Joan den asteburuan Hondarribian izandako Merka2dasoaren arrakastaren ondoren, asteburu honetan bigarren eskuko objektuen azoka Irungo Zabalgune Plazan lurreratuko da ekainaren 11ean, 10:00etatik 14 00etara. Merkatua bigarren eskuko objektuen salerosketaren ingurukoa izango da; egoera onean egon arren jada erabiltzen ez diren eta etxeetan lekua hartu besterik egiten ez duten elementu mota guztiak. Horrela, Merka2dasoa objektu horiei guztiei bigarren bizitza bat emateko aukera paregabea da.
Larunbatean mota guztietako elementuak saldu ahal izango dira, egoera onean egotearen baldintzarekin: kirol-materiala, jantziak, poltsak, jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, antzinako gauzak, etab. Salbuespen gisa, ez dago baimenduta stocketako material berria edo stocketatik datorren materiala saltzea, ezta espreski egindako eskulan edo bisuteria ere.
Aurreko edizioetan bezala, merkatuak postu partikularrak izango ditu, bai eta gordailua saltzeko gune bat ere. Bertan, salmenta-posturik ez dutenek produktuak utzi ahal izango dituzte, merkatuaren antolakuntzak berak sal ditzan.
Merkatuaren helburua hondakinen prebentzioa sustatzea da, armairu eta trastelekuetan ahaztuta dauden objektu eta materialei bizitza berri bat emanez. Gainera, Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerentearen arabera, “herritarrak sentsibilizatzeko eta jasangarritasunean aurrera egiten lagunduko duten ohitura onak sortzeko modu atsegin eta dibertigarria ere bada”.