Tokiko Gobernu Batzarrak, abuztuaren 2an egindako ohiko bilkuran, Iparragirre Eraikuntza Lanak, S.L. enpresari esleitu dio Oiasso Erromatar Museoan termen eraikina sortzeko obren kontratua, Irun helmuga turistiko gisa bultzatzeko. Kontratuak 14 hilabeteko iraupena izango du.
Oiassoko termak lehengoratzeko proiektuaren helburua da Oiassoko termei balioa eman eta haiek bisitatzeko moduan egokitzea eta, aldi berean, Museoa digitalizatu eta Irun Turismo-helmuga adimendun bihurtzeko neurriak hartzea digitalizazioari, seinaleei, komunikazioari eta irisgarritasunari dagokienez. Aurreikuspenen arabera, urtea bukatu aurretik hasiko dira lanak.
Oiassoko terma erromatarrak hiriko ondare arkeologikoaren parte garrantzitsua dira. Bada, lanei esker, aztarna arkeologikoak eta ondarea babestu ahalko dira, eta helmuga-turistikoaren eskaintzan sartu, bai bisitarientzat, bai bertakoentzat, esperientzia paregabe baten bidez. Turismoa erakartzen duen balio historiko eta turistiko handiko puntu azpimarragarria bat osatzeaz gain, termen jasangarritasuna eta berezitasuna hobetuko da. Proiektuak turismo lehiakor, dinamizatzaile eta kalitatezkoa bultzatuko du.
Funtsean, terma erromatarren aurriak estaltzeko eraikin bat sortuko da, Oiasso Museoaren egungo eraikinaren ondoan, efizientzia energetikoan eta kutsadura akustikoaren eta argi kutsaduraren murrizketan arreta berezia jarrita, baliabide eta esperientzia turistikoa hobetzearren.
Proiektuaren bidez, Museoaren egungo eraikina handituko da, antzinako termen aurriak azaldu ziren partzelaren ondoko partzelan, espazio berri bat eraikita, haiek babesteko ez ezik Museoko ibilbidea termei buruzko bide berri batekin luzatzeko. Horretarako, aztarnen gainean pasarela metaliko arin obalatu bat instalatzea planteatu da.
Ibilbide berria egungo eraikinaren atzeko irteeratik abiatuko da: egungo eraikina eta berria lotuko ditu, eta Junkal parrokiari behatzeko plataforma bat izango da. Era berean, aztarnei begiratzeko plataforma zentral bat eta larrialdietako irteera baten bidez plaza berria eta Sarasate karrika lotzeko beste pasarela bat planteatu dira. Bestalde, eraikin berriak beirate handiak izango ditu, bisitariek aurriak haratago hedatzen direla ikusteko.
Oiassoko termak lehengoratzeko proiektua Euskadiko Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialaren barruan Next Generation funtsak jasotzeko aukeratuetako bat izan zen. Hain zuzen ere, bi milioi jasoko ditu Europako funtsetatik, zeinetatik 1.490.000 termak lehengoratzeko erabiliko diren, eta gainontzekoa, aztarnategi hau eta beste batzuk digitalizatzeko elementuak eskuratzeko.