MercaIrunek premiazko konponbideak behar ditu merkatua garai berrietara egokitzeko

Mendibil merkataritza guneko sotoan kokatutako MercaIrun merkatura sartze hutsarekin, edonor ohartzen da merkatuak garai hobeak bizi izan dituela. Itxitako postuek eta oihalez estalitako erakustokiek apurka-apurka itzaltzen ari den saltokiaz ohartarazten dute. Bitartean, eguneroko zailtasunei aurre eginez, egungo merkatariek merkatua bizirik mantentzeko lan egiten dute egunero, beren produktuekin batera, bezeroak irribarre batekin agurtuz.

Txaro Arribas Bakailuak postuko saltzailea izateaz gainera, MecraIruneko merkatarien lehendakaria ere bada eta egun merkatuak bizi duen egoera aspalditik datorrela azaldu digu. “Aldaketa eta trantsizio garai batean gaude”, adierazi du MercaIruneko presidenteak. Merkatu hau 2000 urtean inauguratu zela gogoratu du, 38 posturentzako tokiarekin. Gaur egun ordea, postuen erdia bakarrik dago zabalik; gainontzekoak, berriz, itxita. Txaro Arribasek azaldu duenez, “duela 24 urte postuak ireki zituen jende askori erretiratzeko garaia iritsi zaio eta ez da belaunaldi berriekin erreleborik gauzatu”. Eta horrela merkatua egun bizi duen egoerara iritsi da. Are gehiago, Irunen Urantzu merkatuak bizi duen egoera antzekoa da ere.

Egungo merkatua ireki zenetik hiria eta erosteko modua asko aldatu dira. Txaro Arribasen hitzetan, “Irunek historikoki merkatu garrantzitsua izan du, baina gaurko egoera guztiz bestelakoa da, hiria eraldatu egin baita”. MercaIruneko lehendakariak azaldu duenez, merkatuak orain dozena erdi supermerkatu ditu inguruan. Irun ordea, ez da salbuespena; inguruko herriek eta hiriek bizi duten egoera antzekoa baita. Esaterako, Txaro Arribasek azaldu du Donostian La Bretxan ere merkatua biziberritzeko konponbideen bila dabiltzala, azken urteetan gertatutako beherakada eta aldaketei irtenbidea eman nahian.

Panorama aldaketaz gainera, merkatuen kokapenak eta ezaugarriek zerikusi handia omen dute. Txaro Arribas merkatariak adierazi duenez, “duela 25 urte merkatuak merkataritza guneen sotoetan kokatzea ideia ona izan zitekeela pentsatu zen, baina denborak erakutsi du erabaki okerra izan zela”. Hain zuzen ere, merkatuek kokapen berria behar dutela adierazi du merkatariak, ikusgarritasuna irabazi eta jendea erakartzea errazagoa izan dadin. Horretaz gain, azken hamarkadetan kontsumo ohiturak aldatu direla azaldu du MercaIrunero lehendakariak: “jada ez da erosten gure amonek egiten zuten bezala”. Izan ere, familiako kide ia guztiek etxetik kanpo lan egiteak erosketak egiteko denbora gutxiago baliatzea eragin du.

Konponbideak egon badaude

Beraz, egungo egoerara egokitzea eta berritzea dira aukera bakarrak. Txaro Arribasek azpimarratu du merkatuak gainazalera itzultzeari lehentasuna eman behar zaiola. “Beti esan dut merkatuak bizitza direla eta horrela izaten jarraitzeko leku atseginak izan behar dute, hiriko erdigunea izatera itzul daitezen”, adierazi du MercaIruneko lehendakariak. MercaIruneko presidenteak adierazi du bera ez dela merkataritzan aditua, baina 38 urte daramatzala merkatari lanetan eta bere esperientziak hori erakutsi diola. Gainera, erantsi du Irunek jada ez duela behar edukiera hain handiko merkaturik.

Hiri handietan zaharkituta geratu diren merkatu asko gune gastronomiko bihurtu dira, pintxoak dastatu eta eramateko prest dagoen janariaren eskaintza zabalerekin. Txaro Arribasek aldiz, ez du uste horrelako formatu batek Irun bezalako ezaugarriak dauzkan hiri batean merkatua berreskuratzea lortuko duenik: “ez gara etengabe turismo asko mugitzen duen hiria eta turistak dira horrelako eskaintzaren kontsumitzailerik behinenak”. Gainera, MercaIruneko lehendakariak aipatu du formatu berriko merkatu horietan gastronomia postuak nagusitu direla, merkatuko ohiko salmenta postuak kanporatuz. “Irungo merkatuan 100 urte inguruko historia duten postuak daude eta niri pena handia emango lidake horiek desagertzeak”, adierazi du Arribasek.

“Merkatuaren eskaintzak berezitua izan behar du lehiakorra izan dadin”

Txaro Arribas, MercaIruneko lehendakaria

Horren ordez, Txaro Arribasek uste du merkatua osatzen duten postuek eskaintza espezializatua izan behar dutela: “Merkatuaren eskaintzak berezitua izan behar du lehiakorra izan dadin”. Hau da, ez dio zentzurik ikusten edozein supermerkatutan aurkitu daitezkeen gauza berberak eskaintzeari. “Bertako produktuekin lan eginez edo aurkitzen zailak diren horiek eskainiz, merkatuak arrakastatsuak izan daitezke”, adierazi du MercaIruneko saltzaileak. Kalitate handiko produktuen eskaintzaz gain, orain egiten duten bezala, etorkizuneko merkatuek bezeroei tratu hurbila ematen jarraitzea ere funtsezkoa izango da.

Erosleen sostengua

Argi eta garbi, merkatariez gain, bezeroak dira MercaIrun bizirik mantentzeaz arduratzen direnak. Txaro Arribasek azaldu du erosleen artean ere nabaria dela merkatuaren egoerarekiko kezka. “Egunero galdetzen digute merkatariei postuen itxieraz, zalantzan ikusten baitute merkatuaren etorkizuna”, adierazi du Arribasek. Beraz, bezeroek ere merkatua berritzeko eta eguneratzeko beharra ikusten dute. MercaIrunek bezero fidelak ditu eta etorkizunean ere leialak izaten jarraituko dutela uste du Txaro Arribasek: “nire ustez etorkizunean horrelako saltokietan bezero kopuruak gora egingo du, produktu jakin bat bilatzen duen jendeak hemen aurkituko duelako”.

“Irungo Udalak merkatua mantentzeko duen borondatea oso garrantzitsua da”

Txaro Arribas, MercaIruneko lehendakaria

Hiriko agintariak ere egoeraren jakitun dira. Txaro Arribasek azaldu du udalak baduela martxan merkatuaren egoera aztertzeko plan bat. “Irungo Udalak merkatua mantentzeko duen borondatea oso garrantzitsua da”. Dena den, MercaIruneko lehendakariak gogoratu du merkatuak hausnarketen ordez ekintzak behar dituela eta horiek lehenbailehen iritsi behar dutela, beranduegi izan baino lehen. Izan ere merkatua guztiz hiltzen bada, zerotik hastea zailagoa izango dela uste du Arribasek.

Etorkizunaz galdetuta, Txaro Arribasek merkatuek etorkizuna badutela erantzun du, “etorkizun oparoa” gainera. Dena den, geroaz hitz egin ahal izateko egokitzapenak eta berrikuntzak lehenbailehen txertatzeko beharra ikusten du Arribasek. MercaIrunen gauza berriak probatzen hasi dira dagoeneko. Horretarako, Irun Market plataformaren bitartez erosketa online egin eta bizikletaz egiten den banaketa sistemaren bitartez etxean jasotzeko aukera eskaintzen dute. “Horrelako zerbitzu osagarriak oso garrantzitsuak dira gazte zein helduentzat, publikoaren beharretara egokitzeko aukera ematen baitute”, adierazi du merkatariak. Hortaz, hala nahi bada, Irungo merkatuek etorkizuna izango dute eta orain da hori ziurtatzeko neurriak hartzeko garaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude