Alkatea Alberto Martínez Osasun sailburuarekin bildu da hiriaren premiazko beharrak helarazteko

Cristina Laborda Irungo alkateak eta Nuria Alzaga lehen alkateordeak bilera bat egin dute Alberto Martínez Osasuneko sailburuarekin. Enkontru horretan, alkateak hiriak osasunaren arloan dituen beharrak helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzaren lantalde berriari, baita Udalak duela urte askotatik aurkeztu eta defendatu dituen askotariko eskaera eta konponbiderako proposamenak ere.

Labordaren hitzetan, «gure erantzukizuna da lan egitea fokua hiritartasunaren ongizatean jarrita, are gehiago Osasungintza bezalako gai batekin. Lehenengo bilera honek osasunean oinarrituriko akordio berriak eratzeko aukera da, horrela hiritarrek denboran zehar arrastaka daramaten beharrei erantzuna emateko».

Zehazki, alkateak azaldu duenez, «Eusko Jaurlaritzarekiko akordio ororen oinarria Plan Estrategiko bat egitea da, Osakidetzako profesionalekin elkarlanean eta erakundeen arteko adostasunarekin osatutakoa. Plan horrek bereziki landu beharreko puntu bat izan beharko luke: Lehen Mailako Arretaren hobekuntza, alkate gisa gehien kezkatzen nauen gaia, oraintxe bertan». «Bigarrenik», gaineratu du, «Oinaurren anbulatorio berri bat eraikitzea ere lehentasunezkoa da. Ez da kontu berria, eta aanbulatdostasun zabala daukagu. Berriz diogu espazio hau bihar bertan eraikitzeko moduan dagoela, hori ez da hiriko beste inon gertatzen, eta konponbidea emango lieke osasunarekin lotutako arazoei modu ezin bizkor eta eraginkorrago batean. Bestela, geroz eta gehiago luzatu, orduan eta okerrago egongo gara».

Era berean, alkatea prest agertu da Oinaurreko anbulatorioarekin batera osasun-arreta hobetzen lagunduko duten beste planteamendu berri batzuk ere aztertzeko. Edonola ere, argitu duenez, «proiektu horiek epe laburrean gauzatzeko modukoak izan behar dira. Esan dudan bezala, arazo hau ezin da betikotu, eta herritarrek erantzun erreal eta eraginkor bat merezi dute».

Amaitzeko, alkateak esan duenez, «bilera lasaia izan da. Etapa berri batean gaudela pentsatu nahi dut, egiteko modu berriak eta konponbide berriak ekarriko dituena. Izan ere, elkarrizketaren eta adostasunaren bidez baino ezingo dugu lortu hiriak merezi eta horren luzez itxaron duen akordioa».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude