Euskarak buruzagi berriak ditu gazteen artean Euslider proiektuari esker

Euskarak lider berriak behar ditu egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko. Horretaz jabetu ziren aspaldi AEK-ko kideak, eta ikastetxeak abiapuntutzat hartuta, hizkuntza ohituretan eragiteko proiektua diseinatu zuten. Proiektu berria izan ez arren, argi geratu da oraindik fruituak ematen dituela. Izan ere, aurten bertan Irungo San Vicente de Pauleko, Eguzkitzako, Hirubideko eta Gazteluzarreko ikasle eta irakasleak inplikatu dira.

Irungo AEK-ko Beñat Altzagak azaldu duenez, orain dela 10 bat urte ikusi zen proiektu hau hasteko beharra. Abiapuntuak izan ziren euskararen normalizazio prozesuari jarraipena ematea eta Euskal Herri euskaldun bat lortzea. Hala, hizkuntza ohitura berrien sorrera bultzatzea lortu nahi zen. “AEK beti egon da kezkatuta euskararen erabilerarekin, gazteen hizkuntza ohiturekin eta euskararen kalitatearengatik”, adierazi du Irungo AEK-ko kideak.

Proiektuaren arrakasta bermatzeko ezinbestekoa izan da ariketa gauzatzeko adin talde egokiena aukeratzea. AEK EHUko psikologia sailarekin harremanetan jarri zen eta hizkuntza ohituretan eragiteko adin tarte aproposena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleena zela ikusi zen. Izan ere, psikologian adituek baieztatu zuten orduan hasten dela nortasuna eta hizkuntzekiko begirunea eraikitzen eta errotzen.

Bi ziklo, helburu bakarra
Euslider proiektuak helburu bakarra duen arren, bi fase edo ziklotan garatzen da. Beñat Altzagak azaldu duenez lehen zatian AEK-ko irakasleak dira 3. mailako ikasleen aurrean informazio emaileak. “Saio horietan datu soziolinguistikoak lantzen ditugu, esaterako, hizkuntzaren lanketaren garrantziarekin loturikoak, hizkuntzen ezaugarriak, hizkuntza gutxituak zer diren eta abar”. Informazio hori partekatzerakoan, oro har hizkuntza guztiek duten garrantziaz ohartarazi nahi dira ikasleak, ez soilik euskararen garrantziaz. Informazio saioen ostean ikasleek parte hartzea sustatuko duen edozein ekintza antolatu behar dute, beraiek antolatua baina parte hartze irekikoa izango dena. Aurten ikasleek Irungo Korrika Gaztea antolatu dute.

Julen Beltran Eguzkitzako ikaslea da eta hirugarren mailako ikaslea denez, proiektuaren lehen fasean parte hartu du. “Asko gustatu zait proiektu honetan parte hartzea, gauza asko ikasi ditugu eta talde lana oso garrantzitsua izan da”, azaldu du ikasleak. Julenen hitzetan oso proiektu dinamikoa izan da eta gainera, uneoro irakasleen laguntza izan dute eskura. Julen Beltranen ustez horrelako proiektuen bidez ikasleek gainontzeko ikasgaiek eragindako lan gainkargatik aldendu eta gauzak lasaiago lantzeko aukera dute. Aurten Irungo Korrika Gaztearen antolaketaz arduratu dira, talde lana ezinbestekoa izan den proiektuan.

Proiektuaren bigarren faseak, berriz, Euslider izenaren zergatia azaltzen du. Maddi Sanzek azaldu duenez, bigarren zati honetan ikasleek modu boluntarioan parte hartzen dute eta beraiek dira Euslider saioak zuzentzeko arduradunak, aurreko urtean ikasitakoaz baliatuz. “Oso polita da hirugarren mailako ikasleak laugarren mailara pasatzen direnean, eskolako nagusiak dira orduan, beraz, besteentzako erreferentzia gisakoak bihurtzen dira”, adierazi du Irungo AEK-ko Maddi Sanzek. Beraz, ikasleek beraien pareko erreferentzia bat dute. Beñat Altzagak gehitu du, “horrela sortzen da Eusliderra, hizkuntzen gaineko erreferentzia”.

Iraia Zapirain eta Edurne Alzaga Gazteluzar ikastetxeko 4. mailako ikasleak dira. Bi ikasleek baieztatu dute aurreko urtean Euslider proiektuko hartzaile izatetik aurten buruzagi izatera igarotzea aldaketa handia izan dela beraientzat. Edurne Alzagaren iritziz “laugarren mailan egonda eta gure parte hartzea aktiboagoa izan denez, orain ulertu dugu zein zaila den irakasle izatea”. Ikaskideen arreta eta interesa bereganatzea erraza izan ez bada ere, Iraia Zapirainek azaldu du, “aurten Euslider proiektuan guri transmititu ziguten informazio bera gure atzetik datozen ikasleei azaldu diegu”. Gainera, Iraiak azpimarratu duenez, “horrelako proiektuak oso interesgarriak dira, beti egiten ez diren gauzak direlako”.

Irakasleen babesa
AEK-ko kideen eta ikasleen inplikazioaz gain, ikastetxeetako irakasleek proiektuaren garapen egokia bermatzeko emandako babesa ere funtsezkoa izan da. Nerea Mitxeltorena Gazteluzarreko Hizkuntza Normalkuntzako Batzordeko kidea da. Mitxeltorenak adierazi du, Euslider bezalako proiektuak ezinbestekoak direla ikasleek gero eta gutxiago erabiltzen baitute euskara beraien harremanetarako. “Gainera, beraiei protagonismoa ematen zaie. Ikasleak ahalduntzen saiatu nahi genuen” , azaldu du Gazteluzarreko irakasleak. Hala ere, mailaren arabera, ikasleen jarrera proiektuarekiko guztiz desberdina dela azaldu du.

Oihana Amundarain Eguzkitza eskolako Hizkuntza Normalkuntzako arduraduna bat etorri da aurretik Gazteluzarreko irakasleak azaldutakoarekin. Amundarainek azaldu du ikastetxeetan euskara autoritateek, hau da, irakasleek, agindutako betekizun gisa ikusten dutela ikasleek. “Proiektu honen bultzatzaileak gazteak direnez, euskara beste bide batetik bultzatzen da eta euskara barruagotik sentitzeko aukera ematen die ikasleei”. Eguzkitzako ikaslearen ustez ikasleak gustura aritu dira lanean, bere hitzetan, “esperientzia polita izan baita eta euskararen bizipen positibo batekin markatuta geratu dira”. Izan ere, Oihana Amundarainek nabarmendu duenez, ikasleek Korrika Gaztearen inguruko ekintza esanguratsua prestatu dute.

Aurreratzean, beraz, Euslider bezalako egitasmoei esker hizkuntzekiko begirunea bestelakoa izango da. Jarrera aldatzea edo ez ikasle bakoitzaren hautua izango da, baina behintzat aukeraketa egiteko tresna eta informazio baliagarria izango dute eskura. Buruzagitza berriari esker, euskara indartzeko, maitatzeko eta sendotzeko jarraitzaile berriak irabazi dituelakoan, belaunaldi berrietan eragiten jarraituko du Eusliderrek.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude