Maiatzaren 14ra aurreratu dute Ficobako musika jaialdia
Zazpigarren edizioa beteko du Men of Rock Musika Elkarteak Irunen antolatzen duen festibalak. Data aldatu du aurtengoan, irailetik maiatzera aurreratzeko. Hilaren 14an izango da 2016ko Irun Rock Jaialdia, Ficoba erakustazokan. Ondorengo taldeak ariko dira zuzenean: Triangulo de Amor Bizarro, Joe la Reina, Rural Zombies, Stay, Havoc, The Saurs eta Estrogenuinas. 18:00etan hasiko dira emanaldiak, Ficobako lehen pabiloian.
Udarako musika jaialdien garaiko azken hitzorduetako bat izan da Irun Rock, bere lehen edizioetan. Orain, ordea, udaberri betean egingo dute, eta festibalen zerrenda kronologiko luzearen buruan egongo da, ia. Dataren aldaketak jaialdia erakargarriago egingo duela uste du Iñaki Estevez zuzendariak: “Batetik, jaialdietara joateko gogoz egoten da jendea udaberrian. Bestetik, taldeak lehen aldiz ikusteko aukera paregabea ematen du, irailean ez bezala”. Helburu horrekin, jaialdia aurreratzea erabaki du Men of Rock-ek.
“Jaialdietara joateko gogoz egoten da jendea udaberrian”
Iñaki Estévez, Irun Rock jaialdiko zuzendaria
Irunen eta Donostian kontzertuak antolatzeko eta bertako taldeei estatuko beste lekuetan jotzeko aukera emateko sortu zen Men of Rock elkartea, 2009 urtean. Irun Rock jaialdia antolatzeko, udalaren babesa du, Irun Zuzenean programaren baitan. Musika taldeak eta promotoreak harremanetan jartzea du helburu, hiriko panorama musikala dinamizatzeko asmoz. Esate baterako, liburutegian antolatzen ari diren AcusticCBAs emanaldi txikiak dira programaren emaitzen adibide. Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak uste du Gipuzkoan erreferente bilakatu dela Irun Rock: “Aurreko sei urtetan, banda garrantzitsuak pasa dira Ficobako eszenatokitik”.
Zazpi talde ariko dira
Musika alternatiboaren panoraman nabarmentzen ari diren taldeak kontratatu dituztela baieztatu du Iñaki Estevezek: “Egiaztatutako kalitatearen alde egiten du Irun Rock-ek”. Zazpi taldek eskainiko dituzte kontzertuak 2016ko Irun Rock festibalean. Horietatik hiru, gipuzkoarrak izango dira: Joe la Reina, Havoc eta Rural Zombies. Beste bi, bartzelonakoak: The Saurs eta Stay. Salamancako neskek osatutako Estrogenuinas taldea ere ariko da Irun Rock-en. Kartel burua, Triangulo de Amor Bizarro talde galiziarra izango da. Banda beteranoa da, Salve discordia izeneko bosgarren diskoa aurkezten ari baita. “Oso harrera eta kritika onak jasotzen ari da”, adierazi du Estevezek.
Maiatzaren 14an eskainiko dituzte kontzertuak talde guzti horiek, Irungo Ficoba erakustazokan. Bezperan, dena den, doako beste zenbait kontzertu antolatuko dituzte hiriko establezimendu ezberdinetan. Ficobako kontzertuetarako sarrerak aldez aurretik eros daitezke, 15 euroren truke (www.ticketea.com / www.ticketbell.com / www.kutxasarrerak.net ). Jaialdiaren egunean, 20 eurotan salduko dituzte geratzen direnak, leihatilan. Irailerako hitzordua aurreikusia zuenak, azkar ibili beharko du aurreratzeko.
Talde gazteentzat, MusikIrun
MusikIrun Maketa Lehiaketa antolatu du Irungo Udalak, seigarren aldiz. 30 urtez azpiko kideek osatutako edozein taldek parte har dezake. Jatorriari dagokionez, ez dago mugarik. Taldeek maiatzaren 13ra arteko epea dute lanak entregatzeko. CBA kultur gunean dagoen Gazteria Bulegoan eman daiteke, pendrive batean, edo www.irun.org/igazte web gunean prestatu duten aplikazioan, bestela. Bi kantu aurkeztu behar dira gutxienez, eta bost gehienez.
Epaimahaiak sei maketa onenak hautatuko ditu lehen fasean. Ondoren, aukeratutako taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Irungo lokal ezberdinetan. Final gisa balioko duen azken kontzertuan izendatuko dituzte irabazleak. Talde onenak Mini Lp bat grabatu ahal izango du, eta 2017ko Irun Rock jaialdian parte hartuko du, gainera. Bigarren sailkatuak bost abestiko maketa grabatuko du, eta hirugarrenak hiru kantuko single-a. Herritarren bozka gehien biltzen dituen taldeak 400 euroko saria jasoko du, musika materialean gastatu ahal izateko.
Maketa lehiaketan parte hartzen duten taldeen kontzertuak Irun Zuzenean ekimenaren baitan sartu dituzte. Horiez gainera, emanaldi gehiago ere programatu dituzte, apiriletik uztailera arte. Ondorengoa da egitarau osoa:
Maiatzak 28, larunbata:
Maketa lehiaketako lehen finalerdia. Rock & Meat tabernan, 18:00etan.
Ekainak 4, larunbata:
Maketa lehiaketako bigarren finalerdia. Rock & Meat tabernan, 18:00etan.
Ekainak 17, ostirala:
SUPERNOVA, CALLE BEAT, KONTRABAND eta ELENA Y LA VERBENA. Urdanibia plazan, 21:00etan.
Ekainak 18, larunbata:
Maketa lehiaketako finala, hiru talde onenekin. Urdanibia plazan, 21:00etan.
Uztailak 22, ostirala:
VENTURA eta LA BONA DEA. C.D. Bidasoa plazan, 20:30etan.