Kumaseko Sibila

Argazkia: Miguel Angelen “Kumaseko Sibila” Kapela Sistinoko margoetan, XVI. Mendea, Roma. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:CumaeanSibylByMichelangelo.jpg

Antzinaroan gizakien eta jainkoen arteko erlazioa oso hertsia zen eta elkarren arteko komunikazioa bermatzeko orakuluak zeuden. Garai hartan garrantzitsuena Delfosekoa zen, baina boteregune hau Grezian kokatzen zenez, Erromatarrek beren tradizioan Kumaseko Sibila eta berak ekarritako iragarpen liburuen tradizioa sortu zuten.

Pertsonaia honen jatorria misteriotsua da, baina badaukagu hura azaltzen duen mito bat. Mitoaren arabera, Kumaseko Amalteak, bederatzi liburu bidali zizkion Tarquinio Prisco erregeari, urrezko hirurehun txanpon eskatuz. Erregeak, prezio handia arbuiatuz, barre egin zion emakumearen eromenari, eta hark hiru liburu erre zituen erregearen aurrean. Jarraian prezio bera eskatu zuen gainerakoen truke. Tarkinok emakumearen eromena handituz zihoala pentsatu zuen, eta hark beste hiru liburu erre ondoren berriro prezio bera eskatu zuen. Azkenean erregeak iritzia aldatu eta gainerakoak erosi zituen urrezko hirurehun txanponen truke. Kondairak dio idatzi hauek Erromaren etorkizuna gordetzen zutela eta, beraz, igarpen oro egiteko liburu hauek kontsultatzen ziren.

Antzinaroko iturriek ez dizkigute Sibilari zuzenean eginiko kontsulta asko erakusten, aldiz, berak ekarritako Liburu Sibilinoen kontsultak ohikoak ziren. Liburuak quindecemviri taldearen esku geratu ziren. Quindecemviri taldea, hamabost gizonez osaturiko apaiz taldea zen, senatuari men egiten zioten eta Liburu Sibilinoak gordetzeaz gain, kanpoko jainkoen gurtza ikuskatzen zuten. Honela erabaki zezaketen ea horien kultu publikoa onartzen zen edo ez. Esan daiteke, talde honek kontrolatzen zuela estatuak kanpoko zein kultu onartzen zituen, eta zeintzuk ez.

Honela, Delfoseko orakuluaren itxuraz baliatu ziren bera bezalako pertsonaia bat sortu eta botere iragarpen erlijiosoen ahalmena estatu testuinguru batean mantentzeko. Liburu hauek Bigarren Gerla Punikoetan asko erabili ziren Anibalen elefanteen arrisku latzari aurre egiteko. Baina bi ahoko armak ziren. Erromako patua idatzia zutenez, gobernuak krisi garaietan jarraitu behar zuen bidea erakusten zuten. Baina, ondorioz, Liburuei kontsulta bat egiten baldin bazitzaien, gobernuak Erroma krisi garaian zegoela onartzen zuen, eta horrek, bere horretan, krisi egoera okertu zezakeen.

Hain garrantzitsuak ziren liburuak non leku sakratu batean gorde behar ziren, eta honela, K.a. 28. urtean Apolo Palatinoko tenpluan kokatu ziren, hots, igarpenen jainkoaren tenpluan. Tenplu hau Palatino mendian kokatzen da, Augustoren etxe ondoan, honela ikus daiteke ze nolako garrantzia zuen tenpluak eta ondorioz baita liburuek ere.

Orduan, gailendu al zitzaion Sibila hau bere liburuekin Delfoseko orakuluari? Erromatarrek Delfoseko Pythiari kontsultak egiten jarraitu zuten, naiz eta Liburu Sibilinoek garrantzi handia hartu zuten haien gizartean. Beraz, ziur aski ez da zuzenena bata bestea baino garrantzitsuagoa ote zen erabakitzea, iturriek erakusten digutenez biek elkar osatzen baitzuten. Hori bai, Erromatar estatuarentzako Liburu Sibilinoek garrantzi itzela izan zuten botere erlijiosoa eta orakuluen iragarpenak zentralizatzeko.

Andde Berasategui Goñi

Argazkia: Miguel Angelen “Kumaseko Sibila” Kapela Sistinoko margoetan, XVI. Mendea, Roma. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:CumaeanSibylByMichelangelo.jpg

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude