Asteburu honetan haurrentzako euskarazko zinema zikloa estreinatuko da Ocine Mendibilen

Irungo Udaleko Euskara Arloak asteburu honetan abiatuko du ‘Zinema haurrentzat’ ekimena. Miren Echeveste Euskara Ordezkariak azaldu duenez, estreinakoz antolatu dute zinema ziklo hau, helburu argi batekin: “Adin guztietako irundarren artean euskarazko kultur kontsumoa indartzea da Euskara Arloaren lan ildo estrategikoetako bat, eta, bide horretan, haurrengan pentsatuta antolatu dugu ekimen hau”, azaldu du Echevestek.

Larunbat eta igande honetan egingo dituzte lehen bi emanaldiak: ‘D´Ortagnan eta hiru mosketxakurrak’ eta ‘Oltxiak’, hurrenez hurren. Ocine Mendibil izango da proiekzio guztien kokalekua, eta Echevestek esker oneko hitzak izan ditu zinema aretoetako arduradunentzat. “Data hauetan hasten da jendea zinema aretoetara gehiago gerturatzen, eta Ocine Mendibilekoei eskertu nahi diegu karteleran gure filmei tokia egin izana, asteburuetan eta arratsaldez”.

Guztira hamar emanaldirekin osatuko dute ‘Zinema haurrentzat’. Zikloaren zortzi pelikula euskaraz bikoiztutakoak dira, eta bi film jatorriz euskaraz sortutakoak: ‘Orkestra Lurtarra’ eta ‘Lur eta Amets’.

Echevestek nabarmendu du Irungo Udalarentzat “garrantzitsua” dela halako ekimenei tokia egitea: “Kulturak, kasu honetan zinemak, aukera ematen digu gozamenaren bitartez euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta alde horretatik, oso gustura gaude egitasmo hau antolatu izanarekin”.

Bukatzeko, zinema zikloaz gozatzera deitu ditu Irungo haur eta gurasoak: “Sareko plataformen bidez ikus-entzunezko ugari kontsumitzen dugu etxean, baina bada zinema aretoetan bakarrik sortzen den berezko magia bat; haurrak gonbidatu nahi ditugu magia hori deskubritzera, euskarari eskua emanda”.

Doako sarrerak Ocine Mendibilen

Iñigo Gaiton Euskara Arloko teknikariak hartu du hitza jarraian. Haren hitzetan, zinema zikloko sarrerak doan izango dira: “Bost asteburutan emango dira filmak, eta asteburu bakoitzerako doako txartelak ostiral arratsaldetan jarriko dira eskuragarri Ocine Mendibileko leihatilan, 15:30 – 22:00 ordutegiarekin. Emanaldi guztiak 16:00etan egingo direnez, oraindik txartelak geratzen badira, larunbat eta igande horietan 15:30etik aurrera ere jarriko dira eskuragarri”.

Pertsona bakoitzak emanaldi bakoitzerako lau sarrera hartzeko aukera izango du gehienez. “Jendeari eskatu nahi diogu zentzuz jokatzeko, eta behar dituen sarrerak hartzeko bakarrik”, nabarmendu du Gaitonek.

Pelikulak aukeratzerako orduan Zineuskadi.eu webgunea hartu dute erreferentzia modura antolatzaileek, eta nabarmendu dute “kalitatezko eskaintza” bat osatzea lortu dutela. Zikloa 8-12 urte bitarteko haurrentzat pentsatua dagoela azaldu arren, teknikariak zehaztu du hori gomendio bat dela, eta adin guztietako irundarrei emango zaizkiela sarrerak.

Euskara Arloak “ilusioz” prestatu duen egitasmoa da ‘Zinema haurrentzat’, eta espero dute emanaldietan jendea biltzea: “Ikastetxeen konplizitatea izan dugu egitasmoaren zabalkundean laguntzeko, eta gure inpresioaren arabera, interes handia sortu du ekimenak “.

Programazioa

– Urriak 22, larunbata: D’Ortagnan eta hiru mosketxakurrak

– Urriak 23, igandea: Oltxiak

– Azaroak 5, larunbata: Lur eta Amets

– Azaroak 6, igandea: Space Jam: Aro Berria

– Azaroak 12, larunbata: Ainbo: Amazoniako gerraria

– Azaroak 13, igandea: Ilargirantz

– Azaroak 19, larunbata: Trash

– Azaroak 20, igandea: DC Supermaskoten Liga

– Abenduak 3, larunbata: Tom eta Jerry

– Abenduak 4, igandea: Orkestra Lurtarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude