Konpainia irundarrak hunkituta jaso du afizionatu mailako sarririk gorena, ia bi hamarkadako bidaia eta Ana Pérez sortzailearen ondarea gogoratuz
Iragan astelehenean, ekainak 1, Irungo Ezezagunok Antzerki Elkarteak bere historiako orrialderik garrantzitsuenetako bat idatzi zuen Méridako Antzoki Erromatarrean. SGAE Fundazioak antolatutako Max Sarien 29. edizioan, Gipuzkoako konpainiak 2026ko Afizionatu edo Gizarte Izaerako Max Saria jaso zuen. Epaimahai antolatzaileak taldearen ibilbide oparoa eta antzerkia integraziorako, jabekuntzarako eta aniztasun kognitiboa duten pertsonen adierazpenerako tresna bihurtzeko duen gaitasuna aitortu nahi izan du, baita interprete eta ikusle berriak hezten (ia bi hamarkadaz harrobi lanetan) egindako ekarpen eskerga ere.
Historia eta integrazioa
Proiektua 2007an jaio zen Irungo hirigunean, Udalak utzitako eraikin zahar bateko espazio batean, hiru adiskide eta profesionalen eskutik: Ana Pérez aktore eta zuzendaria (1959-2024), eta Miren Etxeberria zein Luisma Moreno, gizarte-integrazioaren eta arreta zuzenaren arloko adituak. Hirurek hutsetik eraiki zuten aniztasun kognitiboari Arte Eszenikoetan lekua aldarrikatzen dion amets hau, non Pérezek sormen kolektiboan oinarritutako eta benetako begirada artistikoa txertatu zuen, eta Etxeberriak zein Morenok gizarte-laguntza eta banakako jarraipen sendoa bermatu duten. Hasieratik gaur egunera arte, 40 aktoretik gora igaro dira euren tailerretik eta gaur egun 21 interpretek osatzen dute talde egonkorra, horietatik zazpi sortu zenetik bertan daudelarik. Konpainiaren izenari dagokionez, Etxeberriak gogoratu du “Ezezagunok” deitzen direla historian zehar aktore horiei mespretxuzko adjetibo eta irainak jarri zaizkielako, gizarteak pertsona horiek benetan nola diren ezagutu gabe.
Saria jasotzeak emozio kontrajarriak eragin dizkie egungo arduradunei; izan ere, deia jaso zutenean poztasun itzela sentitu bazuten ere, aldi berean tristura puntu bat izan dute, Ana Pérez lankidea 2024an zendu zelako eta une honetaz ezin izan duelako beraiekin batera gozatu. Hutsa handia den arren, Miren Etxeberriak eta Luisma Morenok argi utzi dute Anaren presentzia beti sentitzen dutela euren artean sorkuntza bakoitzean.
Galan zehar, bi arduradunek hitz batzuk irakurri dituzte saria jasotzeko unea borobiltzeko. Luisma Morenok hartu du hitza lehenik, esker onez eta hunkituta. Ana Pérez lankideari zuzendutako gutun ireki eta bihotzekoa irakurri du: “Ana maitea, nork esango zigun hau gertatuko zela 2000. urte aldera elkar ezagutu genuenean. Bidaia luze, bizi eta ederra izan da hona iritsi arte. Gaur Méridako antzoki erromatarrean gaude, Ezezagunok taldearekin Max afizionatu saria jasotzen. Eta, beste behin ere, antzerkia, agertoki zabal honetan, bizitzaren metafora gisa aurkezten zaigu; inor kanpoan ez uzteko bezain handia, zabala eta anitza dela erakutsiz”.
Miren Etxeberriak jarraipena eman dio diskurtsoari, begirada eta bihotza Anarengan jarrita: “Une honetan zuregan pentsatzen dugu, gaur gurekin egon ezin diren pertsona guztiekin batera. Pentsatuz nola gozatuko zenukeen une hau, nola biziko zenukeen eta zer-nolako indarra dagoen zuregandik guregan, gaur aitortzen den bide honetan”. Etxeberriak azpimarratu duenez, sari honek antzerkiaz hitz egiten du, baina baita pertsonez eta elkarrekin eraikitzen diren loturez ere: “Sari honek loturez, partekatutako prozesu eta une itzelez hitz egiten du; zerbaitetan sinesten denean eta denboran zehar mantentzen denean eraikitzen den guztiari buruz. Sagarra gurekin daramagu, bai. Gaur, espazio milenario honetan, gauza bakarra esan dezakegu: eskerrik asko eta gora Ezezagunok! Aurrera jarraituko dugu!”.
Antzerkia hazkunde pertsonalerako
Ezezagunok taldeak pedagogia egokitua garatzen du, ikuspegi terapeutiko konbentzionaletatik urrunduz eta antzerki teknikak hazkunde pertsonalerako zein ikusgaitasunerako erabiltzen ditu. Ia bi hamarkada hauetan dozena bat antzezlan estreinatu dituzte, klasikoen egokitzapenak zein sorkuntza propioak uztartuz, hala nola La verdadera historia de Romeo y Julieta, La paz y otras lunas edo Exacticamente diversa (Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin biran jarraitzen duena). Lan hauekin estatu mailako jaialdi garrantzitsuetan ibili dira (Girona, Getafe edota Almagro) eta sari ugari jaso dituzte, tartean 2025eko Juan Mayorga Sari Nazionalak edota Almagro, San Javier eta Ibi herrietako zuzendaritza eta antzezpen sariak. Luisma Moreno kodirektoreak azaldu duenez, euren helburu estrategikoa da antzerki inklusiboko zirkuitu espezifikoetatik harago joatea eta gainerako konpainiekin batera espazio berberetan lehiatzea, antzerkia gizartea eraldatzeko eta aurreiritziak apurtzeko tresna aparta baita.





