Hemen Gaude proiektua Hego Amerikako euskal kultura bertatik bertara kontatzeko sortu da

Iñaki Goikoetxeak eta Maialen Lópezek Ozeano Atlantikoaren beste aldera eramango dituen proiektu berria dute eskuartean. “Hemen Gaude” izeneko elkarte eta egitasmoa abiatu dute Hego Ameriketako herrialdeetan euskaldun eta euskal kulturarekin lotura duten lekuak bisitatzeko. Bidaiak iraungo dituen 7 hilabeteetan zehar bikoteak sare sozialen bitartez partekatuko ditu bidean aurkitzen dituzten istorioak eta bitxikeriak.

Nola bururatu zitzaizuen proiektu hau martxan jartzea?
Iñaki: Mondragon Unibertsitatean Euskal Kulturaren Transmisioa izeneko gradu-ondokoa egin nuen. Master amaierako lan moduko bat egin behar zen eta horretarako Hemen Gaude izeneko proiektua garatu nuen. Hori izango da hurrengo 7 hilabeteetan egingo duguna, Ameriketako euskaldunen atzetik ibiliko gara eta elkarrizketak egingo dizkiegu. Beraz, gure proiektua “road trip” bat egitea izango da.

Proiektuaren funtsa euskal kultura eta Hego Ameriketakoaren arteko lotura azaltzea da, ezta?
Maialen: Euskal Herrian dauden txokoak eta gauza kulturalak ezagutzea gustatzen zaigu. Horregatik, han dauden Euskal Herriko gauzak ere ezagutu nahi ditugu. Gure proiektuak bi gauza horiek batzen ditu eta saiatuko gara hemengo jendeari hango gauzak hurbiltzen, Euskal Herriarekin lotura duten bitxikeriak ezagutarazteko.

Beraz, bidaia egiteko tokia ez duzue ausaz aukeratu?
Iñaki: Hori da, bilatu dugu zeintzuk diren Euskal Herriarekin lotura handiena duten herrialdeak, elementuak eta pertsonak. Guztira, 9 herrialde zeharkatuko ditugu. Argentinan hasiko gara, Txile, Uruguai, Brasil, Paraguai, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia. 25.000 kilometro baino gehiago egingo ditugu istorioak bilatu eta horiek partekatzeko.

Zergatik erabaki duzue proiektua sare sozialen bitartez zabaltzea?
Maialen: Orain arte dokumentazio guztia liburuetan dago, baina gazteek jada ez dituzte euskarri horiek erabiltzen. Hainbat sare sozial ireki ditugu ahalik eta pertsona gehienetara iristeko, adibidez, uste dugu Facebooken pertsona helduagoak aurkituko ditugula eta Tik Token jende gazteagoa. Bidaian zehar bideo txikiak igo nahi ditugu, informazioa pixkanaka zabaldu eta jendeak partekatu dezan.

Proiektuan euskarari ere lehentasuna ematen saiatuko zarete?
Iñaki: Esan behar da Hego Amerikako euskaldunak folklorearekin, musikarekin eta kulturarekin lotura estua duten arren, ez dela gauza bera gertatzen hizkuntzarekin. Batzuek euskara ikasten badute ere, orokorrean ez dute askok hitz egiten. Erronketako bat euskaraz hitz egiten duten euskaldunak aurkitzea izango da eta bestela, azpitituluak erabiliz moldatu beharko gara. Horrela, sare sozialetan ere euskarazko edukien zabalpena sustatuko dugu.

Bidaiak aurretik egin beharreko dokumentazio lana eskatzen du?
Iñaki: Hori da. Master baten amaierako lana da, beraz, 80 orrialdetik gorako lan bat dago honen guztiaren atzean. Hilabete batzuk daramatzagu egin beharreko aurreikuspen guztiak egiten, logistika kontuak antolatzen, elkarrizketak zehazten eta kotxearen bidalketa kudeatzen. Lana aurreratzen saiatu gara, baina bidaian zehar hurrengo hilabeteetakoa pixkanaka lotzen joan beharko gara.

Kotxea hemendik bidali duzue?
Maialen: Aukera egokiena eta ekonomikoena zein zen aztertu genuen eta azkenean, gure kotxea eramatea aukeratu dugu. Gurea denez aurretik ezagutzen dugu eta horrela nahiago genuen. Anberesetik atera den itsasontzi batean bidali dugu eta gu iritsi eta hiru egun geroago iritsiko da. Portuan jasoko dugu eta ideia da kotxe horrekin bidaia osoa egin ahal izatea.

Irunen jasoko al duzue proiektua aurrera ateratzeko laguntzarik?
Iñaki: Bai, horrelako beste bideo proiektuak egin ditugunean koadrila eta lagunak ere inguruan izan ditugu. Oraingoan elkarte bat sortu dugu proiektuak izaera formalagoa izan dezan. Lagun bakoitzak menperatzen duen gaiarekin lagundu digu, hala nola, marketina, teknologia berriak, kotxearen moldaketa, etab.

Erraza izan da proiektua aurrera eramateko diru nahikoa lortzea?
Maialen: Pandemia garaian bidai luze bat egiteko ideia bururatu zitzaigun eta orain arte aurrezten saiatu gara. Bi urtez aurrezteaz gainera, dirulaguntzen deialdietan aurkeztu nahi dugu proiektua eta laguntzaren bat jasotzen badugu ongi etorria izango da.

Aurretik ba al duzue jada antzeko proiektuak antolatzen esperientziarik?
Iñaki: Kanpoan bizitzen egon gara eta bestelako bideo proiektuak egin ditugu. Oraingoan aldiz, dena batera egingo dugu, kanpoan bizitzeaz gain proiektu guztia gure kabuz antolatu dugulako. Azken batean, guk nahi dugulako egiten dugun proiektua da, beraz, oso moldagarria da.

Zeintzuk dira bidaia hasi aurretik dauzkazuen sentsazioak?
Maialen: Nik hegazkina hartu eta Buenos Airesera iristeko gogo handia dut. Denbora asko eman dugu proiektua prestatzen eta benetan esperientzia bizitzen hasteko desiratzen gaude. Bolivia ezagutzeko gogo handia dut, bisitatuko ditugun herrialdeetatik ezezagunena delako eta han zer dagoen ikusi nahi dut. Beraz, bidaiak ekarriko dizkigun esperientzia guztiak bizitzeko gogoz nago.

Iñaki: Bidaia hasi aurreko azken prestaketetan zentratuta gaude orain: txertoak jartzen, dirua prestatu, eraman beharreko paper eta dokumentazioa errebisatzen, etab. Maletak egitea falta zaigu, batez ere eramandako guztia gero kotxean sartu beharko dugula kontuan izanda. Behin azken egitekoak amaitutakoan eta bidaia hasterakoan dena primeran ateratzea espero dugu.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude