Javier Sagarzazu, margolaria: “Koadro bat ez da inoiz amaitzen”

Javier Sagarzazu margolaria bere abiapuntura itzuli da. Otsailaren 20ra arte “Begirada bat denboran” erakusketa ikusgai egongo da Menchu Gal Aretoan. Izan ere, eraikin horretan bertan jaso zituen artistak bere lehen pintura eta marrazki eskolak. Erakusketan Sagarzazuren azken lanak 1960ko hamarkadako lehen sorkuntzen alboan ikusi ahalko dira.

Menchu Gal Aretoko bi gelak otsailera arte margolari Hondarribiarraren lanekin beteko dira. Guztira, hogeita hamar olio eta akuarela koadro bildu dira bertan, 1960tik aurrera artistak egindako beste lan batzuekin batera. Gainera, espazio horretan bi beira arasa jarri dira, eta haietan, beste lan batzuk ere ikusi daitezke, hala nola, Sagarzazuren bidaia koadernoak edo artistak bere bidean jaso dituen sari eta goraipamenak.

Miguel Ángel Páez Lehen Alkateordeak azpimarratu duenez, Javier Sagarzazuren lana Menchu Gal aretoan izatea “luxua da”. Lehen Alkateordeak azaldu duenez, “Sagarzazu izena ezinbestekoa zen horrelako instalazio batean, are gehiago kontuan hartuta Javierrek zer-nolako harremana zuen Menchu Galekin eta bertako beste margolari batzuekin, hala nola Montes Iturriozekin edo Gracenearekin”.

Erakusketa otsailaren 20ra arte egongo da ikusgai, ostiral eta larunbatetan, 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik erakusketa, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, ordea, aretoa itxita egongo da. Gainera, abenduko azken bi igandeetan zehar artista Menchu Gal aretoan izan zen erakusketa ikustera hurbildu ziren bisitariei bere lanen azalpenak emateko. Javier Sagarzazuk adierazi duenez, “bisita gidatuak ez zaizkit gehiegi gustatzen, nahiago dut nire erakusketetako bisitariekin lasai hitz egin”.

Bidasoako paisaiak nagusi
Erakusketa osatzen duten koadroen artean paisaiak nagusitzen dira. Javier Sagarzazuk erakusketaren aurkezpenean onartu duenez, “paisajista izango naiz beti, ez diot inoiz hemengo paisaiak margotzeari uko egingo”. Artistak irribarretsu azaldu duenez, erakusketarako bidean, Amuten gelditu eta padurak estaltzen zituzten lainoak margotzeko gogoarkin geratu da. Era horretan, koadro gehienetan Txingudi eskualdeko paisaiak dira nagusi. Esaterako, Junkal Eliza, Arma plaza, Hondarribiko gaueko margolan bat, Ondarraitz hondartza edo Higer lurmuturra Hendaiatik ikusia. Nolanahi ere, bazter ezagunen artean, Venezia, Madril edo Donostiako paisaiak ere ikusi ahalko dira.

Paisaiez gainera, Monet edo Velázquezi buruz Sagarzazuk egin dituen bertsio libreak ere eskaintzen ditu erakusketak, bai eta gaur egun bere ibilbide artistikoa osatzen duten beste adierazpen ez-figuratibo batzuk ere. Lanen artean, Cristina koadroa ere nabarmendu behar da, neurri handiko olio pintura (130×190 cm), San Telmo Museoak erakusketa honetarako utzia. VIII. BMW Pintura Lehiaketan saritu zuten lana, eta ohorezko aipamena jaso zuen 1993an, eta Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian erakutsi zuten.

Iraganera bueltan
Sagarzazu Menchu Gal aretoa hartzen duen eraikinera itzultzearekin bere hasierako puntura itzuli dela dirudi. Izan ere, 14 urte besterik ez zituenean eraikin horretan kokatutako eta “Sindi” izenez ezagutzen zen lanbide-hizketako eskolan ikasi baitzuen. 1953tik 1961era bitartean egon zen eskola hori Urdanibia plazako eraikinean. Bertan Sagarzazuk artearen inguruko lehen ezagutzak bereganatu zituen. Eraikina aipatu eta margolariak azaldu duenez, “hemen lankide bat ezagutu nuen, Felipe Iguiñiz, beste ikaskide askoren artean”. Javier Sagarzazuk garai hartako oroitzapen onak dauzkala adierazi du, adibidez Monolo Berroa edo Gaspar Montes maisuak ezagutzeko aukera izan baitzuen.

Menchu Gal, ordea, urte pare bat geroago ezagutu zuen. Sagarzazuk adierazi duenez, Menchu Gal ezagutzeak bultzada berri bat eman zion bere pinturari, orduan bere arte ezagutza oso oinarrizkoa baitzen. José Mensuro “Mensu” margolariaren bitartez Sagarzazuk Madrilen Hastapen Artistikoko ikastaro batean parte hartzeko aukera jaso zuen. 20 urte bete baino lehen, 1967. Urtean Lehen Sari Nazionala jaso zuen Madrilen “X. Arte Orientazio Ikastaroa” sariketan.

“Begirada bat denboran” erakusketaren inaugurazioa aprobetxatuz, Javier Sagarzazuk bere ibilbide osoan zehar familiarengandik jasotako babesa eskertu du, “babes hori oso garrantzitsua baita artistentzat”. Orain artistak 75 urte ditu eta margolariaren hitzetan, “erakusketa honekin nire bizitzako etapa bat amaitzen dut eta gauzak lasaiago hartu behar ditut orain”. Hala ere, indarrak falta ez zaizkion bitartean margotzen jarraitzeko intentzioa du.

Zentzu horretan, aurretik egindako lanak errepasatzea eta ukitu berriren batekin emaitza borobiltzea gustuko duela onartu du. Esaterako, erakusketan ikusgai dagoen Irungo udaletxearen obra amaitu gabe dagoela azaldu du, “ukitu batzuk” falta baitzaizkio. Sagarzazuk datozen bi urteetarako lanik falta ez zaiola azaldu du eta lanean jarraitzeko aukera hori bereziki eskertu du egun arteak pandemiaren ondorioz bizi duen egoera kontutan hartuta. “Garai zailak dira artearen munduarentzat, pandemiaren ondorioz arte galeria ugari itxi baitira”.

Erakusketak
Javier Sagarzazuk lehen erakusketa bere jaioterrian 1966an egin zuen. Harrezkero, banakako ehun erakusketa baino gehiago egin ditu, besteak beste, Hondarribian, Bergaran, Bilbon, Madrilen, Gasteizen eta Baionan, Miarritzen, Donostian, Iruñean, Ordizian, Valentzian, Zaragozan eta Zarautzen. Beronen, Caracasen edo Parisen ere erakutsi du, baita Bordelen, Londresen, Munichen edo Vienan ere, azken horietan “Cervantes Institutuaren” bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude