Mikromezu Lehiaketarekin batera Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoaren datuak aurkeztu dituzte gaur

Rebeca González Kontsumoko ordezkariak eta Mikel Zabaleta Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoko (KIUB) arduradunak Irungo Udalak antolatutako Mikromezu Lehiaketaren 15. edizioa aurkeztu dute asteazken honetan. Bide batez, bulegoaren 2022ko jardunaren balantzea egin dute.

KIUBen jardunaren esparruan, Irungo kontsumitzaileei informazioa emateaz eta haien galderei erantzuteaz gain, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako mikromezu-lehiaketa antolatzen du bulegoak, urtero, txikienak ardura handiagoaz kontsumitzeko jardunbideen gainean sentsibilizatzeko.

Lehiaketarako aukeratzen den leloan inspiratutako mezuak idatzi behar dituzte parte-hartzaileek. Hauxe da aurtengo izenburua: «Gehiago kontsumitu ala hobeto kontsumitu?» Gehienez 400 karaktere dituzten mezuak posta elektronikoz (omic@irun.org) edo WhatsApp bidez (688756254) aurkeztu ahal izango dira, gaztelaniaz zein euskaraz. Sariak adinaren arabera banatuko dira: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek eta DBHko 1. mailakoek Smart Watch bat irabazi ahalko dute, bai euskarazkoan bai gaztelaniazkoan, eta DBHko 2., 3. eta 4. mailakoek, ordenagailu eramangarri bat. Mezuak aurkezteko epea martxoaren 4an, larunbatean, amaitzen da. Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoak eskerrak eman dizkie ikastetxeei, urtero-urtero ekimenean inplikatzeagatik.

KIUBen 2022ko jardunaren balantzea

Mikel Zabaleta KIUBeko arduradunak prentsaurrekoa baliatu du 2022ko jardunaren berri emateko. Nabarmentzeko datu gisa, KIUBek guztira 1.970 kontsulta jaso zituen iaz.

Telefonia eta energia

KIUBek askotariko sektoreei dagozkien erreklamazioak jasotzen ditu, eta goranzko joeran daude: 2021ean 442 erreklamazio izan baziren, 2022an 485era igo zen kopurua.

Azken urteetako ildoari jarraikiz, telefonia izan zen erreklamazio gehien bildu zituen sektorea. Zehazki, 175 kexa izan ziren. Ondotik, energiaren sektorea dator, 105 erreklamazio izan baitzituen, argiaren eta gasaren prezioaren igoerak eraginda. Era berean, KIUBari laguntzeko, energia-aholkularitzako zerbitzua nabarmendu dute. Hirugarren postuan automobilen sektorea dugu, 29 kexarekin.

Erreklamazioen emaitzari erreparatuta, % 39 erabiltzailearentzako zein erakundearentzako modu positiboan ebatzi ziren.

Azkenik, nabarmentzekoa da KIUBaren eragin ekonomikoa. Enpresei egindako erreklamazioetan, erabiltzaileei kontsulta egiteko eta laguntzeko lana amaitzen da, askotan, erreklamaziogilearen aldeko itzulketekin, konpentsazioekin edo diru-itzulketekin. Zehazki, KIUBak kudeatutako erreklamazioen ondorioz enpresek 2022an itzulitako zenbatekoa 49.399,77 eurokoa izan da.

Irungo KIUB

Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB) 1985ean sortu zen, horrela, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa, prestakuntza eta aholkuak emateko eta haien defentsa egiten laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko bulego aitzindarietako bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude