Aurrera doa San Juan plazaren berregituratze prozesua. Lurrazpira mugitu dituzte lanak azken hilabeteotan, Irungo liburutegi berria eraikitzeko. 2.300m²ko gunea izango da, Ikust Alaia eraikinekoa baino hiru aldiz handiagoa. Otsailean bukatuko dituzte lanak, eta ekipamenduarekin osatu ondoren zabaldu ahal izango dute. Beranduenez, irailerako aurreikusten dute inaugurazio ekitaldia.
Hamarkada bat igaro da jada Irungo Udalak San Juan-Etxeandia eremua eraberri-tzeko proiektua onartu zuenetik. 2012an bukatu zituzten aparkalekua eta lorategiak. Obalo misteriotsua gelditu zen orduan agerian. Nahikoa kritika jaso du denbora honetan, baina laster hasiko da zentzua hartzen. Kultur zentroa sortu nahi du Udalak San Juan plazaren azpian. Lehen fasean, liburutegi berria zabalduko du, Ikust Alaia eraikinekoa ordeztuko duena. “Estrukturalki eraikin txarra da, gaur egungo beharrak kontuan hartuta. Gainera txiki gelditu da, Irunen tamaina dela eta”, azaldu du Patxi Presa Udaleko Kultura Saileko zuzendariak.
Kopuruan handitzeaz gain, liburutegiko erabiltzaileak aldatu egin dira, beharrei eta ohiturei dagokienez. Ondorioz, teknologia berrietarako, informazioaren selekziorako edo sorkuntzarako espazioak sortu nahi izan ditu Udalak, besteak beste, San Juan Harria plazako liburutegian. Beste berrikuntza bat azpimarratu du Patxi Presak: “Haurren liburutegia izango da ardatzetako bat. Ikust Alaian ez zeukan tokia edukiko du orain”. Mailegurako gunea, ikasgelak eta hemeroteka ere eskainiko ditu. Gainera, KZ Gunea eta Gazte Informazio Bulegoa ere egongo dira liburutegian. Irisgarritasuna da Ikust Alaiak daukan arazo handienetariko bat. Azpiegitura berriari begira, kontuan hartu dute. “Sarrera ezberdinak izango ditu: eskailerak, igogailua, eta Jesus kaleko atea”, azaldu du Presak.
Gune irekia izango da
Lurpean eraikitako espazioa izanda, iluna dela pentsa daiteke. Patxi Presak uste du ezusteko handia hartuko dutela erabiltzaileek: “Egia da soto bat dela. Baina altzarien eta espazioaren antolaketa ondo pentsatuta daude. Espazio irekia eta argitsua da”. Momentuz, espazio hutsa ere bada liburutegia. Lanak bukatuta, ekipamenduarekin eta materialarekin bete beharko dute. Zati handi bat, Ikust Alaia eraikinetik eramango dute. 57.800 dokumentu daude gaur egun bertan. Horietatik %92 liburuak dira. Hortaz, lana emango du lekualdatzeak. “Bi hilabete inguru beharko ditugu”, aurreikusi du Presak. Epeak ez dituzte zehaztu, baina litekeena da ekainaren amaieran Irungo liburutegia itxi behar izatea.
Lekualdatzea egin ondoren, beste erabilera bat beharko du Ikust Alaia eraikinak. “Ideiak mahai gainean daude, baina eztabaidatu beharra dago oraindik”, azaldu du Patxi Presak. Aurtengo helburuetako bat izango da Kultura sailarentzat. Bestea, San Juan plazako Kultur Zentroaren bigarren fasea diseinatzea. Tailerrak edo ikastaroak antolatzeko gunea sar daiteke proiektuan. Baita tamaina ertaineko aretoa ere. “Ficoba eta Amaia oso ondo daude, baina formatu txikiko ekitaldietarako beste zerbait behar du Irunek”, argitu du Patxi Presak. Oraingoz, San Juan plazako liburutegia da Irungo kultur munduak 2015ean izango duen azpiegitura berria.