Alizia Txoperena Basque Country PSA Challenger 3k Squash Txapelketa hartu du Artalekuk

Euskal Herrian egin den Alizia Txoperena lehen emakumezkoen nazioarteko PSA txapelketa ospatu da Irungo Artalekuko squash pistetan. Txapelketan 16 jokalarik parte hartu dute, 10 herrialde ezberdinetatik etorritakoak. Nazioarteko txapelketa asteburu honetan jokatu da, Artaleku kiroldegian.

“Beste urrats esanguratsu bat eman dugu, klub txiki honek squasha eta emakumeengan egiten duen apustua behin eta berriz aldarrikatuz”, adierazi dute Lur-Alai Squash klubetik. Bestetik, squash zirkuito profesionalean sartzeak dakartzan ardurak eta ikusgarritasuna ere aipatu dituzte. Askok lortu ez duten maila eskuratzeak, itxaropenez bete eta etorkizunera begira jartzen gaitu, orain arte jarraitutako bideari eutsiz.

Klubetik azaldu dutenez, ohore handia izan da goi mailako squash jokalariak Irungo pistetan jokatzen ikustea. “Asko miresten dugu jokalariak txapelketa hauetara etortzeko egiten duten esfortzu izugarria”, azaldu dute Lur-Alai Squash klubetik. Era berean, Ambre Allinckx zoriondu dute txapelketan lortutako garaipenarengatik eta Franka Vidovic finalera iristeagatik.

Lur-Alai klubetik txapelketa aurrera eramateko antolakuntzan lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkiete. Bereziki, Alberto Ferreiro Europar Squash Federazioko epailea bertan izatea eskertu dute. Era berean, partiduak zuzenean YouTubeko kanalean bota ahal izateko aukera izan dute Pere Ortiz teknikari lanetan aritzeari esker. Azkenik, Irungo Udalaren, Gipuzkoa Kirola eta Euskadiko Squash Federazioarentzako esker hitzak izan dituzte jasotako babes ekonomikoarengatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude