Irun Marketen kontsigna berriek online erosketak erosoago jasotzeko aukera eskainiko dute

Gaur aurkeztuko dira Irun Marketen plataformaren bitartez egindako online erosketak jasotzeko erabiliko diren kontsigna berriak. Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri-bultzadako ordezkariak kontsumo garai berrietara egokitzeko berrikuntza hau aurkeztu du. “30ak 20 berriak dira” lelopean, eta Irun Marketen Hilabetearen barruan burutu den ekimena da.

Hiri bultzada ordezkariak adierazi duenez, “Irun Marketen Hilabete honetan, Udaletik hiriko tokiko merkataritzari laguntzeko nobedadeak azaltzen jarraitzen dugu”. Kasu honetan, hiru hotz-kontsigna aurkeztu dituzte, hiriko merkatariei digitalizazio-prozesu horretan laguntzeko apustua eginez. “Beti egongo gara hiriko merkataritzaren eta ostalaritzaren ondoan, bertako ekonomiaren parte garrantzitsu bat baitira, horregatik ematen diegu bultzada eta babes berri bat, eta onena oraindik iristeke dago”, erantsi du Nuria Alzagak.

Herritarrek betiko saltokietan erosi ahal izateko eta erosketa hori nahi dutenean eta modu erosoan jaso ahal izateko, lehorreko eta hotzeko tiraderak dituen hiru kontsigna dira, eta Irun Market-en bidez erositako produktuak gordetzeko balioko dute.

Nafarroa hiribidean, MercaIrunen eta Hondarribia kalean egongo dira kontsignak, eta egun gutxi barru erabili ahal izango dira. Hasieran, online salmentarako Irun Market plataformari atxikitako saltokiek bakarrik erabili ahal izango dituzte; baina, geroago, hiriko saltoki guztientzat zabalduko da aukera hori.

Kontsignen funtzionamenduan

Honela izango da funtzionamendua: bezeroak online plataformaren bidez erosiko du produktua. Ondoren, merkatariak eskaera prestatuko du, eta Badoa zerbitzuak eramango du erosleak aldez aurretik aukeratutako kontsignara. Azkenik, bezeroak QR kode bat jasoko du, eta kode horrekin bere kontsigna ireki ahal izango du azpiegituran bertan aurkituko duen irakurgailuan.

Aipatzekoa da iazko urtearen amaieran berritu egin zela Irun.market webgunea. Plataforma berri horri esker, Irun Market online salmentarako tresna izateaz gain, hainbat multimedia-eduki dauzkan tresna ere bihurtu da dagoeneko, eta baita merkataritzarako tresnak dituen intranet bat ere hainbat esparrutarako (prestakuntza, jasangarritasuna…).

Deskontu-kodeak

Bigarren urtez jarraian, martxo osoan 30.000 euroko balioa duten deskontu-kodeak eskatu ahal izango dira online salmentarako plataforman erosketak egiten laguntzeko.

Kode horiek eskatzeko epea martxoaren 31ra arte egongo da irekita, eta Egoitza Elektronikoaren bidez eskatu ahal izango dira. Hiri-bultzada arlotik gogorarazi dute pertsona bakoitzeko kode bakar bat eskatu ahal izango dela. Eskaera egin ondoren, mezu elektroniko bat bidaliko da, eskatzaile bakoitzari dagozkion bost deskontu-kodeekin.

Bihar ostiralean, martxoaren 14an, postu bat jarriko da Hornidura Azokan, eta, han, bi langilek informazioa eskainiko dute Irun Market online plataformari buruz, eta deskontu-kodeak eskatzen lagunduko dute.

Jada maiatzaren 5etik ekainaren 15era arte, deskontuak trukatu ahal izango dira on line saltzeko plataformari atxikitako saltokietan, Irun.market-en. Nahikoa izango da erosketa egitea eta kontsumitzaileak trukatu nahi dituen kodeak sartzea. Deskontuak erabiltzeko unean kontuan izan beharrekoak:

Online plataforman (market place) bonu bat edo gehiago trukatzeko, erosketa saltoki bakar batean egin beharko da. Hau da, bonuak hainbat saltokitan erabiltzeko, erosketak bereiz egin beharko dira. Beraz, saski berean zenbait dendatako produktuak badaude, ezingo dira bonuak erosketa horretan erabili.

Deskontuak, gehienez ere, bost erosketatan erabili beharko dira, baina bonu bat baino gehiago (edo guztiak) erosketa bakarrean erabil daitezke. Deskontu bakoitzeko 30 €-ko gastua egin beharko du erosleak.

Prest da “Irun Commerce Lab”

Serapio Mujika kalean kokatutako “Irun Commerce Lab” tokiko merkataritzarako etorkizuneko berrikuntza-gunerako lanak amaitzear daude, eta lokalaren inaugurazioa datorren ostiralean, martxoaren 21ean, izango da. Balio anitzeko laborategi bat izango da, eta asmoa da merkataritzaren arloan enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko topagune eta esperimentazio-gune bihurtzea.

NextGenerationEU Funtsak

Gogoratu behar da Irun.Market merkataritzarako proiektuak, Europako Batasunak Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan (NextGenerationEU), finantzatua, digitalizazioan, lehiakortasunaren hobekuntzan eta inguruko saltokien jasangarritasun eta eraginkortasunean ardazten dituela bere ekintzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude