Fernando Vergara, Estudio Goverreko argazkilaria: “Argazkiak urtero hiriko festetan gertatzen denaren lekuko zuzenak dira”

Fernando Vergara Estudio Gover izenaren atzean ezkutatzen den argazkilari irundarra da. Argazkilaritzaren munduan murgildu zenetik San Pedro eta San Martzial jaiak iruditan biltzeko ahalegin berezia egin du, unean uneko irundarren emozioa bilduz. Aurtengo jai ezohikoen aurrean, urtero bezala argazki-kameraren konpainian hiriko kaleetara ateratzeko asmoa duela adierazi du.

Zeintzuk izan ziren zure lehen sanmartzialak argazkilari bezala?
2013. urtean nire estudioa ireki nuen eta urte hartako sanmartzialetan ibili nintzen lehen aldiz argazkilari bezala argazkiak ateratzen. Lehen urte hartan pentsatu eta urduritasuna gogoratzen dut, leku guztietan egon nahi nuen, ezer galdu gabe. Kantinera zein alardeko agintari guztien argazkiak atera nahi nituen, baina, batez ere, alardea barrutik bizi nahi nuen. Izan ere, San Miguel konpainian txiribitu bezala 20 urtez desfilatu nuen arren, ezinezkoa da gauza guztiak ikustea, adibidez, armen ikuskatze guztiak, bereziki atsegin dudan unea.

Zein da argazkilaritzak Irungo jaien barnean duen garrantzia?
Argazkiak urtero hiriko festetan gertatzen denaren lekuko zuzenak dira eta jende askoren oroitzapenak biltzeko gaitasuna dute. Zenbat elkarrizketa sortzen dira alardeko argazkien harira? Asko, izan ere, momentuak berpizteko ahalmena dute.

San Pedro eta San Martzial jaien barneko zein ekitaldietara hurbiltzen zara argazkilari girsa?
Festetako ekitaldi gehienetan parte hartzen saiatzen naiz, baina, ahalegin berezia egiten dut kantineren aurkezpenean , armen ikuskatzean eta alardearen egunean antolatzen diren ekitaldiak ez galtzeko. Izan ere, ekainaren 29ren bat galdu dut ezkontzaren batean lana neukalako, baina, hasi nintzenetik ez du San Martzial egun bat bera ere galdu.

Jai egun guztien artean, zeintzuk dira argazkiak ateratzeko gehien gustatzen zaizkizun momentuak?
Momentu guztiek berezitasunen bat dute, baina, armen ikuskatzea bereziki gustatzen zaidala onartu behar dut eta asko gozatzen dut konpainia guztien ikuskatzeetara hurbilduz. Lankide hugari elkartu ohi gara egun horretan ikuskatze eta oso ondo pasatzen dugu leku batetik beste korrika goazen bitartean. Orokorrean, Aitor (Lamia), Pilar Toro, Amanda, Maria (Aristi), Mikel Etxeberria, Joseba (Txingudi Online), Ricardo eta ni gara, besteak beste, ikuskatze guztietara hurbiltzen garen profesionalak.
Hortaz gain, ekainaren 30eko egun handia… Arrankada da nire ustez unerik hunkigarriena eta momentua iri- tsi aurreko uneetan ez dut argazkirik ateratzen. Kalean sortzen den isiltasuna entzutean oilo-ipurdia jartzen zait.

Erraza da urtero argazki ezberdin eta originalak ateratzea?
Zaila da argazki ezberdinak ateratzea, izan ere, argazkilari guztiak leku berdinetatik mugitzen gara eta une berean ateratzen ditugulako. Nire kasuan, azken urteetan zehar alardea bere osotasunean irudikatzeko apustua egin dut, hau da, alardeko agintariak, kantinerak, soldaduak eta, nola ez, espaloietan pilatzen den jendea.

Kantinera edo alardeaz gainera, jaien barruan bestelako uneei argazkiak ateratzeko apustua egiten duzu?
Aurretik esan bezala, kantinerei argazkiak ateratzeaz gainera, asko atsegin ditudan arren, jaia inguratzen dituzten gainontzeko gauzei garrantzia emateko ahalegina egiten ari naiz. Nire lankideekiko ezberdinak izango diren argazkiak ateratzen saiatzen naiz, bakoitzak bere estiloa dauka eta guztiak oso onak dira.

Urtero ekainaren 30ean ateratako argazkiak bideo batean bildu eta sare sozialen bitartez partekatzen ditut. Bideoak argi erakusten duenez, festaren inguruko pertsona eta une ezberdinei argazkiak egiten dizkiet eta kantinerei aterako argazkien bitartez bereziak diren uneak islatzen saiatzen naiz. Ez da erraza hau lortzea, baina ahal beste saiatzen naiz.

Nola erantzuten du jendeak urte bakoitzeko jaietan ateratako argazkiak erakusten dituzunean?
Ikaragarria da, jaien laburpen bideoa sare sozialetan argitaratzen dudanean urte osoan arrakasta gehien duen publikazioan bihurtzen da, gehien partekatzen den publikazioa da eta sekulako zabalpena izan ohi du. Egindako lana eskertzeko modu bat da, beraz, asko eskertzen da horrelako erantzuna jasotzea.

“Jaien laburpen bideoa sare sozialetan argitaratzen dudanean urte osoan arrakasta gehien duen publikazioan bihurtzen da”

Erraza da festetan zehar lan egitea, gainontzeko hiritarrak parrandan dabiltzan bitartean ?
Egindako lanak duen harrera ikusita, esker oneko lana dela esan dezaket. Egia da egun nekagarriak direla, goizeko 3 edo 4etan jaiki eta etxera berandu itzultzen garelako. Gainera, egunean zehar egun batetik bestera korrika ibili behar izaten gara, gainean pisu asko daramagun bitartean. Kalean lagun askorekin topatzen zara eta asko gustatzen zait sanmartzialetan argazkilari lana egitea.

Zeintzuk dira arrakasta gehien izan ohi duten argazkiak?
Batez ere kantineren argazkiak. Joan den urtean, adibidez, June Grijalba Artilleriako kantinerari Manolo tabernaren parean Eliza kalerako bidean ateratako argazkiak arrakasta itzela izan zuen. Zalditik jaiki eta ustaren eskumuturra altxatuz lagun eta senideak agurtu zituen. Keinu samur bat izan zen, baina, oso argazki polita gelditu zen.

Aurtengo jai egunetan argazkiak ateratzeko asmorik duzu?
Nire asmoa, irundar asko bezala, festetako arroparekin janztea da eta argazki-kamera nirekin eramango dut, izan ere, zeinek daki zer gertatu daitekeen ekainaren 30 ezohiko honetan.

Alarderik gabeko urte ezohiko honetan, argazkilaritzak balio berezia duela uste duzu?
Argazkilaritzak garrantzi berezia du beti, hau da, momentu berezietako irudiak gorde eta etorkizunean gogora ekartzeko aukera ematen du. Hortaz, ekainaren 30ean koadrilen arten egoera bereziak gertatu daitezkeela uste dut eta argazkilari gisa hor inguruan ibiliko naiz egoera ezohiko hori irudietan biltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude