Parte hartze handia izan dute Serapio Mujika kaleko 8. zenbakian kokatutako Commerce Labean egindako lehen prestakuntza saioek. Tailerren arrakasta ikusita, Irungo Udaleko Hiri Bultzada eta Ekonomiaren Sustapeneko arloak tailer horien azaroko eskaintza zabaltzea erabaki du. Tokiko merkatariei alor guztietako prestakuntza ematen jarraitzeko asmoarekin, askotariko gaiak jorratzen dira saio horietan: alderdi teknologikoak, hala nola argazkigintza edo salmenta-puntuaren hobekuntza, barneko apainketa, erakusleihoen apainketa edo gaitasun pertsonalen alorreko gaikuntza.
Orain arte 7 ikastaro egin dira eta plaza ia guztiak bete dira horietan. Beraz, prestakuntza-eskaintza hau arrakastatsua izaten ari da Irungo merkatarien artean, beren negozioa eta jendaurreko arreta hobetzen jarraitzeko. Arloak nabarmendu du aise bete direla hasierako aurreikuspenak, hala jasotako eskariei dagokienez (70 inguru) nola orain arte egin diren tailerrek lortutako balorazio positiboei dagokienez.
Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Ekonomiaren Sustapeneko ordezkaria Commerce Laben izan ziren atzo, tailerretako bat bertatik bertara ikusten, zehazki, gabonetako espres paketegintzakoa.
Alkatearen hitzetan, «lehen prestakuntza hauen arrakasta ikusita, argi dago Commerce Laben aldeko apustuarekin asmatu egin genuela. Kontsumo-ohituren joera-aldaketak ikusta, Udalak ondo erantzun du, Irungo merkataritza atzean gera ez dadin. Gure merkatarien aldeko apustu irmoa egiten dugu, eta are indartsuagoak eta hobeto prestatuak egongo dira proposatutako tailerren harrera onari esker. Bide hori jorratzen jarraituko dugu, tokiko merkatarien eskutik, beren sektorean lehiakorrak izaten jarrai dezaten».
Prestakuntza-saioek helburu argi bat dute: tokiko merkatariei beren produktuak hobetzeko eta sustatzeko tresna eta gomendio berriak eskaintzea, kontsumo-ohituretan izandako aldaketei erantzuten jarraitzeko eta, horrela, sektoreko lehiakortasunari eusteko.
Horrela, Mario Echevarriak emandako gabonetako kanpainarako erakusleihoen apainketa tailerra eta espres paketegintzakoa azaroaren 11n eta 13an errepikatuko dira, hurrenez hurren.
Azaroko ikastaroen zerrenda
- Argazki-tailerra: Azaroak 4an eta 6an, 13:30etik 15:30era. Fernando Vergarak emanda, Prestakuntza teoriko-praktikoa argazkigintzari buruzko oinarrizko nozioak ikasteko eta Commerce Lab espazioan eskuragarri dauden ekipoak erabiltzeko. Argazki-tailerra jada betea dago.
- Giza faktorea merkataritzan: Azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, 13:30etik 15:00era. Merkatarien artean pertsonen arteko trebetasunak indartzeko, bezeroaren esperientzia hobetzeko eta tokiko saltokien arteko lankidetza sustatzeko ikastaroa eskainiko du Ibon Irastorzak.
- Erakusleiho apainketa gabonetako kanpainan: Azaroaren 11n, 13:30etik 15:30era. Gabonetako dekorazioan azken joerei buruzko hitzaldia emango du Mario Echevarriak, eta erakusleihoak urte sasoi honetara egokitzeko aholku praktikoak ere bai.
- Paketeria espres gabonetan: azaroak 13, 13:30etik 15:30era. Gabonetako kanpaina dela eta, bilgarriak eta paketeak aurkezteko modu berriak ezagutzeko tailer praktikoa eskainiko du Mario Echevarriak.
Bertako prestatzaileak
Fernando Vergara hainbat urtez argazkigintzan aritu ondoren, ekitaldietako irudiak islatuz, hala nola ezkontzak, jaunartzeak edo estudioko argazkiak eginez, gaur egun FdeFotoren bidez produktuaren argazkigintzari eskainitako lerro bat garatzen du, irudiaren bidez profesionalen eta enpresen negozioa bultzatzera bideratua, eta nabarmentzekoa da produktuetarako 360º argazkigintza, online salmentara zuzendua.
Ibon Irastorza publizitate eta marketin komertzialaren arloan 20 urte baino gehiagoko esperientziaren ondoren, gaur egun, Ibonek, Giza Faktorea proiektua garatzen du, ongizatearen psikologia bezalako alderdiak biltzen dituena. Kontsulta pertsonalaz gain, ikastaroak eta mintegiak egiten ditu enpresaren eta merkataritzaren eremuan giza faktoreari eta adimen emozionalari buruz.
Mario Echevarria barne-diseinu komertzialean esperientzia handia duen profesionala, erakusleiho-apaintzaile gisa. Era berean, nabarmentzekoa da erakusleihoen eta interiorismoaren esparruan ikastaro ugari eman dituela, eta Irungo saltokientzat hainbat gairi buruzko erakusleiho-apainketako ikastaroak ere bai, adibidez, Dies Oiassonis Erromatar Jaialdia egiten denean antzinako erroman oinarritutako erakusleihoak, edo, berriena, joan den maiatzean hiriak hartu zuen eskubaloiko Errege Kopako finalari lotutakoa.



