XXI FICAB Bidasoko XXI. Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa

Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiak 21 urte bete ditu. Harro eta oso pozik gaude urtez urte eta filmez film Zinemaldiaren hazkundea ospatzen jarraitzeaz. Joan den urtean 20 urte bete zituen jaialdiak egoera benetan zailean, horregatik aurten 20 + 1 urte ospatu nahi ditugu.

Gure erronka nagusia aurtengo aukeraketan dauden 27 film eder hauek ahalik eta jende gehienarekin partekatzea da. Gure helburua arkeologia eta zinea elkarturik zabalkuntza bide honi leiho bat irekitzea da. Hogei urtez zinemaldia hazi eta erreferente bilakatu da, hala ere, oraindik jende askok ez du gure jaialdia ezagutzen, ala ez daki ondo zer nolakoa den, baina jakin badakigu behin etorriz gero jaialdiaren kide eta jarraitzaile bihurtuko dela ikuslea.

Pasa den urteko zailtasunak gainditu ahal izan genituen eta etorkizunari ilusio handiz aurre egiten diogu. Bai guk eta baita arkeologo eta zinegileek. Joan den urtean munduan barrena pandemiak eragindako geldialdiak, indusketetan eta zinean eragin zuzena izan zuen. Egia aitortzen jarrita, zaila ikusten genuen aurten zinemaldiak bere mailari eustea, baina gure sorpresa izugarria izan da urtero jasotzen ditugun adina film jaso ditugula ikustea, eta oraindik ere, sorpresa pozgarriagoa izan da hain film ederrak eta interesgarriak jaso ditugula baieztatzea. Lan zaila izan da, jaialdiak irauten duen aste horretan nahi genituzkeen film guztiak sartzea.

Munduko hainbat lekutatik iritsitako film benetan interesgarriak jaso ditugu aurten ere, historia eta aurkikuntza bakoitzaren atzean dauden istorioak erakusteko grina partekatzen dutenak, arkeologiari aplikatutako aurkikuntza eta aurrerapen teknologikoak erakutsi nahi dizkigutenak, teoria berriak planteatzen dituztenak, edo adituen ezagutzak zabaltzea bilatzen dutenak, eta baita errealitate birtualaren bidez galdutako eraikuntzak erakusten dituztenak. Zoragarria eta magikoa da denboran zehar bidaiatu ahal izatea eta bestela guretzat existitzen ez diren leku, indusketa edo errealitateetara iritsi ahal izatea. Filmen kalitatea, zorroztasun zientifikoa, pizten duten jakin-mina, eskaintzen diguten begirada zehatza, originaltasuna edo horien apartekotasuna dira zientzialari eta sortzaile handi hauen bitartez partekatu eta zabaldu nahi ditugun alderdiak.

Horretarako, bereziki ikasleei eskainia dugu Hezkuntza Saila; Orona Fundazioarekin elkarlanean antolatuta indartu nahi izan dugu. Bertan historiari eta arkeologiari buruzko proposamen erakargarriak ikusi ahal izango dituzte gazteek goizetako saio hauetan. Bidasoaldeko ikasleek Amaya Kultur Zentroan eta Oiasso Museoan parte hartu ahal izango dute, eta Donostialdeako ikasleek berriz, Orona Fundazioaren Auditorioan. Maria Intxaustegi urpeko arkeologo eta nabigatzaile adituarekin ere solasaldia izateko aukera izango dute. Maria Intxaustegi gai hauetan aditua izateaz gain, pasioz beteriko emakumea da, eta hezkuntzan eskarmentu handia du. FICABek, gainera, film baten inguruan Ikertze Fundazioak Narbo Martius, la fille de Rome filmaren inguruan egin duen gida didaktikoa eskainiko die ikastetxeei.

Arratsaldetan, Xabier Peñalver arkeologo adituak aurkeztuko ditu dokumentalak eta piztuko du solasaldia. Donostiako Aquariumean itsasoaren eta urpeko arkeologiaren inguruko bi film ikusgarriren proiekzioaz gozatuko dugu. Eta aurten Aquariumean, ONCE Fundazioarekin lankidetzan, ikusteko zailtasuna duten pertsonek Audesc sistemarekin pelikulaz gozatzeko aukera izango dute. Mugikorrean aplikazioa jaitsi behar da. Eta filma hastean, aplikazio hori martxan jartzea besterik ez da egin behar filmaren deskripzioak entzun ahal izateko.
Amaya Kultur Zentroan, urtero bezala, iluntzeko emanaldiak eskainiko dira, eta inaugurazio gala ere bertan ospatuko da, Epaimahaiaren aurkezpenarekin. Nazioarteko epaimahai honek, amaiera ekitaldian ere sari banaketan parte hartuko du. Amaiera gala hau Bizinema Irunek antolatuko du, animazioz eta sorpresaz betea.

Online jaialdia ere eskaintzen jarraituko dugu, baina ez diogu uko egingo aurrez aurreko topaketari, ikusleekiko harreman zuzena eta solasaldiak baitira FICABen bereizgarrietako bat. Eskerrik asko Irungo Udalari, Eusko Jaurlaritzari, Orona Fundazioari, Donostiako Aquariumari, Bizinema Iruni, ONCE Fundazioari, eta nola ez, Irunerori, zuen orrietan jaialdiaren zabalkundea egiteko ematen diguzuen aukeragatik. Eskerrik asko errealizadore eta ekoizle guztiei, eta batez ere gure publikoari, aurten guztiok partekatzen dugun ilusioarekin zine areto guztiak beteko dituzten arkeologiaren zaleei, esker aunitz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude