Txingudiko Bertso Eskolako hiru kide lehiatuko dira Gipuzkoa Bertsotan fasean

Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea da. Txingudiko Bertso Eskolako hiru ordezkarik eman dute izena apirilean hasi zen sailkapen fasean parte hartzeko: Manu Goiogana, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga. Hiru bertsolariek lehiaketa nola prestatu duten eta zein asmo dituzten azaldu dute.

Jon Luzuriagarentzat eta Igauri Lopetegirentzat Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean parte hartuko duten lehenengo aldia izango da. Izan ere, Jon Luzuriaga orain dela 3 urte hasi zen bertsotan, Ikaztegietatik Hendaiara bizitzera etortzearekin batera. “Nire lehen bertso lehiaketa da, beraz, esperientzia berri bat izango da”, adierazi du Luzuriagak. Bizilekuz aldatu eta jende berria ezagutzeko Jon Luzuriagak bertsotan trebatzen hastea erabaki zuen, bertso saioak gustuko izan arren, ordura arte bere burua bertsotan aritzeko imajinatzen ez bazuen ere.

Igauri Lopetegiren kasuan ere Gipuzkoa Bertsotan lehiaketan parte hartuko duen lehen aldia izango da, nahiz eta aurretik beste sariketa batzuetan lehiatu izan den. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken edizioa berak 17 urte zituenean egin zela ondo gogoratzen du.  Esaterako, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan lehiatutakoa da Igauri, baina aurretik duen erronka bestelakoa dela azaldu du: “txikitatik zure erreferenteak izan diren eta miresten dituzun pertsonekin neurtzeko aukera ematen dizu txapelketa honek”. 11 urte zituenean hasi zen Igauri Lopetegi bertso eskolan, Txingudi Ikastolan antolatutako emanaldi batean Manu Goiogana bertsotan ikusi ostean.

“Txikitatik zure erreferenteak izan diren eta miresten dituzun pertsonekin neurtzeko aukera ematen dizu txapelketa honek”

Igauri Lopetegi, bertsolaria

Manu Goioganarentzat aldiz, ez da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean parte hartuko duen lehen aldia izango, laugarrena baizik. Hain zuzen ere, aurtengoa bere azken parte hartzea izan daitekeela aurreratu du Manu Goioganak: “Batzuk txapelketara sartu egiten diren bezala, beste batzuk kanpora bultzatzen gaituzte lehiatik zein txapelketatik”. Igaurik bezala 11 urte zituela eman zuen Manu Goioganak bertso eskolan izena. “Garbi daukat zer zen jakin gabe apuntatu nintzela, lagun batzuk apuntatu zirelako”, azaldu du Goioganak. Ordutik gaur arte bertsotan trebatzen jarraitu du.

Parte hartzen hasi zenetik txapelketaren formatua aldatzen joan dela aipatu du Goioganak, hasiera batean udaberriko sailkapen faserik egiten ez zela gogoratuz: “2007an adibidez denak zuzenean Udazkenean hasten ginen”. Apirilaren 25ean hasi zen Gipuzkoa Bertsotan eta 20 saiotan jokatuko da, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute. Manu Goiogana maiatzen 2an lehiatuko da Zaldibian. Igauri Lopetegi, berriz, maiatzaren 10ean Anoetan arituko da eta Jon Luzuriaga maiatzaren 10ean estreinatuko da Anoetan.

Lehiara aurkezteko erabakia

Manu Goioganak azaldu duenez bertso txapelketetara aurkeztea “gaztetatik bertsotan ari den norbaiten ibilbide naturala eta ia bakarra da”. Plazan aritu ahal izateko bideetako bat txapelketak direla aipatu du, eta beraz, inertziaz bertsolariak txapelketetan sartzen direla. “Heltzen joan ahala parte hartzeko erabakia era kontzienteagoan hartzen dugu, horrek dauzkan eragin positiboekin eta negatiboekin”, gaineratu du Goioganak. Igauri Lopetegi guztiz bat dator, Eskolartekoa amaituta, “bertsotan aritzeko lekurik gabe” aurkitu baitzen. “Azkeneko eskolartekoa aho zapore onarekin amaitu nuen eta nire buruari esan nion: orai bertsotan egitera”, azaldu du Lopetegik eta orduan esandakoa aurten beteko du. Igauri Lopetegik gaineratu du txapelketek plazan bertsotan aritu ahal izateko izen bat sortzeko lagungarriak direla, lagunartean aritzea baino zerbait gehiago bilatzen duten horientzat. Igarui Lopetegik aipatu duenez, “zure burua bertsolari gisa konfirmatzeko aukera sozial bakarra txapelketak dira”.

Beraz, Jon Luzuriagak eta Igauri Lopetegik helburu partekatuarekin eman zuten izena Gipuzkoako Bertsotan saiorako: bertsotan hobetzeko aitzakia izatea. Luzuriagak azaldu duenez, “txapelketa bertsotan aritzeko motibazio bat da, bertsoak beste era batera bizitzeko”. Igauri Lopetegirentzat txapelketa “ariketa jakin batzuetan pauso bat aurrera egiteko aitzakia ere izango da”. Manu Goioganak berriz, txapelketa bera izan arren, parte-hartzaile bakoitzak lehia oso era pertsonalean bizi duela azaldu du. “Gazteagoa nintzenean hil edo biziko zerbait balitz bezala hartzen nuen; orain beste lasaitasun eta helburu batzuekin ikusten dut”, azaldu du Goioganak.

“Heltzen joan ahala parte hartzeko erabakia era kontzienteagoan hartzen dugu, horrek dauzkan eragin positiboekin eta negatiboekin”

Manu Goiogana, bertsolaria

Txapelketaren prestaketak lan asko du atzetik. Igauri Lopetegi Jon Luzuriagaren irakaslea da astean zehar egiten dituzten bertso eskoletan. Dena den, Jonek txapelketarako prestatzeko asmoa adierazi zionean, Igaurik txapelketa bat prestatzeko adinako esperientziarik ez duela azaldu zion. Beraz, biak Egoitz Zelaiarekin ari dira lehiaketarako prestatzen, Igauri Lopetegik azaldu duenez, “berak txapelketa prestatzeko ariketa zehatzagoak ekartzen baitizkigu”. Horretaz gain, bakoitzak banaka etxean egiten duen lana ere sartzen da jokoan: errimak lantzea, gauzak oroitzeko estrategietan trebatzea eta bestelako ariketak eginez paper aurrean denbora pasatzea.

Helburu amankomunak

Sailkapen faseko norgehiagoka hasi aurretik, Txingudiko Bertso Eskolako hiru kideek sentimenduen nahastea dute barruan. Hirurak egutegian markatutako lehiaren data hurbildu ahala urduritu egingo direla onartzen dute. Jon Luzuriagak txapelketan saio duin bat eskaintzea bilatzen du, “bertso eskolan aritzen naizen moduan; ezinean eta arrastaka ibili gabe”. Igauri berriz, urduritasunak aldentzea lortu nahi duelarik, lehiatzeko uneari garrantzia kentzen saiatzen da. Helburuez galdetuta, lehen fasea gainditzea egingarri ikusten du, “nahiz eta txapelketari garrantzi handiegirik ez emateak helburu zehatzik ez finkatzea dakarren”.

“Nire lehen bertso lehiaketa da, beraz, esperientzia berri bat izango da”

Jon Luzuriaga, bertsolaria

Manu Goioganak aldiz, bakarkako helburuez gain, “helburu kolektiboa” ikusten du Gipuzkoa Bertsotan lehiaketan. Izan ere, Txingudi Bertso Eskolatik hiru pertsona lehiaketara maila duin batean aurkeztea lortu baitute. Manu Goioganak azpimarratu du txapelketa hasi ez bada ere, parte-hartze hori jada lorpen handia dela: “Irunabar sortu zenetik hemengo erakundeentzat existitu ez garelako: ez artean, ez kulturan eta euskaran gutxi”. Hurrengo helburua txapelketetan ahalik eta urrutien iristea izango da Txingudiko hiru bertsolarien jomuga eta, gainera, elkarrekin bada, hobe.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude