Gaur goizean aurkeztu dute “Bermearekin kontsumitu. Irunen erosi” izeneko kanpaina berria. Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoak sustatuko kanpaina berriaren helburua Kontsumitzaileen eskubideak ezagutaraztea izango da. Kanpaina 2025eko otsailaren 1etik martxoaren 1era arte luzatuko da.
Egitasmoaren aurkezpenean izan dira Nuria Alzaga Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Sandra Castelo Hiri Bultzadako ordezkaria. Irungo saltokiekin elkarlanean antolatutako kanpainari dagokionez, Nuria Alzagak adierazi du “estimatzekoa da hiriko merkatariak honelako ekimen bati atxikitzea berriro ere, beraiek baitira protagonista nagusiak”. Irungo Udaleko lehenengo alkateordearen hitzetan, “Betidanik, Udala hiriko merkataritza eta ostalaritzaren aldeko politikak sustatzen saiatzen da, eta hau, bereziki, ekimen ezin aproposagoa iruditzen zaigu haiek biziberritu eta sustatzen jarraitzeko”.
Castelok nabarmendu duenez, kanpainaren helburu nagusia kontsumitzaileen eskubideak sustatu eta ezagutaraztea da: “Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoaren eginkizun nagusietako bat, hain zuzen ere”. Horrela, kanpainan parte hartuta, hiriko saltokiek bezeroen konfiantza saritzeko eta haiek erraz eta modu eraginkorrean fidelizatzeko aukera paregabea dute. “Azken batean, herritarrek Irunen kontsumitzea nahi dugu, eta honelako kanpainak oso mesedegarriak dira horretarako”, gaineratu du Castelok.
Kanpainari atxikitu diren saltokien erakusleihoetan kartel bat jarriko da kanpainak zertan datzan azaltzeko. Bezeroek txartel formatuko formulario batzuk izango dituzte, kontsumitzaileen eskubide eta betebeharren inguruko galderez osatutakoak, baita haiek sartzeko urna bat ere. Kanpainaren bukaeran, zozketa bat egingo da galdetegiari erantzun dioten eta galderak asmatu dituztenen artean. Saria, kanpainari atxikitzen zaizkion saltokietan 60 eta 30 euroko erosketak egiteko 40 bonu.
Datak
2025eko otsailaren 1etik martxoaren 1era arte, formulario batzuk jarriko dira kanpainari atxikitzen zaizkion saltokietan, nahi duten bezeroek erantzun diezaieten. Martxoaren 6an, zozketa bat egingo da erantzunak asmatzen dituztenen artean, eta kanpainari atxikitzen zaizkion saltokietan erosteko 40 bonuen irabazleak iragarriko dira. Azkenik, martxoaren 15ean, Kontsumitzaileen Eskubideen Egunean, bonuak irabazleei entregatuko zaizkie, ekitaldi baten barruan.



