Europan ongi errotutako bigarren eskuko produktuen azokek gurean ere gero eta arrakasta handiagoa dute. Duela bost urte Txingudiko Zerbitzuek lehenbiziko Merka2dasoa antolatu zuten. Aurtengo bigarren hitzordua uztailaren 20an izango da, Hondarribian.
Merka2dasoa azoka partikularren nahiz elkarteen parte-hartzeari irekita dago. Egoera onean dauden objektuak erosteko, saltzeko eta trukatzeko aukera dago; esate baterako, liburuak, arropa, bizikletak, jostailuak, apaingarriak eta beste hamaika gauza. Gero eta jarraitzaile gehiago dituen praktika da, onurak baizik ez baitakartza berekin batean: dagoeneko erabiltzen ez duten zerbaiten truke dirua jasotzen dutenentzat, gauzak oso merke erosten dutenentzat eta, oro har, guztientzat, gauzen bizitza luzatzen laguntzen duelako eta, ondorioz, zabortegira igortzen diren hondakinen bolumena murrizten delako.
Parte hartu nahi dutenek lehenik datu pertsonalak eta saldu nahi dituzten produktuen informazioa Txingudi Zerbitzuen web orrian (www.txinzer.com) eman behar dituzte. Guztira 40 postu egokituko dira inskripzioa egin dutenentzat. Azoka 10:00etatik 14:00etara zabalik izango da.
Gordailu-salmenta: saldu, bertan egon gabe
Merkatuaren egun berean, San Pedro kalean, gordailu-salmenta moldeko gune bat jarriko dute antolatzaileek. Bertan, herritarrek utzitako objektuak salduko dituzte azokako langileek. Gordailu honetan, azoka egunean 9:00etatik 10:00ak arte jasoko dira mota guztietako salgaiak, arropa izan ezik. Jabeek 14:00etarako hurbildu beharko dute bertara saldutako objektuetatik bildutako dirua eskuratzera.
Aurreko azokan 2.200 produktu saldu ziren
Joan den maiatzaren 25ean Irungo Zabaltza plazan burutu zen Merka2dasoaren aurtengo lehenbiziko edizioa. Bertan lortutako emaitzak oso onak izan zirela adierazi dute antolatzaileek, 2.200 produktutik gora saldu baitziren. Miguel Angel Muñagorri Txingudi Zerbitzuetako gerentearen aburuz “oso datu interesgarria da eta sendotu egiten du ekimen honen alde egiten dugun apustua. Merka2dasoa azokaren bosgarren urtea da aurtengoa, eta lehen ediziotik oso harrera ona izan du ekimenak. Garbi dago herritarrek interesa dutela, bai eta geuk ere, jarduera baliagarria eta pedagogikoa baita”.
Hurrengo hitzordua urriaren 4an Zabaltza plazan izango da.
Edozein informazio behar izatera, dei telefono honetara,
902 119 383. .