Irun Commerce Lab, hiriko merkataritza berritzeko gunea, inauguratu dute gaur

Irun Commerce Lab, hiriko merkataritza berritzeko gunea, martxan dago jadanik. Gaur goizean inaugurazioan izan dira Irungo alkate Cristina Labordak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Juan Carlos Abascalek eta Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzagak. Lokala Serapio Mujika kaleko 8 zenbakian dago. Scott & Irwin enpresak garatu du guneko teknologia, eta bisita gidatu bat eskaini die inaugurazio ekitaldian izan direnei, laborategia bertatik bertara ezagut zezaten.

Irun Commerce Lab erabilera anitzeko laborategia, merkataritzaren esparruan enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko topagunea eta esperimentazio gunea izango da; 200 metro karratu baino gehiago, bertako merkataritzak lanerako zentro bat izateko eta lehiakortasuna eta merkatua galarazten dioten formatu komertzialekin lehiatzeko.

Labordak azpimarratu duenez, “gaur oso egun garrantzitsua da hiriarentzat. Zentro honen inaugurazioa mugarria izango da hiriko saltokientzat eta are auzoentzat, guneari esker auzotar eta merkatariek harremanak estutuko baitituzte eta, horrela, kaleetako mugimendua bizitu eta hiriko merkataritza sustatuko baita. Udaleko kideok badakigu azken urteetan joerak aldatu egin direla kontsumo ohituretan, eta, horregatik, Irun Commerce Lab hiriko merkataritzaren sarea sendotu eta modernizatzeko jaio da, Irun tokiko kontsumoa berritzeko gune aitzindaria bilakatzeko”.

Abascalek adierazi duenez, berriz, “oso pozik nago Irunen hiriko merkataritza berritzeko gunea inauguratzen. Ekimen berritzaile bat da, hiri berritzaile batean, ondo ezagutzen dudana. Izan ere, Ermuko alkate eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Hirien Sareko presidentekide nintzela, hainbat ekimen berritzaile ezagutu nituen. Bada, horri esker, ikasi nuen zer-nolakoak diren administrazio elektronikoa eta gobernantza onaren bikaintasunaren Europako zigilua, eta, alde horretatik, Irun lider handia da. Bestalde, ekimen honek ekintzailetza sustatzen du, eta, besteak beste, erronketako bat hiriko merkataritza sendotzea izango da, Euskadiko, Espainiako eta Europako ia udalerri guztietan bezala. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzak Irunen diruz laguntzen dituen ekimenetako bat da hau, 500.000 euro jarri baititugu, eta ziur gaude Irunek bere buruari jarri dizkion helburuak lortzen lagunduko duela. Berrikuntza eta digitalizazioa, dudarik gabe, lagungarriak izan daitezke, eta Sailburuordetza poz-pozik dago laguntza emateagatik”.

Eguneratzea eta berritzea

Saltokiak inspiratzea eta beren negozioak fisikoki zein digitalki eguneratzea da helburua, eta, horretarako, eduki multimediako ekipamendu berrien abantailak erakutsiko dira, saltokiak egungo salmenta metodoetara egokitzeko eta lehiakortasuna handitzeko.

Lanen kostua 500.000 euro izan da, eta, irun.market proiektuaren esparruan, proiektuak 175.000 euro jaso ditu Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik, zeina Europar Batasunak finantzatzen duen NextGenerationEU funtsen bidez.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude