Oiasso eta Isis jainkosa egiptoarra

Pasa den hilabetean Dies Oiassonis erromatar jaialdia ospatu zen Irunen. Jende ugari gerturatu zen Junkal plazan Oiasso Museoak antolaturiko antzerki emanaldietara eta ez ziren gutxi izan gurekin afaltzera animatu zirenak Felix Manso eta Iñigo Lavadoren jatetxeetara.

Lehendabizikoarenean Ameriketako produktuen bitartez osaturiko menua dastatzeko aukera izan genuen. Bigarrenarenean, aldiz, erromatar garaiko errezeta eta elikagaiak berreskuratuz diseinaturiko plater sorta batez gozatu ahal izan zen. Jaialdiarekiko egin dugun balorazioa positiboa den arren, kontziente gara Dies Oiassonis-en aurtengo edizioak beste urte batzuetakoak baino izaera xumeagoa izan duela Covid-19aren aurka hartu beharreko osasun neurrien ondorioz. Esaterako, iaz bezala, aurten ere bertan behera utzi behar izan da jaialdiko jarduera garrantzitsuenetako bat: Isis jainkosaren itsasontziaren prozesioa edo Navigium Isidis festa, irundarren partaidetzarekin aurrera eramana. Ekarpen idatzi honetan, erromatar garaiko ospakizun honen inguruan arituko gara.

Erromatarrak betidanik hagitz jasanberak izan ziren konkistatzen zituzten herrien jainkoekiko, beti ere gurtza atzerritar haiek jainko erromatarrak errespetatu eta onartzen bazituzten. Egoera haietan gauzatzen zen elkartruke erlijiosoak aberastasun kulturala zekarren eta aldi berean herri ezberdinak inperioan sozialki egokitu zitezen errazten zuen. Navigium Isidis jaia integrazio honen adibidea da. Isis jainkosa egiptoarrarekiko gurtza zabaldua zegoen erromatarren artean K.a. I. menderako, indar handiagoa hartuz K.a. 30. urtean Oktavioren gudarosteek Egiptoko erreinua konkistatzean. Hamarkada batzuk geroago zenbait enperadorek, Kaligula tartean, bultzada galanta eman zioten aipaturiko jainkosaren gurtzari.

Egutegi erromatarrean jainkosa egiptoar honen jaiegun nagusia aipaturiko Navigium Isidis deritzona zen, martxoaren 5ean ospatzen zena. Data horretan Erromatik Ostiako porturaino prozesio bat egiten zen Isisen zilarrezko estatua bat garraiatuz. Helmugara iritsita, bertan zain zegoen fededunen eskaintzez beteriko ontzia itsasoan askatzen zen. Garaiko idatzi erromatarren arabera, itsas nabigazioa ez zen gomendagarria urteko zenbait hilabetetan, hortaz, azaro aldera ixten zen nabigazio sasoia -mare clausum-, otsaila-martxoa aldean atzera bueltan zabaltzeko -mare apertum-. Horrela, aipaturiko Navigium Isidis zeremoniak itsasoan ez nabigatzearen gomendioaren amaiera hurbila aditzera ematea zuen helburu, marinelei eta itsasoratu behar zuen bidaiari orori babesa ematea ere bilatzen zuelarik. Fededunek ere Isisen babesean aringarri bat bilatzen zuten bizitzako gorabeheretan zehar arriskurik pairatu gabe “nabigatzeko”. Ordea, gure artean erromatarrak eta itsasoa aipatzean burura lehendabizi etortzen zaiguna Neptuno da, hezetasunaren eta uraren jainkoa. Isisen antzera, Neptunok ere arrakasta handia zuen marinelen artean. Jainko honen omenez eginiko jairik garrantzitsuena Neptunalia delakoa zen, uztailaren 23an ospatzen zena, jarduera nagusia zezen baten sakrifizioa izanik.

Iturri falta dela eta, ezin dugu ziurtzat eman Antzinaroko Oiasso erromatarrean itsasoarekin loturiko Neptuno eta Isisen omenezko zeremonia erlijiosorik egiten zenik. Dena den, kontuan izan behar dugu Oiassoko itsas portua, Irungo Santiago eta Tadeo Murgia kaleetan topaturikoa, puntu garrantzitsu bat zela Kantauriko nabigazioan eta, ondorioz, txoko ezberdinetatik etorritako marinel eta bidaiarien elkargunea izanen zela. Laurogeiko hamarkadan, Higerreko Badian ur azpian agerturiko K.o. II-III. mende inguruko ontzi erromatar baten aztarnen artean, zenbait objektu topatu ziren, tartean Oiasso Museoan ikusgai dauden brontzezko lau jainko-jainkosen iruditxo: Minerva, Marte, Helios/Eguzkia eta Isis irudikatzen dituztenak hain zuzen. Kasu honetan jainkosa egiptoarrak koraza bat darama eta ezkerrerantz begira dago, burugaina ilgora dagoen ilargi batek apaindurik, ohikoa zen bezala. Momentuz Gipuzkoa mailan ez da jainkosa honen bestelako irudirik topatu, bai ordea Foruan. Udalerri bizkaitar horretako kobazulo batean dibinitate egiptoarraren aldaera bat aurkitu zen, “Isis Fortuna” deritzona, Bizkaiko Arkeologi Museoan dago ikusgai eta 2018an “Mulieres. Emakumeak Augusta Emeritan” behin behineko erakusketaren harira Oiasso Museoan izan genuen.

Heldu den urtera begira, beti ere osasun neurriek baimentzen badute, Dies Oiassonis jaialdia behar bezala ospatzea espero dugu, beste behin ere Isis jainkosaren prozesioaren bitartez Antzinaroko erromatarren Navigidum Isidis zeremonia gogoratuz. Bestela ere, ez ahantzi Oiasso Museoko ateak zabalik dituzuela.

Jokin Lanz

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude