Eusliderrak izan dira eskolen arteko olinpiadetan hizkuntza-ohituren liderrak

Argazkia: Eskolen arteko Olinpiaden finala.

Hiriko ikasleek hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko beste aukera bat izan dute Eusliderrak proiektuaren bitartez. Oraingoan ere Irungo AEK euskaltegiko arduradunak bidelagun izan dituzte eta aurten, Korrikarik izan ez denez, eskola arteko Olinpiadak antolatu dituzte. Olinpiaden finala martxoaren 31n jokatu zen Uranzu pilotalekuan.

Eguzkitzako 3. DBHko ikasle talde bat arduratu da proiektuaren komunikazioa kudeatzeaz eta beraien esperientzia nolako izan den kontatu dute. Zehazki, Joana Dimitrovak, Olaia Verdascok, Amaia Lópezek, Aia Lekuonak eta Aiora Bordak osatu dute komunikazio taldea. Joana Dimitrovak beraien taldearen zereginak zeintzuk izan diren azaldu du: “antolatutako ekintzak komunikatzeaz arduratu gara, eskolatik kanpo ere ekintza honen berri emateko”. Hala ere, Eguzkitza eskolaren barnean proiektua gauzatzeko lan egin duten beste lantalde batzuk sortu ziren, esaterako, eskolako barne komunikazioko arduradunak, apainketa saila, sare sozialen kudeatzaileak eta jokoen antolatzaileak, besteak beste.

Hala ere, Eguzkitzako ikasleak ez dira izan aurtengo Eusliderrak proiektuan parte hartu duten bakarrak. Aia Lekuonaren hitzetan, “gure eskolan batez ere jardunaldiaren komunikazioarekin loturiko zereginez arduratu gara, baina beste eskola parte-hartzaileek ere beste antolaketa lan batzuk izan dituzte”. Beste eskoletan egindako lana azaltzeko, Amaia Lopezek aipatu du Toki Alaiko ikasleek jolasak antolatzeko “gogor” lan egin dutela. Eguzkitzako eskolako ikasleek adierazi dutenez, Euslider Olinpiadetan Eguzkitza, Toki Alai, Txingudi, El Pilar, San Vicente de Paul eta Hirubide ikastetxeek parte hartu dute. Eskola bakoitzak ardura propioak izan arren, guztien artean eraman dute aurrera 2023ko Eskolen arteko Olinpiden proiektua.

“Honelako ekimenek euskararen erabilera gustagarri eta dibertigarri bihurtzen laguntzen dute”

Joana Dimitrova, Eguzkitzako ikaslea

Eusliderrak proiektuan murgildu aurretik eskolako 4. mailako kideak, iaz Korrika Gaztea antolatzeaz arduratu zirenek, proiektua zertan datzan azaldu zieten hasiberriei. Amaia Lópezek adierazi duenez, “Olinpiadak antolatzeko ideia ez zen gurea izan, zuzenean AEK-ko kideek proposatu ziguten ideia hori lantzea, baina gu arduratu gara proiektua aurrera atera ahal izateko antolaketa lan guztiaz”. Aia Lekuonak gaineratu duenez, “eskolen arteko Olinpiadak antolatzea proposatu zigutenean ideia dibertigarria iruditu zitzaidan, gauza asko antolatu behar izatea suposatzen zuelako”.

Aiora Bordak nabarmendu duenez, “aukera polita izan da, proiektua guk nahi izan dugun moduan bideratzeko aukera izan dugulako”. Ikasleak azaldu duenez, AEK-ko kideen laguntzarekin, baina orokorrean ikasleek beren kabuz zuzendutako eta bideratutako proiektua izan da. “Irakasleek proiektu bat kudeatzen ari ginela bazekiten, baina ezer gutxi gehiago, beraz, gure kabuz egin dugu lan guztia”, gehitu du Amaia Lopez.

Ikasleak normalean eskolan sartzen diren une beretik irakasleen agindupean egotera ohituak daude. Euslider proiektuak, aldiz, lidergotza ikasleen eskuetan utzi du eta Olinpiaden proiektuaren jaun eta jabe izateko aukera izan dute. Horrek ere motibazio erantsia gehitu dio proiektuari. Dena den, Eguzkitzako komunikazio taldea osatu duten neskek onartu dutenez, ez zuten espero proiektuak hainbesteko lan karga eta buruhausteak eragingo zizkienik. Aia Lekuoaren hitzetan, “egia esan, ez nuen espero horrelako zerbait antolatzeak hainbesteko lana suposatuko zuenik, dena itxiagoa emango zigutela uste nuen”. Aiora Bordak erantsi duenez, “oso dibertigarria izan da guk geure ardurak kudeatu behar izatea, arazorik izatekotan laguntza izango genuela bagenekielako”. Horrela, eskola bakoitzean finalaurrekoak jokatu ostean, eskolen arteko Olinpiaden finala Uranzu pilotalekuan jokatu zen martxoaren 31n. Festa giroan DBHko ikasleek joko parte-hartzaileen lehiaz gozatu zuten, beren hizkuntza ohiturez hausnartzea helburutzat zuen jardunaldi batean.

“Aukera polita izan da, proiektua guk nahi izan dugun moduan bideratzeko aukera izan dugulako”

Aiora Borda, Eguzkitzako ikaslea

Gainera, Aiara Bordak azaldu duenez, proiektuan murgildu aurretik, “oso lagungarria” izan zaie aurreko ikasturtean Euslider proiektuan aritu ziren ikasleen esperientzia entzutea. Eguzkitzako ikasleak gaineratu duenez, laugarren mailako ikasleak hainbatetan hurbildu dira beraiengana laguntza eskaintzera edo aholkuak ematera. Beraz, hizkuntza ohiturez gain, ikasleen arteko harremanak ere indartu ditu proiektuak.

Hizkuntza ohiturak jokoan

Argazkia: Eskolen arteko Olinpiaden finala.

Euslider egitasmoaren helburua gazteen artean hizkuntza ohitura berriak sortzea da. Horrela, baliabideak eta erraztasunak emanez, euskara gehiago erabiltzeko aukerak eskaini nahi zaizkie ikasleei. Proiektuari ukitu dibertigarriak emanez, parte-hartzaileen interesetara egokitzen dira ekintzak, kasu honetan, Irungo eskolen arteko Olinpiadak antolatuz.

Joana Dimitrovak azaldu duenez, ikasleek ondo hartu dute euskararen erabilera sustatzearekin batera laguntasuna eta beste hainbat balio bultzatu dituen jardunaldi honetan parte hartzeko aukera. Amaia Lopezek azpimarratu du bereziki erakargarria dela ikasleentzat gauza horiek “modu dibertigarrian” lantzea. Gainera, Aia Lekuonak aipatu duenez, “kasu honetan gainera dena gure eskuetan utzi dute eta ardura hori izatea ere berezia izan da guretzako”.

“ Euskararen erabilera Euslider saioetara mugatu dela konturatu gara”

Aia Lekuona, Eguzkitzako ikaslea

Proiektuaren arrakastaz galdetuta, Olinpiaden antolaketa lanetan ikasleen hizkuntza ohiturak aldatzea lortu dela baieztatu dute ikasleek. “Bileretan euskaraz hitz egiten ahalegindu gara denak”, azaldu du Aiora Bordak. Hala ere, behin Olipiaden finala jokatuta eta proiektua amaituta, eskolan euskararen erabilera lehengoratu eta aldaketa gutxi ikusi da. “Euskararen erabilera Euslider saioetara mugatu dela konturatu gara”, aipatu du Aia Lekuonak.


Argazkia: Ezkerretik eskuinera, Joana Dimitrova, Olaia Verdasco, Amaia Lopez, Aia Lekuona eta Aiora Borda.

Hortaz, ikasleek hizkuntza ohiturak maizago eta era praktikoan, Eusliderren egin bezala, lantzeko beharra ikusi dute. Joana Dimitrovak adierazi duenez, “honelako ekimenek euskararen erabilera gustagarri eta dibertigarri bihurtzen laguntzen dute”. Aia Lekuonak bat egin du Joanak esandakoarekin: “euskararen erabilerak derrigorrezko zerbait izateari uzten badio, irakasgai bat balitz bezala, ikasleentzat erakargarriagoa izango da”. Era berean, Olaia Verdascok azaldu duenez, “ikasturtean zehar horrelako proiektu gehiago egitea gustatuko litzaiguke”.

Olinpiadak eta Euslider proiektuaren 2023ko edizioa amaituta, ikasleen eskaria argia da: horrelako proiektu gehiago nahi eta behar dituzte. Beraz, egitasmoak jarraipena badu, datorren ikasturtean beraiei egokituko zaie ikasle berriei harrera egitea, aurrerantzean hizkuntza ohiturak oharkabeko ohiturak izan ez daitezen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude