatera egokitu nahi izaten.

“Hainbesteko jaitsiera, eta horren iraunkorra, ez da sekula gertatu”
Azken urteotako prezioen beheraldiak ba al du aurrekaririk?

Hainbesteko jaitsiera, eta batez ere, horren iraunkorra, ez da sekula gertatu. Izan ziren prezioen jaitsierak 70eko eta 80ko hamarkadetan, 90ekoaren hasieran ere bai. Baina oraingoa bezalakorik ez. %45-%50 jaitsi dira prezioak Gipuzkoan. Salneurri batzuk ez dira sekula errekuperatuko. 2003an Duplex atiko bat 300.000 eurotan saldu genuen. 2006an, prezioek gaina jo zutenean, erosleak 600.000 eurotan saldu zuen. Bikoiztu egin zuen prezioa. Gaur egun, 300.000 eurotan ezin da saldu etxebizitza hori.

Erokeriak egin izan dira. 2006-2007ko prezioak anti ekonomikoak ziren. Gogoratzen dut 2004an ikerketa bat egin genuela Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargoan, eta ondorioa izan zen ezinezkoa zela prezioak gehiago igotzea. Bestela, jendearen soldatak kontuan hartuta, familiek ezin izango zituztelako etxebizitzak sekula ordaindu.

Zein da merkatuaren egoera Irunen?

Irunen, 160.000 170.000 eurotan etxebizitza majoak dituzu, auzoaren arabera, beti ere. Gaur egun, harrigarriena da 85.000 euroko 90.000 euroko etxebizitzak badaudela. Duela hamar urte, ia garajeen prezioak ziren horiek.

Krisi ekonomikoaren ondorioek eragin al dute alokairuaren kulturan?

Halabeharrez, bai. Azken bost urteotan alokairuak gora egin du nabarmen. Gazteen soldatak, lan baldintzak eta lan prekarietatea kontuan hartuta, ulergarria da. Etxe bat erostean pentsatze hutsa erokeria da gazteentzat. Batzuentzat, alokairuan sartzea ere bai. Gainera, banketxeek ez dute krediturik ematen, edo baldintza gogorrak ezartzen dituzte. Beraz, alokairua da irtenbide bakarra. Beste kontu bat ere aldatzen ari da. Orain, saltzen ditugun etxebizitzetako asko, gero alokatzeko izaten dira. Inbertsioak, azken finean.

Astean alokairu bat itxi dugu, bataz beste”
Zer topatu daiteke Irunen, alokairuari dagokionez?

Momentu honetan, guk etxebizitza bakarra ere ez dugu alokairuan. Denak alokatu ditugu. 2015ean, astean alokairu bat itxi dugu, bataz beste. Ikaragarria izan da. Irunen, alokairuaren bataz besteko prezioa 600-650 eurotan dabil. Hortik gora oso etxebizitza onak dira, 700 edo 750 eurotan. Behera eginez gero, 500-550 eurokoak izaten dira minimoak.

ASAP programan parte hartzen duzue. Zertan datza?

Eusko Jaurlaritzaren alokairu programa bat da. Parte hartzen duten etxebizitzek baldintza minimo batzuk bete behar dituzte. Hala baldin bada, jabeak gure esku uzten du. Guk dokumentazioa bete eta Eusko Jaurlaritzara bidaltzen dugu. Onartzen baldin badute, etxebizitza hori Etxebiden izena eman duen edonork aloka dezake. Gehieneko prezioa 550 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzak jabearen esku bi aseguru jartzen ditu, berme gisa. Nik uste ideia oso ona dela, baina jende askok ez du haren berri.

Zein aurreikuspen egiten duzu 2016rako?

Galdera ikur handi bat jarriko nuke. Nahiago nuke aurreikuspen ona egin. Batzuetan esaten didate oso pesimista naizela, baina datuak hor daude, ez naiz ezer asmatzen ari. Egia da azken sei hilabeteak onak izan direla. Nik uste dut salneurriek hondoa jo dutela. Lurraren prezioa eta urbanizatzearena kontuan hartuta, ia ezinezkoa da gehiago jaistea. Hala ere, jendearen lan baldintzak aldatzen ez badira, ez dakit nola emango diogun buelta egoerari. Lotuta dago dena. Errekuperazio ekonomikoa benetakoa baldin bada, lan baldintzak hobetzen badira eta soldatek gora egiten badute, orduan bai, etor daiteke merkatuaren gorakada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude