Oiasso Museoak antzinako Egiptori buruzko hitzaldi bat antolatu du

Oiasso museoak, Europako Arkeologia Jardunaldien testuinguruan eta EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, «Tutmosis III.aren Milioika Urteetako tenpluko aztarnategia Luxorren: 2008-2021» izeneko hitzaldia eskainiko du, ekainaren 17ko 19:00etan, Myriam Seco Álvarez doktore prestigiotsuaren eskutik.

Aurten Tuntakamon faraoiaren hilobia aurkitu zuteneko mendeurrena betetzen da. Historiako aurkintza arkeologikorik handienetakoa izan zen. Hori dela eta, kultur erakunde asko urteurren hori ospatzeko askotariko jarduerak proposatzen ari dira. Oiasso museoa, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Antzinako Egiptori eta hilobien arkeologiari buruzko hitzaldi ziklo bat eskaintzen ari da urte guztian zehar. Aurreko martxoan emandako hitzaldiaren ondotik, Oiasso museoak ekainaren 17tik 19ra antolatzen diren Europako Arkeologia Jardunaldiak baliatu ditu zikloko hurrengo konferentzia antolatzeko.

Myriam Seco Álvarez Historiako doktorea, arkeologoa eta egiptologoa da. Sevillako Unibertsitateko Historiaurre eta Arkeologia Saileko irakasle elkartua eta Granadako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Marrazketa Masterreko irakasle gonbidatua da, bai eta Egiptoko arkeologiako tenplu harrigarrienetako baten indusketei buruzko Tutmosis III Temple proiektuko zuzendaria ere. Esperientzia handia du Egiptoko indusketa arkeologikoetan, eta gai horri buruzko artikulu eta lan ugari idatzi ditu.

Konferentzia Oiasso museoan izango da, ekainaren 17an (ostirala), 19:00etan. Sarrera librea da leku guztiak bete arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude