“Zinema Haur eta Gazteentzat” zikloak zinemaz euskaraz gozatzeko aukera eskainiko du

Irungo Udaleko Euskara Arloko ordezkaria den Nuria Alzagak, “Zinema haur eta gazteentzat” zinema zikloa aurkeztu du gaur Ocine Mendibil zinemetan. Euskara Arloak antolatutako ekimenak aukera emango die Irungo familiei haurrentzako euskarazko zinema-emanaldiez gozatzeko, doako sarrerarekin. Saio guztiak Ocine Mendibil zinemetan izango dira.

Euskarako ordezkariak azaldu duenez, iaz zinema zikloak izan zuen arrakastaren ondoren, aurten ere berriro antolatzea erabaki dute. Horrela, aurten programa zabalagoa eta oparoagoa eskainiko dute, haur eta gazteei zuzendutako 20 filmekin (15 bikoiztuak eta 5 euskaraz originalak). Zinema zikloa urriaren 28an hasiko da, 16:00etan, “Abentura Erraldoia” zintarekin, eta abenduaren 30era arte, haur eta gazteek “Zipi & Zape: Kaniken Kluba”, “Tom eta Jerry” eta “Unicorn Wars” filmez gozatzeko aukera izango dute, besteak beste.

Gainera, aurtengo edizioak badu berritasun bat: bi emanaldi astegunetan egingo dira. Eguberritan  haurrekin zinemara joateko dagoen ohitura ikusita, antolakuntzak bi film programatu ditu data horietarako: “Space Jam” (abenduaren 28an) eta “Pikachu Detektibea” (abenduaren 30ean). Saio horietara joan nahi duten familiek egunean bertan lortu ahal izango dituzte sarrerak, 15:00etatik aurrera, Ocine Mendibil zinemetako leihatilan.

Nuria Alzaga Euskara ordezkariak ekimen honen helburua gogorarazi du: “Irungo familien artean euskarazko kultur kontsumoa indartzea” eta era berean,  helduei  zein haurrei, zinemaren magiaz gozatzeko deia egin die.

Sarrerak

Sarrera doakoa da eta sarrerak lortzeko sistema hurrengoa da: ostiralero, 15:30etatik aurrera, Ocine Mendibileko leihatilan asteburu horretako proiekzioei dagozkien sarrerak egongo dira eskuragarri. Ostiralean banatu ez diren sarrerak asteburuan jarriko dira salgai leihatilan, 15:30etik 22:00etara.

Antolatzaileek gogorarazi dute pertsona bakoitzak gehienez 4 sarrera  hartu ahal izango dituela, eta “arduraz jokatzeko” deia egin dute, sarrerak hartzerakoan: “Familiei eskatzen zaie soilik erabiliko dituzten sarrerak hartzeko, eta azkenean ezin badira bertaratu, sarrerak erabil ditzaketen beste pertsona batzuei emateko edo zinema-aretoetako leihatilan itzultzeko eskatzen diegu”.

Jarraian, programa osoa aletuta ikus daiteke. Saio guztiak 16:00etan hasiko dira.

  • Urriaren 28an: Abentura erraldoia
  • Urriaren 29an: Hopper Oilaskoerbia
  • Azaroaren 4an: Superheroien familia
  • Azaroaren 5ean: Berpiztu
  • Azaroaren 11n: Mavka: Basoaren Zaindaria
  • Azaroaren 12an: Dragoiaren gidaria
  • Azaroaren 18an:  Lau ahizpa magikoak
  • Azaroaren 19an: Zipi & Zape: Kaniken kluba
  • Azaroaren 25ean: Tom eta Jerry
  • Azaroaren 26an: Small foot
  • Abenduaren 2an: Yoko oporretan
  • Abenduaren 3an: Dardara
  • Abenduaren 9an: Unicorn Wars
  • Abenduaren 10ean: Handia
  • Abenduaren 16an: Momiak
  • Abenduaren 17an: Irati
  • Abenduaren 23an: Zutik!
  • Abenduaren 26an: Maya Erlea – Urrezko esfera
  • Abenduaren 28an: Space Jam
  • Abenduaren 30ean: Pikachu Detektibea

Ikusi egitaraua osorik hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude